Hernanin haurdunaldia eta erdiondoa lantzeko eta elkarrekin horri buruz aritzeko tailerrak egingo dituzte otsailaren 2tik ekainaren 18ra bitartean, Kulturarteko Plaza Feministan. Josune Martirena gorputz psikoterapeutak (Uitzi, Nafarroa, 1967) dinamizatuko ditu saioak, Marijo Artolarekin batera. Martirenak azaldu du askotariko gaiez arituko direla, hala nola umekiarekiko loturaz, erdiondoko emozioez eta guraso izatearen idealizazioaz. Asteazkenetan izango dira saioak, 17:30etik 19:30era. Gaur da izena emateko azken eguna, eta lau bide daude horretarako: Kulturarteko Plaza Feministara joanda, kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbidera idatzita, 943-33 70 17 telefonora deituta, edo Hernaniko Udalaren webgunean izena emanda.
Orain hamasei urte hasi zineten haurdunaldia eta erdiondoa bizitzeko tailerrak ematen. Zer dela eta?
Garai hartan, Hernanin behintzat, Osakidetzak haurdunaldiari begiratzeko zuen modua erditzera bideratuta zegoen, eta Osakidetzara jotzen zuten emakume haurdunak gaixotasun bat izango balute bezala artatzen zituzten: tartean behin joan behar izaten zuten askotariko probak egitera, ikusteko baldintza egokietan ote zeuden, bai tentsio aldetik, bai azukre aldetik, bai kilo aldetik… Horrez gain, erditzeari begira, nola erlaxatu lantzen zuten, eta prozesu hori zertan zetzan aipatu. Tailer hau sortzearen helburua zen erakustea haurdunaldia ez dela gaixoaldi bat, prozesu natural bat dela, eta, beraz, prozesu naturalaren gainerako alderdi guztiak gehitu behar dizkiogula anbulatorioan eskaintzen duten horri. Horixe izan zen abiapuntua.
«Inportantea da haurdun dagoen emakumearekin dagoen hori oso presente egotea prozesu osoan, bestela ez baitu zentzurik»
Nola lantzen duzue hori tailerretan?
Saiatzen gara azaltzen zertan datzan haurdunaldia. Informazioa ematen diegu: zer garai dauden haurdunaldian, hiruhileko bakoitzean zer aldaketa gertatzen diren… Haurdunaldi garaiari buruz ez ezik, erditzeari buruz ere hitz egiten dugu, baita erdiondoari buruz ere.
Halere, arreta ez duzue soilik haurdun dagoen emakumearengan jartzen.
Umekian ere jartzen dugu. Erakusten saiatzen gara haurdunalditik bertatik lantzen has daitekeela umekiarekiko lotura; alegia, lotura hori lantzeari ez zaiola egiten erditu eta haurra besoetan hartzen dugunean. Horren kontzientzia hartzea eta lantzea ere bada tailerraren helburuetako bat.
Amak umekiarekin duen loturaz ari zara?
Bai umekiak amarekin duenaz, eta baita aitarekin, edo beste amarekin edo beste bidelagun batekin duenaz ere. Inportantea da haurdun dagoen emakumearekin dagoen hori oso presente egotea prozesu osoan, bestela ez baitu zentzurik. Haurdunak bikotekidearekin, lagun hurbil batekin edota gurasoekin duen lotura lantzen ere saiatzen gara, denek parte hartzen baitute haurrarekin sortzen den lotura horretan. Horretarako, oso garrantzitsua da komunikazioa. Izan ere, helduen arteko komunikazioa batzuetan ez da oso eraginkorra izaten, eta are gutxiago estres egoeretan. Orduan, komunikazioaren alderdi batzuk ere lantzen ditugu tailerrean, komunikazioa hobetuz joan ahal izateko. Haurraren garapena ere lantzen dugu, hala haurdunaldian nola erdiondoan. Garapen horren arabera, umearen beharrak ere aldatu egiten dira.
Zer behar, adibidez?
Erdiondoko loa. Haurren lo zikloa eta helduena oso desberdinak dira, eta desfase handia sortzen da. Horri buruzko informazioa ere ematen dugu: nola bideratu bat ez etortzeak, zerk laguntzen duen prozesuan, zerk oztopatzen duen… Hori, loarekin lotuta. Garapen fisikoa ere lantzen dugu.
Emozioak ere landuko dituzue.
Bai. Haurraren segurtasun sentimendua nola indartu, adibidez. Haur jaioberri bat segurtasun gabeziaz beteta egoten da, oso zaurgarria baita: ezin du ezer egin, eta erabateko menpekotasuna du.
«Haurren lo zikloa eta helduena oso desberdinak dira, eta desfase handia sortzen da. Horri buruzko informazioa ere ematen dugu»
Nola indartu beharko litzaioke segurtasun sentimendua?
Segurtasun sentimendu hori barneratuz joan behar du kanpotik jasotzen duen zaintzaren bidez. Hori nola egin ere lantzen dugu tailerrean. Halere, gurasoek prozesu horretan bizitzen dituzten emozioak ere lantzen ditugu, klase guztietakoak baitira: eramanerrazak dira batzuk, baina badira beste emozio batzuk intentsitate handiz bizitzen direnak. Inportantea da emozioei lekua egitea, zerbait adierazi nahi baitigute. Orduan, sentimendu horien muinerako hurbilpen bat egiten dugu guk, kontuan izan behar baita tailer honek epe bat duela, otsailetik ekainera, eta hurbilpen bat baino ezin dugu egin gai horietan guztietan.
Haurdunaldia idealizatzeaz ere arituko zarete.
Bai. Tailerrera etortzen diren helduek zenbait espektatiba egiten dituzte guraso izateari buruz. Hasieran, zera galdetzen diegu: «Badakizu zer espero duzun haurra jaiotzen denean sortuko denari dagokionez?». Batzuek baietz esaten dute, eta besteek ezetz. Lanketa baten bitartez, ideia batzuk ematen ditugu, kontzientzia hartzen laguntzeko. Zaintzaren bitartez, lur hartzen lagunduko diegu tailerrera etortzen direnei.