«Pertsonaia bakoitzak bere irakaspena emango dio Zapotxini»

«Pertsonaia bakoitzak bere irakaspena emango dio Zapotxini»

Zapotxin urduri dago azken egunotan, Maripanpalona sorgina ezagutzear delako. Elkarrekin ez dute edabe magikorik egingo, ez eta erratz gainean hegan egingo ere. Maripanpalonak ez dio zapoekin hitz egiten irakatsiko Zapotxini, baina haren bihotza sorginduko du. Horixe du abiapuntu Zapotxin pailazoaren Baratxuri zoparen sekretua! ikuskizun berriak. Markel Oiarzabalek (Hernani, 2000) egiten du Zapotxin pailazoarena, eta kontatu du Baratxuri zoparen sekretua! ikuskizunak «sorginen ipuinetako irudia berreraikitzea» duela helburu. Horretarako, Zapotxinek hainbat pertsonaia izango ditu lagun: Maripanpalona sorgina, Kroketa Koketa sukaldari ospetsu eta baserritarra, Xerafino Bonbardino orkestra zuzendari itsua eta Amona Badalona goizero euskaltegira joaten den andre kataluniarra. Pertsonaiek baratxuri zopa bete lapikoren bueltan ezagutuko dute elkar. Otsailaren 1ean izango dira lehen bi emanaldiak, Hernaniko Biteri kultur etxean, 10:30ean eta 12:00etan. Sarrerak salgai daude dagoeneko Zapotxin.eus webgunean.

Nola otu zitzaizuen Baratxuri zoparen sekretua! ikuskizuna egitea?

Esan, galtzerdi maitea! ikuskizuna egin genuen iaz, eta bertan kontatzen genuen zenbateko garrantzia duen ingurukoen ahotsa entzuteak eta zapaltzen dugun lurra ezagutzeak. Euskal Herria sortu zutenei omenaldi moduko bat egin nahi izan genien ikuskizunean. Horretarako, hiru pertsonaia sortu genituen, eta haien bitartez kontatu genuen gure herriaren historia. Aurtengo ikuskizuna sortzen ari ginela, argi genuen iazkoaren bide beretik jarraitu nahi genuela eta Euskal Herrian pisua duen gairen bati heldu nahi geniola. Orduan, sorginei buruz egitea otu zitzaigun.

Zer-nolako sorginei buruz?

Ez genuen ipuinetako sorginez hitz egin nahi. Konturatu ginen Euskal Herrian sorginei buruz dakiguna nahi baino gehiago hurbiltzen dela sorgin klasikoetara, erratz gainean hegan egiten duten horietara. Orduan, zera esan genuen: «Sorginei buruz hitz egingo dugu, baina, horretarako, sor dezagun gaur egungo sorgin bat». Hala sortu genuen Maripanpalona sorgina. Kontua da Zapotxin irrikan dagoela Maripanpalona ezagutzeko, uste duelako erratz gainean hegan egiten eta zapoekin hitz egiten erakutsiko diola, baina Maripanpalonak zera esango dio: «Sorgin izaten ikasiko duzu, baina nire modura».

«Iazko ikuskizunarekin konparatuz, salto handia eman dugu aurten, bai kalitate aldetik eta baita ekoizpen aldetik ere»

Eta nola egingo du hori?

Maripanpalonak erosketa zerrenda bat emango dio Zapotxini, eta zerrendaren bitartez hainbat pertsonaia ezagutuko ditu: sukaldari ospetsu bat, itsua den orkestra zuzendari bat eta Kataluniatik Euskal Herrira euskara ikastera etorri den amona bat. Bakoitzak bere irakaspena emango dio Zapotxini, eta hala ikasiko du benetako sorgina izatea zer den.

Zer lezio jasoko du pertsonaia horiengandik?

Kroketa Koketa sukaldari eta baserritarrak erakutsiko dio Ilargiari begiratzen eta lurrak emandakoekin bere burua zaintzen. Xerafino Bonbardino orkestra zuzendari itsuak plazan jolasteko eta dantzatzeko hamaika modu erakutsiko dizkio, eta Kataluniatik Euskal Herrira euskara ikastera etorri den Amona Badalonak, berriz, familiarekiko eta euskararekiko maitasuna transmitituko dio.

Eta nondik dator Baratxuri zoparen sekretua! izena?

Baratxuri zopaz betetako lapiko baten bueltan gertatzen delako istorioa. Zapotxinek uste du edabe magiko bat dagoela barnean, eta istorioak aurrera egin ahala konturatuko da baratxuri zopa dela, herri guztiak batera jan dezan.

Otsailaren 1ean estreinatuko duzue ikuskizuna, Hernanin. Zer moduz zaude?

Ondo. Sentitzen dut urduritasuna, baina uste baino lasaiago nago. Aurten salto handia eman dugu, bai kalitate aldetik eta baita ekoizpen aldetik ere. Iaz hasi ginen honetan, hutsetik. Ez genekien Esan, galtzerdi maitea! ikuskizunak zer harrera izango zuen inguruan. Aurten estreinaldia Hernanin egiteak segurtasuna eta babes handia ematen digu, inoiz baino etxekoago sentitzen dugulako Hernani. Eragileak asko inplikatu dira, eta gurekin lan egiteko prest egon dira. Ikusi dugu badagoela saretzea herriko eragileen artean. Gogoz nago hainbeste lan eskatu digun lan hau jendaurrean erakusteko.

«Ziurrenik, inork ez zuen esperoko pailazo izateko ametsa egia bihurtuko nuenik»

Nolakoa izan da ikuskizuna sortzeko prozesua?

Zer gai landuko genuen erabakitzeko, ideia mordoxka bat bota genituen aurrena. Behin gaia erabaki eta gero, zer musika erabiliko genuen hasi ginen pentsatzen. Izan ere, kantu herrikoiak moldatzen ditugu gure ikuskizun gehienetarako, eta kantu horiek istorioan eragiten dute. Kantuak erabiltzen ditugu istorioaren gaineko azalpenak emateko, eta pertsonaiak ere kantuen eta istorioaren arabera sortzen ditugu, modu naturalean. Gidoi guztia prest dugunean, argia eta soinu efektuak prestatzen ditugu. Eta hala joaten gara ikuskizuna osatuz.

Esan duzu hutsetik hasi zinela iaz pailazogintzan. Nola iritsi zara honaino?

Txikitatik datorkit pailazo izateko nahia. Inguruko denek hori esaten didate: irakasle izan ditudanek, lagunek, etxekoek… Baina inork ez zuen esperoko nire txikitako amets hori egia bihurtuko zela. Beti gustatu izan zait antzerkiaren mundua, baina nerabezaroan oso lotsatia nintzen, isila. Garai hori pasatu zitzaidan, eta orduan ikusi nuen neure burua pailazogintzan sartzeko prest. Nik bakarrik egiteko gidoi bat idatzi nuen, eta hala hasi nintzen, poliki-poliki. Zorte handia dut, babes handia dudalako inguruan, eta horrek nolabaiteko koltxoi bat ematen dit bide honetan aurrera jarraitzeko.