Barrea, lilura, beldurra eta ilusioa batzen zaizkio barnean zirku batera joaten denari. Trapezistak, magoak, pailazoak…; luzea da bertan lan egiten dutenen zerrenda. Pailazoen egitekoa ikusleak entretenitzea eta barrea eragitea da, baina pailazo bakoitzak bere nortasuna osatzen du. Pailazo talde asko hiru lagunez osatuta egoten dira, eta nork bere izaera izaten du. Pailazo aurpegi-zuria izaten da hirukoteko dotoreena, eta beste biak Augusto pailazoak izaten dira, publikoari irri eginarazteaz arduratzen direnak. Halakoak dira, esate baterako, Gari, Montxo eta Joselontxo taldekoak. Gari Muñozek (Donostia, 1969) egiten du Gari pailazoarena, eta urte asko daramatza haren aurpegi zuriaren atzean. Pailazoak. Harritu eta liluratu zirkuko pailazo jantzi ederrekin erakusketa ireki du berriki Errenteria, Jantziaren Zentroan, eta bere ibilbidean erabili dituen sei jantzi jarri ditu ikusgai. Martxoaren 2ra arte izango da bisitatzeko aukera.
Muñozek 1995. urtean sortu zuen Tutik Clowns konpainia, Ramon Irizarrekin (Montxo) eta Joxean Malvidorekin (Joselontxo) batera. Hirukoteak Euskal Herriko ehunka herri eta antzoki zapaldu ditu azken 30 urteetan, eta oraindik ere jarraitzen dute proiektuarekin.
Muñozek azaldu du pailazo aurpegi-zuriak arropa bereziak jantzi izan ohi dituela. «Pailazo trebea izaten da aurpegi zuriduna, azkarra eta elegantea, eta hori jantzian ere islatzen da. Lentejuelaz eta harri distiratsuz egoten dira josita, eta jantzi oso dotoreak eta deigarriak izaten dira». Hark dioenez, Augusto pailazoekin duen «dikotomia» gehiago bereizteko gakoa da jantzia. «Normalean, aurpegia zuriz margotuta daramana, eta dotore joaten da; beste biak, ez». Hain zuzen, Gari pailazoak erabiltzen zituen jantziak dira erakusketak jasotzen dituenak: distiratsuak eta deigarriak. Muñozek esan du hainbat tokitatik ekarri zituela jantziak. «Sei jantzietatik hiru bereziagoak dira, egileengatik. Horietako bi Parisko Maison Vicaire jostun tailerrean egindakoak dira, eta bestea, Madrilgo Maribel y Ruperts tailerrean».
«Gaur egun Vicairek sortutako jantzi bat izatea Stradivarius biolin bat edukitzearen moduko zerbait da»
GARI MUÑOZ Gari pailazoa
Maison Vicaire Henri Vicairek sortutako lantokia izan zen, eta kabaret munduko hainbat artistarentzako jantziak egin zituzten. Aditu askok diote han egin zituztela «garai hartako jantzirik onenak», eta, horrez gain, pailazo aurpegi-zurientzako jantziak egiten zituzten 1950eko, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. Muñozek dio zirkua «glamourrez betetako lekua» zela garai hartan, eta jostunak horixe irudikatzen saiatzen ziren jantzietan. «Gaur egun Vicairek sortutako jantzi bat izatea Stradivarius biolin bat edukitzearen moduko zerbait da».
Parisen egindako bi jantzietako batek Ameriketako Estatu Batuetako bandera darama, eta horixe da Muñozentzat «bereziena». 2001ean, ezagun batek Parisko Hiver zirkura gonbidatu zuen Muñoz, pailazo aurpegi-zurien topaketa batera. «Vicaire lantokiko azken jabeari egindako omenaldi bat izan zen, eta ni lotsaz joan nintzen hara, banekielako beste pailazo guztiek jantzi dotore eta garestiak edukiko zituztela», oroitu du. «Gonbidatu nindutenean, esan zidaten nire jantzi amerikarrarekin joateko, eta nik artean ez nekien Vicaire bat zela. Oso ondo pasatu nuen han; bizipen ikaragarria izan zen». Parisko topaketa hartara joateko gonbita egin zion ezagun hark liburu bat argitaratu zuen gerora, eta Vicaireren hainbat diseinuren berri eman zuen. Muñoz orduan jabetu zen bere jantzia Vicaire tailerrean egindakoa zela.
Jantzi xumeagoen beharra
Gari pailazoak kontatu du jantzi aldaketak egin izan dituztela euren ikuskizunetan, eta, horregatik, «funtsezkoa» iruditzen zaio «hain baliotsuak ez diren jantziak» ere edukitzea. «Askotan beldurrez ibiltzen nintzen Vicaireren edo Madrilen egindako jantziak soinean nituenean; batez ere, jantziak erantzi eta aldatzerakoan. Izan ere, oso denbora gutxi izaten dugu aldatzeko, eta ia ezinezkoa da arropak ondo zaintzea». Kontatu du lagun batek Ana Guerraren kontaktua eman ziola orduan. «Guerrak egin zidan nire lehenengo jantzia, eta horrek eman zidan aukera Vicairerena ongi gordetzeko». Guerrak egindakoak dira Errenteriako erakusketako jantzietatik hiru. Lehenengoa «xumeagoa» dela esan du Muñozek, eta beste biak, «beteagoak», harriz betetakoak.
![(ID_17387695426165) (/EZEZAGUNA) Gari Muñoz erakusketa Jantziaren Zentroa (ID_17387695426165) (/EZEZAGUNA) Gari Muñoz erakusketa Jantziaren Zentroa](https://www.berria.eus/uploads/s1/71/16/97/7/ef-767839-17387695426165_49_1000x666.jpeg)
Erakusketan sei janzki daude, baina gehiago ditu Muñozek. «Baditut beste hiruzpalau, baina oraindik erabiltzen ditut; beraz, lan egiteko behar ditut». Gaur egun, lanean jarraitzen dute Garik, Montxok eta Joselontxok, eta herrietako antzokietan izaten dira, normalki. Dena den, Muñozek esan du urtean behin behintzat zirkuan lan egiten saiatzen direla, ez baitute ohitura hori galdu nahi.
Gainera, Gari pailazoak dio gaur egun ez direla horren ohikoak hiruko taldeak. «Umorearen munduan gauza asko aldatu dira, eta arrazoi ugari izango dira horretarako, baina ez dakit zergatik desagertu diren hiru kideko taldeak. Orain, pailazo bakartiak ikusten dira gehiago, eta, noski, ez dira gu janzten garen moduan janzten». Pailazo taldeekin batera, desagertuz joan dira lehengo jantziak ere, Pailazoak. Harritu eta liluratu zirkuko pailazo jantzi ederrekin erakusketan daudenen gisakoak. «Horregatik dira hain baliotsuak gaur egun osorik daudenak».