Eskalatzeko topagune bat Bergaran

Bergarako Neska Eskalatzaileen I. Topaketak egingo dituzte igandean, Labegaraietako rokodromoan. Jolas giroan elkartu nahi dute, baita herriko emakume eskalatzaileen harremanak sendotu eta komunitatea indartu ere. Bergarako Pol-Pol mendi elkarteak antolatu ditu topaketok, eta udala izan du lagun. Herrian erreferente diren andrazko eskalatzaileak badirela ikusarazi nahi dute etzi. «Emakumeon eta kirolaren arteko harremana hausnarketarako gai da gutako askorentzat, eta Bergarako Udalak ere gai honi heldu nahi izan dio», esan du Maddi Mujika Pol-Pol elkarteko kideak. «Askotan zaila egiten zaigun plaza hau hartu nahi dugu, eta jai giroan eskaladaz gozatu». Goizeko hamarretan hasita, egun osoko egitarau bat prestatu dute antolatzaileek.

Behin parte hartzaile guztiak batuta, beroketa ariketak egingo dituzte, eta segidan hasiko dira eskalatzen. «Blokeak markatuta egongo dira, eta, horien barruan, bakoitzak nahi duen espazioa hartu ahal izango du», azaldu du Mujikak. 13:30 arte egongo dira eskalatzen eta jolasean, musika lagun, eta zerbait jateko tartea hartuko dute gero, nork bere etxetik eramandakoa gaienerakoekin partekatuta. «Helburua emakume eskalatzaileon komunitatea indartzea da, eta, horretarako, jolasa eta eskalada izango ditugu aitzakia». 16 urtetik gorako emakume eskalatzaileei zuzendutako saioa izango da, eta, parte hartzeko, beharrezkoa da izena ematea Labegaraietako rokodromoan, Agorrosin jarduera gunean edo antolatzaileek propio sortutako galdetegiaren bitartez.

«Askotan zaila egiten zaigun plaza hau hartu nahi dugu, eta jai giroan eskaladaz gozatu»
MADDI MUJIKA Bergarako Pol-Pol mendi elkarteko kidea

Mujikak adierazi du «beharra» sumatu dutelako antolatu dituztela topaketok. Izan ere, esan du Bergaran antolatu izan dituzten topaketetan «oso emakume gutxik» hartu dutela parte. «Guk badakigu herrian badaudela neska eskalatzaileak, eta orduan hasi ginen hausnartzen emakumeok zer dela-eta ez garen animatzen halakoetara». Antolatzaileek uste dute emakume asko eskalatzeko mailaren beldur direla, eta beste askok, berriz, gizonezko eskalatzaileekin alderatzen dutela beren burua. Hain zuzen ere, egoera hori iraultzeko prestatu dute etziko ekinbidea. «Emakumeoi askotan lotsa ematen digu rokodromokoa bezalako espazio bat hartzeak, eta gizonek plaza hartzeko joera handiagoa izaten dute. Horregatik antolatu dugu igandeko egitaraua, komunitatea sendotzeko garrantzitsua delako rokodromoan lasai ibiltzeko espazio bat sortzea».

Horrenbestez, herriko eskalatzaileei parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek. «Igandeko goiz pasa ez da txapelketa bat izango, elkar ezagutzeko aitzakia baizik, eta maila guztietako eskalatzaileentzako saltsa egongo da. Guk guretzat antolatutako jai bat da, eta erronkak asmatuko dituen taldea parte hartzaileen profil bertsukoa izango da».

Aurrera begirako urratsak

Eskalatzaileak diren emakumeentzat prestatu dute egitaraua, propio. Nolanahi ere, Mujikak aurreratu du badutela eskalada probatu nahi duten emakumeentzat jardueraren bat antolatzeko asmoa. «Kontziente gara emakumeok kirolarekin dugun harremanaz, eta, beraz, aukera zabalduko diegu eskalada probatu nahi duten herriko emakumeei». Ikastaro horiek ere 16 urtetik gorako lagunei zuzendutakoak izango dira, eta otsaileko eta martxoko asteburuetan egingo dituzte, bi astean behin. Antolatzaileek esan dute derrigorrezkoa izango dela ikastaro horietan aritzeko ere izena ematea.