Gipuzkoan lehenengoz atzeman dute Asiako txirla espezie inbaditzailea, Uraren Euskal Agentziak iragarri duenez. Oria ibaian izan da, Aginaga inguruan (Usurbil). Azaldu dutenez, 600 metroko tartean daude, baina zabalpen tartea hiru kilometrora handitu daitekeela ohartarazi dute. Aurrez, Undurragako urtegian (Bizkaia) eta Urrunagako urtegian (Araba) topatu dute espezie inbaditzaile horren presentzia.
Zebra muskuiluaren antzeko kasua izanda, Zebra Muskuiluaren Jarraipenerako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzordearen beste bilera bat deitu dute esku-hartzeak koordinatzeko. Uraren Euskal Agentziak adierazi duenaren arabera, zabalpena mugatzeko eta zati batzuetan txirlak ezabatzeko neurriak hartuko dituzte: eskuz ezabatzea, tratamendu kimiko eta termikoen bidez ezabatzea… Hala ere, adierazi dute sistema irekietan ez dutela tratamendu kimikorik egingo, ingurumen arriskuak direla eta.
Oria ibaiaren kasuan, lehenik eta «berehala», ikuskapenak eta mugaketak egingo dituzte, eta beste ibai eta ibar batzuetan ingurumen DNA teknikaren bitartez espeziea dagoen edo ez ikertuko dute. Bestalde, prebentzio eta kontrol neurriak ere hartuko dituzte, Orian bertan ez zabaltzeko, baina baita beste ibai batzuetara ez zabaltzeko ere.
Neurri horiek garrantzitsuak izango direla gogorarazi dute, azkar eta erraz ugaltzen den espezie bat baita, eta metro karratu batean 10.000 norbanako egon daitezke.