Aitor Garciarenak (Berastegi, 1972) garun paralisia du jaiotzez, baina 30 urte eman ditu triziklo baten gainean lehiatzen. Gaitzak gorputzean eragiten dizkion zailtasunak medio, txirrindularitza egokituko T1 kategorian parte hartu izan du. 2024. urtea amaitzearekin batera utzi dio lehiatzeari. Asier Mujika (Andoain, 1990) izan da haren entrenatzailea, eta esan du asko ikasi duela Garciarenarengandik.
Aitor, nolakoa da zure egunerokoa?
AITOR GARCIARENA: Mugak ditut, bai jaterakoan eta baita ibiltzerakoan ere. Berastegin aulkirik gabe ibiltzen nintzen, baina gero Ibarrara joan ginen bizitzera, eta han aulkiarekin ibili behar izan nuen. Aspacen egiten dut lan, eta, besteak beste, ordenagailua erabiltzen dut lanerako. Buruan zinta bat jartzen dut, eta zinta horretatik ateratzen den punta bati esker moldatzen naiz ordenagailuan idazteko.
ASIER MUJIKA: Garun paralisia duten pertsona batzuei arlo kognitiboan ere eragiten die gaitzak, baina Aitorrek dena ulertzen du, gauza guztiak gogoratzen ditu. Eta ni Aitorrekin txapelketetara joaten nintzenean, ezertaz jabetuko ez balitz bezala harremantzen zen jendea harekin. Aitorrek nik baino memoria hobea du, eta adiago egoten da.
«Tolosara joan behar izaten nuen trizikloarekin entrenatzera, eta, azkenean, egun guztia behar nuen horretarako. Orain bizikleta estatikoan aritzen naiz kirola egiten»
AITOR GARCIARENA Kirol egokituko txirrindulari ohia
Txikitatik egiten duzu kirola, Aitor.
GARCIARENA: Aspacen ikasi dut txikitatik, eta han aukera izan nuen hainbat kirol egiteko. Orain 30 urte inguru bi kirol egiten nituen: txirrindularitza eta futbola. Trizikloan T1 eta T2 mailak daude, eta T1 mailan mugikortasun urriagoa duten pertsonak egoten dira. Futbolean aritzen nintzen hasieran, baina futbola egiten banuen, derrigortuta nengoen txirrindularitza egokituko T2 mailan aritzera. Mugikortasun maila dela eta, ez lidakete T1en lehiatzen utziko. Nik hankak mugitzen ditut, baina ezin dut ondo frenatu eskuekin. Orduan, futbola utzi nuen.
MUJIKA: T2ra igotzeak esan nahi du kilometro gehiago egitea, eta aurkariek askoz ere mugikortasun handiagoa dute Aitorrek baino. Beraz, ez litzateke justua izango.
Zertan lagundu dizu kirolak?
GARCIARENA: Kirola egiteak laguntzen zidan buruari buelta gutxiago ematen. Hasieran Donostian entrenatzen nintzen, astean egun batean edo bitan. 09:00etatik 17:00etara aritzen nintzen lanean, eta horren ondotik joaten nintzen entrenatzera. 07:30ean ateratzen nintzen etxetik eta 20:00etan itzultzen nintzen.
MUJIKA: Aitorrek esan izan du bere mugikortasunerako garrantzitsua dela gorputza mugitzea. Guretzat ere egokia da mugitzea, baina eurentzako, are garrantzitsuagoa. Eskuak zenbat eta gehiago mugitu, orduan eta hobeto.
![(ID_14651248) (/EZEZAGUNA) aitorgarciarena (ID_14651248) (/EZEZAGUNA) aitorgarciarena](https://www.berria.eus/uploads/s1/71/14/87/9/14651248_49_1000x666.jpeg)
Entrenatu ez ezik, lehiatu ere egiten zinen.
GARCIARENA: Bai. Hasieran, Euskadi mailan lehiatzen nintzen, Espainiako Txapelketara joateko gutxieneko probak egin behar zirelako bertan. Orduan Garun Paralisiaren Espainiako Federazioa zegoen, baita Euskadikoa ere, eta bi federazioek antolatzen zituzten probak. Ondoren, hainbat kirol federazio hasi ziren federazioaren barruan kirol egokituaren atala sortzen. Hasieran atletismo pistan aritzen ginen trizikloarekin, eta gerora hasi ginen errepidean lehiatzen. Errepidean askoz politagoa da.
Hainbat sari lortu dituzu.
GARCIARENA: Gipuzkoako Txapelketa ia beti irabazten nuen. Euskadiko Txapelketa ere irabazi izan dut, baina txapelketa horretan baziren bi bizkaitar nazioarteko probetan-eta parte hartzen zutenak, eta haiek ez zeudenetan lortzen nuen Euskadiko Txapelketa irabaztea. Espainiako Txapelketara ere joan izan naiz, askotan: azkeneko ia hogei urtetan edo. Espainiakoan gustura aritzen ginen, asteburu osoa pasatzen genuelako, eta, urte guztian entrenatzen aritu ondoren, sari moduko bat zen hara joatea.
Zer izan da zuretzat kirola egitea eta txapelketetan parte hartzea?
GARCIARENA: Esan bezala, buruari buelta gutxiago ematen ikasi dut. Gozatu ere egin dut kirola egiten eta lehiatzen. Jendea animatzen dut probatzera.
MUJIKA: Aitor beti egon da lehiaketetan, nahiz eta bera baino hobeto moldatzen diren batzuk izan dituen aurkari. Bera da bakarra Bizkaiko Biraren aldi guztietan parte hartu izan duena, eta antolatzaileek ohorezko gonbidatu gisa hartu dute. Berak eraman du 1 zenbakia.
GARCIARENA: Hasieran, Bizkaiko Bira trizikloentzat bakarrik zen. 50 lagun inguru izaten ginen, eta nazioartetik etortzen ziren asko. Maila handia izaten da, eta ni azken postuetan ibiltzen nintzen, baina behin ere ez naiz azkena izan. Niretzat garrantzitsua zen parte hartzea.
«Bizitzarako irakaspen bat da ikustea mugikortasun zailtasunak dituztenek zer-nolako ahalegina egiten duten gauzak lortzeko»
ASIER MUJIKA Aitor Garciarenaren entrenatzailea
Zuk, Asier, zer ikasi duzu entrenatzaile gisa?
MUJIKA: Nik Aitorrekin pila bat ikasi dut. Behin nire ama eraman nuen Bizkaiko Bira batera, eta harrituta geratu zen. Parte hartzaile batzuek ez zuten hankarik eta ez besorik, eta ziztu bizian aritzen ziren bizikletan. Bizitzarako irakaspen bat da ikustea mugikortasun zailtasunak dituztenek zer-nolako ahalegina egiten duten gauzak lortzeko.
30 urteren ondoren, lehiatzeari utzi diozu, Aitor.
GARCIARENA: Tolosara joan behar izaten nuen trizikloarekin entrenatzera, eta, azkenean, egun guztia behar nuen horretarako. Orain bizikleta estatikoan aritzen naiz kirola egiten.
MUJIKA: Azken urtea ez da izan nahiko genukeen modukoa. Pentsatu genuen 2024a izango zela azkena, eta Espainiako Txapelketan parte hartuta bukatuko zela Aitorren kirol ibilbidea. Baina federaziokoek ez zuten Aitor sartu deialdian. Ez zegoen txirrindularitza egokituko hautatzailerik une hartan, eta federazioko zuzendari teknikoak ez zuen Aitor kontuan hartu, aurretik erabiltzen ez ziren irizpide batzuk erabili zituelako. Pena bat da horrelako kirol ibilbidea egin eta gero bukaera hori izatea.