Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak gaur zortzi ekin zioten Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketari. Txapelketak hamabosgarren aldia du aurtengoa, eta inoiz baino kirolari gehiago ari dira parte hartzen. 34 lagun ari dira, eta horietatik lau emakumeak dira. Urtarrilaren 28an egin zuten txapelketaren aurkezpena, Zarautzen, eta, hain zuzen, han izan zen lehen jardunaldia.
Hainbat lagun izan ziren aurkezpenean, hala nola Mikel Merino eta Amaia Zendoia Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak, Juan Carlos Etxeberria Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko zuzendari teknikoa, Marta Pastor Foru Aldundiko Kirol zuzendaria eta Inaxio Illarramendi Zarauzko Kirol zinegotzia. Haiez gainera, txapelketan parte hartzen ari diren Haritz Lertxundi, Lorea Iribar, Leire Esnal, Leire Troitino eta Luis Zulaika pilotariak ere izan ziren agerraldian. Aurkezpenean esan zuten «osasuntsu» dagoela Pilota Egokituko Txapelketa, urtez urte pilotari gehiagok egiten baitute parte hartzeko urratsa. Aurten, esaterako, iaz baino hiru gehiagok hartuko dute parte. Gainera, Zendoiak zehaztu du joan den urtean izena eman ez zuten bost pilotari gazte arituko direla. Merinoren ustez, elkarteen lan «ona» erakusten du horrek.
«Sasoiko sentitzen naiz, hanketatik ondo nabil, eta, Errenteriako jardunaldian lan ona eginez gero, finalean sartzeko aukera handia dut»
HARITZ LERTXUNDI Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketako parte hartzailea
Lau elkartetako pilotariek jokatuko dute txapelketa: Mindara elkartekoek, Kemen kirol elkartekoek, Zarautz kirol elkartekoek eta Zumaiakoek. Bi kategoriatan sailkatu dute torneoa: urritasun fisikoa dutenak eta adimen urritasuna dutenak.
Etxeberria Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko zuzendari teknikoa «gustura» agertu zen aurkezpenean, eta Merino eta Zendoia zoriondu zituen urte hauetan guztietan egindako lanagatik: «Historia egiten ari zarete». Ildo beretik, Illarramendi Zarauzko Kirol zinegotziak esan zuen «ohorea» dela txapelketaren lehen jardunaldia euren herrian jokatzea. «Gure ateak beti egongo dira zabalik horrelako ekimenei laguntzeko». Pastor Kirol foru zuzendariak adierazi zuen gisa horretako ekimenek mesede egiten diotela gizarteari: «Gizarte hobea eraikitzen ari gara horrelako ekimenei esker». Erantsi zuen norgehiagokak ikusteko «gogotsu» dagoela.
Animatzeko deia
Lehengo asteburuan jokatu zuten aurreneko jardunaldia, eta hurrengoak otsailaren 15ean, martxoaren 15ean, martxoaren 29an, apirilaren 12an eta maiatzaren 10ean izango dira, Errenterian, Asteasun, Arrasaten, Ordizian eta Oiartzunen, hurrenez hurren. Buruz buruko finalak martxoaren 15ean jokatuko dituzte, Asteasun, eta binakakoak, maiatzaren 10ean, Oiartzunen.
Haritz Lertxundi zarauztarra da txapelketan parte hartzen ari den beteranoetako bat. 2009an aritu zen lehendabizikoz, eta hutsik egin gabe aritu da hurrengoetan ere. Lehengo asteburuan 15-1 irabazi zuen, eta «gustura» dago. Izan ere, garaipenak finalerako bidean jarri du. «Beti izaten da hunkigarria eta berezia etxean jokatzea», esan du. «Sasoiko sentitzen naiz, hanketatik ondo nabil, eta, Errenteriako jardunaldian lan ona eginez gero, finalean sartzeko aukera handia dut». Dena den, Zarauzko garaipenari meritua kendu nahi izan dio, aurkaria sasoi onenean ez zegoela arrazoituta.
Lertxundik urte asko daramatza pilotan jokatzen, eta azaldu du ez duela albo batera utzi nahi, pilotak «bizitza» eman diolako. Hala ere, jokalari gisa txapelketak alde batera utzi eta entrenatzaile lanetan hastea du amets. «Orain ere aritzen naiz gazteen entrenatzaile, baina, etorkizunean, neuk jokatzeari utzi, eta entrenatzaile lanetan bakarrik aritu nahiko nuke».
Zarauzko taldean ez dira lehiakide asko: Lertxundi bera eta beste lau —Xabi Villar, Joseba Altuna, Lorea Iribar eta Alvaro Valor—. Lertxundik horregatik ez dio uzten jokatzeari, ez duelako taldea galzorian jarri nahi. Pozik dago pilota egokituan gero eta jende gehiago aritzen delako, baina oraindik ikusten du gehiago ere aritzeko modua. «Beste modu bateko desgaitasunak edo gaixotasunak dituztenei ere ateak irekitzea litzateke horretarako bide bat», dio. «Gainera, ziur badirela neska gehiago kirol hau probatuko luketenak baina zerbaitegatik ausartzen ez direnak». Gaineratu du «giro bikaina» dutela taldean, eta parte hartzera ausartzen ez direnei dei egin die «konplexurik eta lotsarik gabe» probatzera animatzeko.