«Gogorra izan zen hasiera, baina Lotura Filmsek aurrera egin du aitaren esentzia mantenduz»

«Gogorra izan zen hasiera, baina Lotura Filmsek aurrera egin du aitaren esentzia mantenduz»

Donostiako Jose Elosegi etorbidean barrena joanda, Lotura Films ekoiztetxeko atera iritsi da kazetaria; txirrina jo, eta Miren Berasategik (Pasaia, 1978) zabaldu dio atea, etxeko ekoizleak. «Sartu, sartu», esan dio, eta barneraino joan dira biak. Bospasei lagun daude han, entzungailu handiak jantzita, ordenagailuari begira, lanean. Tableta handi bat ere badute aldean, eta bertan ari dira marrazten. «Hau lehen erabat desberdina zen», esan du Berasategik. «Lehen eskuz egiten zen dena, bulegoa paperez eta marrazkiz beteta egoten zen, eta orain, ikusten duzu: ez dago paper bakar bat ere». Gailu elektronikoetan egiten dute lan: hor egiten dituzte marrazkiak, eta animazioa ere gailuen bitartez egiten dute. Berasategiren aita Juanba Berasategik sortu zuen ekoiztetxea, eta 25 bat urte egin zituen han. Orain zortzi urte hil zen, eta alabak hartu zuen gidaritza. Sentitu zuen presiorik, baina pozik da urte hauetan egindako lanarekin. «Uste dut erakutsi dugula zertarako gai garen».

Zer da Lotura Films?

Orain dela urte asko pertsona batek bere egoskorkeriagatik sortu zuen proiektu bat da. Urte hauetan guztietan bizirik iraun du, eta guk jarraipena eman nahi izan diogu, haren egoskorkeriaren esentzia mantenduz. Garai hartako helburua ez zen pelikula bat egitea bakarrik, baizik eta euskarazko animaziozko lehen filma sortzea.

Zure aita da diozun pertsona hori: Juanba Berasategi. 1992an sortu zuen Lotura Films ekoiztetxea, baina lehenago egin zituen euskarazko animazioan beste lan batzuk.

Bai. Jaizkibel produkzio etxearekin atera zuen euskarazko animaziozko lehen film luzea, baina hori baino lehen egin zituen beste lan batzuk ere. Eskuz ekoiztetxea eduki zuen gero, eta proiektu hori amaituta sortu zuen Lotura Films. Hala gauzatu zituen bere motibazioak.

Zein ziren haren motibazioak?

Aitari animazioaren mundua gustatzen zitzaion, eta euskaraz egin nahi zituen lanak. Horixe zen haren motibazioa: euskarazko animazioa egitea. Hala eta guztiz ere, ekoizlea zen, eta ekoizle batek egin behar ditu bere motibaziotik urruntzen diren lan batzuk ere.

«[Juanba Berasategi] Aitari animazioaren mundua gustatzen zitzaion, eta euskaraz egin nahi zituen lanak. Horixe zen haren motibazioa»

Zer, adibidez?

Nire aitak Lazarillo de Tormes [Tormesko Itsumutila] ekoiztu zuen, euskaraz, baina hori ez da euskal lan bat. Horrekin esan nahi dut bideak eramaten gaituela askotariko gauzak egitera. Ezin dugu beti koherentzia batean bizi: gauza bat da norberaren nahia, eta beste bat, bideak zer egitera bultzatzen gaituen.

Zer dela-eta hasi zen honetan?

Eugenio Arieta izan zen haren mezenasa, euskal kulturan asko sinisten zuen gizon bat. Aitari asko lagundu zion bidea eraikitzen, eta aitak asko maite zuen horregatik. Marrazkigintza zen aitaren mundua, euskarazko animazioa eta artea, eta Eugenio Arietaren laguntzaz abiatu zuen bide hori, ekonomikoki eta motibazio aldetik. Aita beti ibiltzen zen marrazki txikiak egiten, eginak zituen animaziozko film labur batzuk, eta azkenean erabaki zuen pelikula bat egitea.

Kalabaza tripontzia.

Bai.

Eta zuk nola bizi zenuen aitaren jarduna?

Begira, lehengo batean nire alaba Jareren ikastolara joan nintzen irakaslearekin biltzera, eta zera esan zidan: «Gelan erakutsi dugu zuri egindako elkarrizketa bat». «Eta Jarek zer esan du?», galdetu nion. Erantzun zidan lotsatuta egon zela. Nik, txikitan, Jareren antzera bizi nuen aitaren jarduna. Egia da ez dela munduko lanik ohikoena, baina guretzat oso gauza normala zen, egunero ikusten genuen, eta erabat naturala zen guretzat. Ikaskideek zera galdetzen zidaten askotan: «Eta zure aitak zer egiten du?», «Marrazki bizidunak egiten ditu?». Gelan ere eskatzen zidaten kontatzeko aitak zertan egiten zuen lan. Niretzat nekagarria izaten zen azalpenak eman behar izatea. «Nik zergatik ez daukat aita normal bat? Fabrika batean lan egiten duena, adibidez?». Haurra nintzela pentsatzen nuen hori, ikaskideei azalpenik eman behar ez izateko. Noski, oso harro nengoen aitaren lanaz, baina jendearentzat ezohikoa zen, gure etxean oso naturala zen arren. Aitak erakutsi zigun horrela bizitzen. Oso gizon umila zen, eta ez zitzaion batere gustatzen bere kontuez harrotasunez hitz egitea.

Baduzu txikitan aitaren lantokira joaten zineneko oroitzapenik?

Bai, noski. Lehen, Lotura Films ez zegoen gaur egun dagoen lekuan: Donostiako erdialdeko lokal batean zegoen. Guretzat oso normala zen hara joatea eta animazioa sortzerainoko prozesua nolakoa zen ikustea. Nik ez dakit marrazten, ez dut aitaren alde artistiko hori jaso, baina harekin lanean hasi nintzenean, alde artistikoaz bestelako lan batzuetan laguntzen nion.

(ID_14654979) (/EZEZAGUNA) brnb422006615d9_001656-1_page-0001
Juanba Berasategik sortu zuen Lotura Films ekoiztetxea, eta hainbat lan egin zituen bertan. 2017an zendu zen, 66 urte zituela, eta haren alaba Miren Berasategik hartu zuen ekoiztetxearen gidaritza. Irudian, Miren eta Juanba Berasategi aita-alabak, Miren haurra zela. HITZA
2017an hil zen zure aita, eta segidan hartu zenuen haren postua. Nolakoa izan zen garai hura?

Oso gogorra. Aita zen Lotura Filmsen aurpegia, hura zen honetaz zekiena, eta hemen lan egin dugun guztientzat ezinbesteko pertsona bat zen. Nik ordurako urte dezente neramatzan harekin lanean, baina beti egon nintzen itzaletan. Gainera, eta nolabait esateko, abisatu gabe hil zen, hilabete eta erdiko gaixoaldiaren ostean. Orduan, bat-batean ikusi nuen neure burua galduta: erdi bukatuta zegoen film batekin, lan hura estreinatu beharrean… Eskerrak gaur egun alboan dudan lantaldeak asko lagundu zidan. Nire aita hil izan ez balitz ere jarraituko nukeen, eta egia da orduan jubilatzear zela. Transmisio lanetan hasi behar genuen, baina, abisatu gabe hil zenez, ez zen transmisio naturalik izan.

Zortzi urte pasatu dira Lotura Filmseko zuzendaritza hartu zenuenetik. Ordutik, hainbat lan egin dituzu ekoiztetxean.

Bai. Orain, atzera begiratzen dudanean, ikusten dut zeinen gogorra izan zen 2017. urtea, baina kontziente naiz lan asko egin ditudala tarte honetan. Zortzi urte hauetan asko ikasi dut langintzaz, baina oso modu azkarrean eta horma askoren kontra joz. Ez dut aita izan alboan galdetzeko ea nola egiten den hau edo nola bestea. Gogoan dut, hil baino pixka bat lehenago oraindik ondo zegoela, zera esan zidala: «Miren, ni jubilatu egingo naiz laster, eta zu hasi beharko zara hau eramaten». Ni, noski, kezkatuta nengoen, bertigoa ematen zidalako haren kargua hartzeak. «Egon lasai», esan zidan. «Ez naiz Hawaiira joango; laguntzeko egongo naiz». Eta begira… Ez zait inoiz ahaztuko esan zidan hori. Gogorra izan zen hasiera, baina Lotura Filmsek aurrera egin du aitaren esentzia mantenduz.

«Gogoan dut, oraindik ondo zegoela, zera esan zidala aitak: ‘Miren, egon lasai, ez naiz Hawaiira joango; laguntzeko egongo naiz’. Eta begira…»

Nola bizi izan duzu aitaren itzala?

Zail samarra izan da hori ere. Nahi gabe ere, jendeak konparazioak egiten ditu, eta horrek ez du inolako mesederik egiten. Ni ez naiz inoiz izango nire aita; egiten dakidana emango diot nik proiektu honi. Gainera, hura ekoizlea zen, baina, horretaz gain, zuzendaria ere bazen. Ni ez; ni ekoizlea naiz. Banekien jendeak konparaketak egingo zituela, eta, hala, zera esaten zidan ahots bat sentitzen nuen atzean: «Ez dakit iritsiko zaren aitak egin zuen bezain ondo egitera». Presioa sentitu genuen, baina erakutsi genuen gai ginela Lotura Filmsi jarraipena emateko.

Eta gaur egun, zein da ekoiztetxean egiten duzun lana?

Lanik itsusiena, segur aski. Hau da, ekoizpena: dirua lortzea, negoziatzea, epeak kontrolatzea… Oso prozesu garrantzitsua da, dirurik gabe ezin delako film bat egin. Baina sortzailerik gabe ere ezingo litzateke egin. Orduan, nire lana eta haiena oso batuta dago; prozesu bat da.

Zein da animaziozko lan bat egiteko prozesua?

Lehenik eta behin, ideia bat egon behar da, eta gero, gidoilari batek idazten du ideia horrekin lotutako gidoia. Behin hori idatzita, pertsonaiak diseinatzen dituzte marrazkilariek. Gidoiarekin eta marrazkiekin, story board-a egiten da, gero animazioa egiteko. Animatzaileak arduratzen dira sortutako pertsonaiei mugimendua emateaz. Jakina, hori abian jarri aurretik, ideia aurkeztu behar da diru laguntzak eskatu ahal izateko, eta hor sartzen da nire lana, besteak beste. Hori da, labur-labur esanda, film bat sortzeko prozesua.

Lur eta Amets izan zen ekoiztetxeko zuzendari kargua hartutakoan egin zenuten lehen lana.

Bai. Helburu bakarra jarri nion nire buruari hasieran: Lur eta Amets filma bukatzea, eta gero ikusiko nuen zer egin. Bukatu genuen, eta uste dut erakutsi genuela zertarako gai ginen; alegia, proiektu honek aurrera jarrai zezakeela. Horrek eman zigun indarra. Orkestra lurtarra egin genuen gero, eta Black is Beltza-ren animazioan ere parte hartu genuen. Dezente lan egin ditugu gaur arte, kontuan izanda prozesua motela izaten dela. Bi urte behar izaten ditugu pelikula bat egiteko.

Orain ba al duzue zerbait esku artean?

Telesail bat egiten ari gara, eta film luze bat hastear gaude. Proiektuz beteak ditugu kaxoiak. Orain nire burmuina lehen baino irekiago dago, eta pentsa dezaket etorkizun luzeago batean. Horrek esan nahi du Lotura Films etorkizun bat eraikitzen ari dela.

MOTZEAN

Lotura Filmsek egin dituen lanen artean, zein maite duzu gehien?
Batetik, Kalabaza tripontzia esango dut. Ez zuen Lotura Filmsek ekoiztu, baina aitaren sinadura darama. Oso film ausarta da, gaur egun egitera ausartuko ez ginatekeen horietakoa. Bestetik, Orkestra lurtarra esango dut.

Ekoizle izango ez bazina, zer izango zinateke?
Oraindik ez dakit zer izan nahi dudan handitan, pentsa!… Ez dakit zer izango nintzatekeen, baina bizitzak hona ekarri nau.