«Liburu denda bat ixtea ez da negozio bat ixtea soilik: zer galtzen den ikusi behar da»

«Liburu denda bat ixtea ez da negozio bat ixtea soilik: zer galtzen den ikusi behar da»

«Hontzaren itxierak izugarrizko pena ematen dit. Lagun liburu denda itxi izanak ere eman zidan». Horiek izan dira Idoia Santamaria itzultzaileak (Donostia, 1962) kazetariarekin elkartu bezain laster esan dituen hitzak. Liburu denda txikiek sortzen duten unibertsoan murgiltzea gustatzen zaio, arratsaldea liburu artean pasatzea, eta esan du denda handiek ez dutela halako unibertsorik sortzen.

[articles:2136725]

Zergatik egiten duzu liburu denda txikietan erosteko hautua?

Niretzat, liburu dendak ez dira joan eta aurrez erabakitako liburu bat erostea. Hori ere egiten dut, noski, baina liburu dendetatik gehien gustatzen zaidana ideia jakin bat izan gabe joatea da. Batzuetan, zerbait ikusten duzu, eta horrek beste zerbait gogorarazten dizu, edo han norbaitekin topo egin eta liburu baten inguruan hitz egiten dizu, eta hori aldatzen ari da.

Zertan nabaritu duzu aldaketa?

Orain, liburu denda askotan —handienetan, batez ere—, dendariek ez dituzte liburuak ondo ezagutzen. Liburu denda txikietan hori oso ondo zaindu izan dute. Alegia, liburuak saltzen ari direnek asko dakite liburuez, eta hori izugarri eskertzen da; ez bakarrik aholkuak ematen dizkizutelako, baizik eta jende horrengandik ikasi egiten delako. Kontua ez da han topatzen duzun liburua bakarrik: hori sortzeko dagoen humus guztia da.

«Orain, liburu denda askotan —handienetan, batez ere—, dendariek ez dituzte liburuak ondo ezagutzen»

Zer esan nahi duzu humus hitzarekin?

Oinarri kultural bat izatea. Liburu dendek oinarri hori elikatu dute, eta, gainera, zalapartarik sortu gabe. Pixkanaka egiten da. Pasio hori elikatu egin dute beti, eta hiritarrak erakarri dituzte.

Zeuk online ere erosten dituzu liburuak?

Erosten ditut, bai. Itzultzailea naizenez, beste hizkuntza bateko liburuak irakurtzen ditut. Liburu denda txikien bidez lortzen saiatzen naiz, baina zaila izaten da haientzat ere dena izatea. Beraz, horrelakoetan online erosketara jotzen dut. Eta oso ongi iruditzen zait aukera hori ere egotea, baina hori erosketa bat da, gauza puntual bat. Liburu dendetara, berriz, zer dagoen ikustera joaten naiz.

Liburuak kontsumitzeko modua aldatu egin da.

Gaur egun, jada ez dugu hainbeste hitz egiten liburuak irakurtzeaz, kultura kontsumitzeaz baizik, eta espresio horrek berak ere badio zerbait. Nik beti pentsatu izan dut Hontza eta Lagun bezalako liburu denden meritua ez dela izan gizartera begira egindako lana bakarrik; klasiko asko dituzten dendak izan direlako ere bada.

Kulturalki, zer esan nahi du horrelako liburu denda bat ixteak?

Galera oso handia da, baina ez da bat-batean nabarituko. Horrek oraindik arriskutsuagoa egiten du; izan ere, galera badela denborak erakusten du. Horien ordez sortzen ari diren makrodendek —bai fisikoak, bai online dendak— ez dute zerikusirik aipatutako humus horrekin. Saltzera daude bideratuta, kultura kontsumitzeak suposatzen duen horretara. Horrek ez du inurri lana egiten. Beste negozio bide bat da; gehienak bestsellerrera bideratuta daude. Kontziente izan behar dugu liburu denda bat ixtea ez dela negozio bat ixtea soilik: zer eta zenbat galtzen den ikusi behar dugu.

«Galera oso handia da Hontza ixtea, baina ez da bat-batean nabarituko: galera badela denborak erakusten du»

Uste duzu etorkizunean liburu denda txikiak desagertu egingo direla eta makrodendetan erostea besterik ez dela geratuko?

Ez dut baietz esan nahi, baina pista guztiek horra garamatzate. Badirudi hori gertatuko dela. Jada ari da gertatzen. Orain arte denda txikiak erresistentzia gune bezala ikusi ditut, zentzurik onenean esanda, baina horiek desagertuz doaz, eta iruditzen zait oso zaila dela horrelako beste zerbait sortzea.

Itxaropenik ba al duzu?

Pentsatu nahi dut atzetik datorren norbaitek horri helduko diola, Donostian Kaxildak egin duen bezala edo Iruñean Katakrak-ek.