«Oso zaila ikusten dut nire izaerarekin bat ez datorren musika egitea»

«Oso zaila ikusten dut nire izaerarekin bat ez datorren musika egitea»

Jabier Muguruza musikaria (Irun, 1960) 5 urterekin hasi zen eskusoinua jotzen, eta ez du musika alboratu harrezkeroztik. Les Mecaniciens eta Joxe Ripiau taldeetan aritu ondoren, bakarkako ibilbidea hasi zuen, eta ia berrogei urte daramatza ibilbide horretan. Literaturan ere badabil: haur literaturan. Umeentzako liburuak eta diskoak egiten ditu, eta horretan jarraitzeko asmoa duela dio. Zuzeneko kontzertuak albo batera utzi ditu orain, «eremu pertsonalagoak bilatzeko» asmoz.

Hartzen al duzu denbora atzera begira jartzeko?

Bai, hartzen dut, eta ariketa egiterakoan, beti bi ardatz nagusirekin topatzen naiz: hitza eta musika. Nire jardun guztietan azaltzen diren elementuak dira. Noski, nire musikagintzako ibilbidean musikak izan du nagusitasuna, nahiz eta hitzak ere izan duen garrantzia. Literaturan, alderantziz. Bi mundu horien inguruan sortu dut nire ibilbidea; beti egon naiz bietatik hurbil.

Bereizi behar diren kontzeptuak dira musika eta hitza?

Asteburu honetan, Juan Carlos Perezi elkarrizketa batean entzun diot Itoitz taldeko kideek musika izan dutela beti abiapuntu, betidanik musikari eman diotela garrantzi handiagoa. Nik uste dut bakoitzak bere joerak dituela, bere ohiturak. Ni hitzetatik abiatu izan naiz gehienetan, baina horrek esan nahi du garrantzi handiagoa ematen diedala hitzei? Ez dut uste. Niretzat musika ez da apaingarri bat, ez da hitzen laguntzaile bat, baina ni idazten hasten naiz lehenengo, eta ondoren dator pianoaren txanda.

1989an hasi zenuen bakarkako ibilbidea. Salto egin zenuen, baina bazenekien zer zeneukan aurrean?

Betidanik izan dut harremana musikarekin. Txikia nintzenean, Europa osoan zehar ibili nintzen eskusoinuarekin. Ondoren, hainbat taldetan hasi nintzenean, ikusten nuen bazegoela aukera bertan jarraitzeko eta musikarekin nuen harremana profesionalki garatzeko. Lehenengo lanak nire izenean atera nituenean, ikusi nuen bazegoela hortik bizitzeko aukera, baina betiere beste zerbaitekin osatuta: kolaborazioak eginez, klaseak emanez…

Lehen errazagoa al zen musika ogibide bilakatzea?

James Taylorrek duela bost urte inguru esan zuen gaur egun errazagoa dela musika sortzea, zabaltzea eta entzutea. Gure garaiko musikariek lehenengo ate hori irekitzea zailagoa zutela ere esan zuen, baina, behin irekita, hor geratzen zirela. Orain jende asko ikusten dut gauza asko egiten —askotariko gauzak, gainera—, baina uste dut orain ibilbide bat egitea zailagoa izan daitekeela. Guk, gure garaian, bagenekien musikatik bizitzeko aukera izango genuela, baina gaur egun hori jakitea oso zaila da.

Euskal Herritik kanpora ateratzeko apustua egin zenuen, ezta?

Horri dagokionez, binarismo argi bat zegoen gure garaian: alde batetik, ibilbidea Euskal Herrian garatzen zuten musikariak zeuden, eta, bestetik, kanpora joaten zirenak. Nik zortea izan nuen —bereziki, Katalunian—, lortu bainuen han publikoa biltzea. Disko bat ateratzerakoan, beti saiatu naiz Euskal Herrian kontzertuak egiten, nahiz eta askotan ez den errentagarria izaten. Inoiz pentsatuko ez nukeen tokietan jo dut Euskal Herritik kanpo: Japonian eta Marokon, adibidez.

Gustuko dituzu aldaketak?

Ez dut uste asko aldatu naizenik. Nire sorkuntza berdina izan da orain urte batzuetatik hona. Baina ni horrelakoa naiz. Oso zaila ikusten dut nire izaerarekin bat ez datorren musika egitea, bakoitzaren nortasunak asko markatzen baitu egiten duen musika. Halere, pandemia garaia gogorra izan zen. Garai horrek aldaketa bat eragin zuen nire barnean, eta lan egiteko modua ere aldatuz joan naiz azken urteotan. Zuzenekoak alde batera utzi ditut, eta grabaketetan eta sorkuntzan murgildu naiz.

«Norbaitek helduentzako disko bat ateratzen duenean, nonahi agertzen dira diskoari buruzko elkarrizketak eta albisteak, baina umeentzako egindakoa bada, ez da interes handirik izaten»

Txikitatik eskusoinua izan duzu lagun. Zer sentitzen duzu orain eskusoinua jotzean?

Eskusoinua oso instrumentu berezia da niretzat. Faktore afektiboak daude tartean: haurtzaro garaia, nerabezaroa, kantautore klasiko askoren ondoan egon naizenekoak… Oroitzapen asko ekartzen dizkit. Adibidez, oraintxe burutik pasatu zait Xabier Leterekin Oiartzunen egin genuen kontzertu bat. Erregistro erabat desberdin batean, beste hainbat talderekin ere jo izan dut eskusoinua: Zaramarekin, Kortaturekin eta Delirium Tremensekin, adibidez. Harreman berezia dut eskusoinuarekin; instrumentu berezia da.

Zergatik da instrumentu berezia?

Instrumentu gutxik ematen dutelako eskusoinuaren hauspoak ematen dituen baliabideak.

Zure ustez, eskusoinua trikitiaren itzalean bizi da Euskal Herrian?

Nik uste dut pendularra dela egoera; alegia, batzuetan eskusoinua trikitiaren itzalean egoten dela, eta beste batzuetan alderantziz. Nik eskusoinua ezagutu nuenean, jende askok jotzen zuen. Gipuzkoan eztanda handia egon zen. Irunen hamar edo hamabost irakasle inguruk irakasten genuen eskusoinua jotzen; ikasle asko izaten genituen. Egia da trikitia gero indar handiarekin sartu zela euskal musikan, baina, agian, hemendik urte batzuetara eskusoinuaren nagusitasuna berriro ikusiko dugu.

Jabier Muguruza hainbat musika taldetako kide izan da, nahiz eta bakarkako ibilbideari heldu izan dion. Joxe Ripiau taldearen sortzaileetako bat izan zen, esaterako. Irudian, Sergio Ordoñez, Iñigo Muguruza eta Jabier Muguruza Joxe Ripiau taldeko lehendabiziko kideak, 1997an. EUSKALDUNON EGUNKARIA

Haurrentzako musika eta literatura egin duzu. Zer dela eta?

Inoiz ez dut jakin hori ongi azaltzen, baina haurren gaia beti eduki dudan kezka bat da, izan nintzen Jabierrekiko kezka. Ez da kasualitatea nire lehen bakarkako diskoa eta liburua haurrei zuzendutakoak izatea. Hasieran, nire ibilbidea markatu duten bi ardatz nagusi aipatu ditut: musika eta hitza. Horiei biei beste bat gehitu nahiko nieke: inkontzientea. Izan ere, soilik icebergaren puntari begira bizi dira batzuk, ez dute behekoa ikusteko interesik. Baina ni ez naiz halakoa, inkontzienteari esker. Inkontzientean, haurrak protagonismo handia du, haurrak garenean garatzen baitugu hori.

Ez da erraza izango umeen mundu ikuspegia ulertzea.

Baina oso interesgarria egiten zait. Nire bilobekin jolasten ari naizenean, asko gustatzen zait makurtzea eta haien altueraren parean jartzea. Haien ondoan jartzen naiz, lurrean, eta haiek ikusten dutena ikusten dut. Prozesu interesgarria eta konplikatua dela iruditzen zait.

Eta prozesu zail horrek ematen al ditu fruituak?

Duela urte batzuk, Durangoko Azokan nengoela, guraso batzuk etorri zitzaizkidan, eta esan zidaten nire musika zela euren semea lasaitzen zuen gauza bakarra. Uste dut gaur egun umeak oso estimulatuta daudela, eta nik, kontrara, sosegua eta lasaitasuna bilatzen dut haiengan. Horregatik, guraso haiek niregana etorri eta hori esan izana ikaragarria da niretzat, oparirik onena nire lanarentzat. 

«Lan egiteko modua aldatuz joan naiz azken urteotan. Zuzenekoak alde batera utzi ditut, eta grabaketetan eta sorkuntzan murgildu naiz»

Zure ustez, haurrentzako musika gutxietsi egiten al da?

Bai, erabat. Asko aldatzen da egoera helduentzako disko bat ateratzean edo umeentzako bat ateratzean, bai entzuleetan eta bai komunikabideetan. Norbaitek helduentzako disko bat ateratzen duenean, nonahi agertzen dira diskoari buruzko elkarrizketak eta albisteak, baina umeentzat egindakoa bada, ez da interes handirik izaten; bigarren mailan jarri ohi dute. Nik beti egin izan dut horren kontra, eta maila askotako musikariez inguratuta egon naiz haurrentzako musika egin dudanetan. Esango nuke, gainera, literaturan gauza bera gertatzen dela, beste maila batean bada ere. Orain, adibidez, haurrentzako liburu bat prestatzen ari naiz, baina helduentzako testu luze bat egiteko asmoa ere badut, eta seguru nago helduentzako liburuak interes handiagoa piztuko duela, ez daukat dudarik.

Musikari handi askoren ondoan aritu zara lanean. Asko ikasi duzu?

Bai. Batzuk lagunak dira, eta ezagun asko ere baditut, uste baitut musika munduan oso azkar deitzen zaiola norbaiti lagun. Baina asko ikasi dut hurbil izan dudan jendearengandik, ofizioaren gaineko gogoeta sakon bat duen jendea baita. Martilloren esan bat datorkit burura: «Nik soilik euren egoa etxekotuta duten artistekin egiten dut lan». Esaldi hori giltzatuta gelditu zitzaidan. Egoa denok dugu, ez naiz zuriketetan hasiko, baina disparatua badago, hor dago arriskua. Jackson Browne, adibidez, izar bat da musika munduan, baina, era berean, oso pertsona umila da. Duela gutxi hitz egin genuen biok, eta euskaraz hitz egin zidan. Itzultzailea erabili zuen, noski, baina horrelako gauzek asko betetzen naute. Musikalki beti ikasten da, baina maila pertsonalean ikasten dena da balio duena.

Etorkizunari begiratzen diozu?

Etorkizunari buruz hitz egitea nahiko ausarta da. Nire asmoa umeentzako musika eta literatura egiten jarraitzea da, zuzeneko gutxi batzuekin. Zuzenekoak egiteko prestasuna giro intimoetan eta pertsonaletan izango dut, baina oholtzak alde batera uzteko ideiarekin jarraitzen dut. Proiektu berriei ere irekitzen dizkiet ateak; helduentzako egin asmo dudan liburuari, adibidez.

MOTZEAN

 

Disko bat?

Ez dira errazak izaten halako galderak, baina Itoitz taldearen disko bat aukeratuko dut; Alkolea, adibidez.

Eta kontzertu bat?

Viceko Mercat de la Musican [Herrialde Katalanak] Mikel Azpirozekin emandako kontzertua. Jackson Browne izan genuen ikusleen artean.

Non sentitzen zara erosoen: oholtzan ala estudioan?

Orain estudioan, baina urte askoan nahiago izan dut oholtza. Magia berezi bat dauka oholtzak, baina, era berean, nartzisismotik asko elikatzen da magia hori.

Idazteko lekuren bat?

Hiri handi bat esango nizuke, estimulu asko dituen leku bat. Oraintxe, oso pozik egongo nintzateke Parisko kaleetan idazten, baina nire etxean ere oso gustura nago.