Bost urte kultura indartzen

Bost urte kultura indartzen

Duela bost urte sortu zuten Villabona-Amasako Sahrijai kultur elkartea. Herriko gazte talde batek abiatu zuen proiektua, gazteentzako kultur eskaintza indartzeko asmoz. Orain arte, musikaren inguruko egitasmoak antolatu dituzte Aljibea kultur zentroan: hain zuzen, kontzertuak egin dituzte hilabeteko lehen ostiraletan. Irune Alfonso eta Igor Fernandez aritzen dira antolakuntza lanetan, besteak beste, eta ontzat jo dute bost urte hauetan egindako lana. Urteurrena ospatzeko egitarau bat antolatu dute.

«Kanpoko jende asko etortzen da guk antolatzen ditugun gauzetara, eta lan ona eta txukuna egiten dugun seinale da hori», esan dute antolatzaileek. «Beraz, alde horretatik pozik gaude, baina egia da antolatzen dugun kontzertu motaren arabera herriko jendearen falta nabaritzen dugula askotan. Herritar askok izaten dute agendan apuntatua Sahrijai eguna, eta hori poztekoa da, baina gustatuko litzaiguke herritar gehiago animatzea».

Rise to Fall taldea, iaz, Sahrijai elkarteak antolatutako kontzertu batean, Villabona-Amasako Aljibean. NAGORE ARIN

Kultur elkarteak otsailaren 7an beteko ditu bost urte, eta festa bat antolatu dute ordurako. Hileko aurreneko ostiraletako ohiturari eutsita, kontzertuak antolatu dituzte urteurrena ospatzeko ere. Bi musika talde izango dira Aljibeko oholtzan: Zibilito Records eta Mr. Luken. Sarrerak aurretik erosi ahal izango dira, Kaori&Amlu saltokian eta Rbote tabernan, 5 euroan. Egunean bertan erosteko aukera ere izango dira, 8 euroren truke. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira.

Bezperan, Sahrijaia izeneko festa egingo dute, 18:00etan, Aljibean. Bost urteotan antolatu dituzten kontzertuen kartelekin erakusketa bat egingo dute egun horretarako. «Guztira 30 kartel ditugu, eta horietako bakoitzean bi edo hiru talde agertzen dira. Horrek esan nahi du 65-70 bat talde izan direla Aljibean Sahrijai sortu genuenetik», esan du Alfonsok. Erakusketa jartzeaz gain, bideo bat proiektatuko dute otsailaren 6an bertan, orain arte kontzertuetan grabatutako irudiekin. Antolatzaileek aurreratu dute jatekoa eta edatekoa ere prestatuko dituztela, baita «kontzertu sorpresa» bat ere. Egun horretan, gainera, biharamuneko kontzertuetako sarrerak jarriko dituzte salgai, eta, lehen aldiz, Sahrijai elkartearen merchandising postua jarriko dute.

Aljibearen handitasuna

Villabona-Amasako Udalarena da Aljibea. Garai batean, Subijana lantegiaren ur depositua izan zen. Lurpean dago, eta adreiluzko arkupeak ditu. Aljibea gunea gutxi erabiltzen zela eta, Sahrijai kultur elkarteko kideei egokia iruditu zitzaien han ekitaldiak antolatzen hastea. 2019an aurkeztu zioten proiektua udalari, eta, aurrekontua onartuta, elkartea ekitaldiak antolatzen hasi zen.

Alfonsok dio lekua txikia dela, baina daukan xarmak «handi» egiten duela. Gainera, elkarteak ekitaldiak bertan antolatzen dituenetik, Aljibea apainduz joan dira, «guneari argitasuna emanez». Sahrijairen logoa ere zintzilikatu dute aretoan. «Jendea sartzen denean, harrituta geratzen da, ez baitute espero Aljibea horrelakoa izaterik. Esaten digute argazkietan eta bideoetan handiagoa ematen duela, eta, iristen direnean, aho zabalik geratzen dira ikusita leku txiki honetan zer sortu dugun».

Alfonsoren hitzetan, elkarteak garrantzi berezia ematen die sare sozialei. «Sahrijai egun bakoitzean argazkiak ateratzen ditugu, jendeak ikus dezan zer den gure proiektua, eta musikariek eta ikusleek asko eskertzen dute hori. Musikariei, gainera, kantu bat grabatzen diegu bideoklip moduan, eta hori kultur espazio askok ez dute egiten». 

Proiektua zabaltzen

Antolakuntzari dagokionez, Fernandezek kontatu du talde txikitan antolatzen direla. «Adibidez, Aitorrek lotzen ditu kontzertuetarako musika taldeak, Irunek eta Nagorek ikus-entzunezko lanak eta sare sozialak kudeatzen dituzte, eta ni soinu teknikaria naiz. Barran aritzeko boluntarioak izaten ditugu, baita sarreran egoteko ere». Musikariak heltzen direnean, taldeko kideek afaria prestatzen diete, eta horrek «lana» duela gehitu du Alfonsok.

Fernandezentzat, «zaletasuna areagotzeko» eta «lagunekin musikaz disfrutatzeko» esparru bat sortu du Sahrijaik. Gainera, taldea «oso ondo» antolatuta dagoela dio. «Kide bakoitzak bere ardurak ditu, eta oso ondo funtzionatzen dugu». Bilerak egiten dituzte tarteka, eta, musikariak aukeratzeko garaian, «taldeko guztien gustuak» hartzen dituzte kontuan. Askotariko taldeak gonbidatzen dituzte Aljibera, ezagunak eta ez hain ezagunak.

Etxekalte musika taldea, iaz, Aljibean. NAGORE ARIN

Kontzertuetako musika generoa hilero aldatzen saiatzen direla adierazi du Alfonsok, eta «talde animatuak» gonbidatzen saiatzen direla. «Egia da azken bi saioetan talde lasaiak etorri direla, baina, hala eta guztiz ere, jende asko etorri da. Beraz, horrek ere ematen du zer pentsatua». Horrez gain, oholtzan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna izan dadin ahalegintzen dira.

Sarrerak, normalean, herriko saltokietan saltzen dituzte, eta, elkartekideen iritziz, baliteke horrek eragina izatea ikusle kopuruan: «Inguruko herritarrek askotan sare sozialetatik idazten digute sarrerak gordetzeko esanez. Gipuzkoako hainbat herritatik eskaera ugari jaso izan ditugu, baita Bizkaitik ere, eta urrutiagoko eskaera bereziren bat ere izan dugu». Sahrijai kultur elkarteko kideek uste dute proiektua indarra hartzen ari dela Tolosaldetik kanpo, eta «pozik» daude.

Egitaraua

 

OTSAILAK 6, OSTEGUNA

18:00. Sahrijaia. Pintxo-potea, eta zuzeneko kontzertu sorpresa, Aljibean.

OTSAILAK 7, OSTIRALA

22:30. Zibilito Records eta Mr. Luken artisten kontzertua, Aljibean.