Julen Linazasoro (1980, Errenteria) hezitzailea eta gizarte langilea da. Ikastetxeetan saioak ematen ibiltzen da, eta azpimarratu du zibererasoen fenomenoa zabalduta dagoela 13-15 urte bitarteko nerabeen artean. Sareetan toxikotasuna eta bortizkeria nabarmen ageri direla esan du, eta zehaztu nerabeek eta gazteek ez dutela gurasoekin hitz egiten sare sozialetan dituzten elkarrizketez eta kontsumitzen dituzten edukiez. Horregatik, sare sozialetan kontsumitutako edukia kontrastatzeko, esan du nahitaezkoa dela haurrek eta gurasoek elkarrekin hitz egitea.
Zer ezaugarri ditu sareetako bortizkeriak?
Ziberbortizkeria ulertzeko, sare sozialen negozio eredua ulertu behar da. Sare sozialen negozio eredua gure arreta bereganatzea da. Horretarako, atentzioa gehien ematen digun edukia eskainiko digute. Nagusiki, eduki sexuala, eduki bortitza eta desinformazioa emango dizkigute. Berdin dio zer ikusten ari garen; pixkanaka-pixkanaka, algoritmoek gure arreta handiagoa erakartzeko edukiak sortuko dizkigute. Hala, gazteen arreta pizteko, bortizkeria geroz eta gehiago plantan ematen dute algoritmoek.
Bortizkeria hori nola gauzatzen da sareetan?
Konturatzen dira jarraitzaile gehiago dituztela geroz eta bortitzago eta erasokorrago mintzatuz. Hortaz, eduki sortzaileak hizketa bortitz bat garatzen hasten dira. Azkenean, toxikotasun handia dago sareetan, eta badirudi bateragarriak direla oso gaizki hitz egitea eta bortitza izatea. Gazteek hori dena barneratzen dute, eta pixkanaka horrela jokatzen hasten dira. Ikerketek erakusten duten gauza bat da ez dutela etxean gurasoekin hitz egiten sare sozialetan gertatzen denaz; gazteek ez dute kontsumitzen dutenaren guztiaren kontrasterik.
«Ikerketek erakusten duten gauza bat da gazteek ez dutela etxean gurasoekin hitz egiten sare sozialetan gertatzen denaz. Ez dute kontsumitzen dutenaren guztiaren kontrasterik»
Ziberbortizkeriaren barnean, sexu erasoak daude.
Sexu erasoen inguruan gauza askotarikoak daude. Lehenik, bikote gazteetan kontrol digitala oso-oso zabaldua dago. Kontrol digitala ez dute ulertzen eraso gisa, baizik eta harremana izateko modu gisa. Gazteek ez dutenez erreferente osasuntsurik, uste dute kontrola izatea normala dela. Toxikotasun horren barnean diskurtso oso misoginoa dago, eta algoritmoek hori transmititzen dute. Bestalde, badago genero indarkeria ukatzen duen diskurtso bat ere. Emakume gazteak ukitzen dituen sexu eraso asko daude. Adibidez, argazkiak biluzik behin eta berriro bidaltzeko eskaera asko daude. Argazki sexualak eskatu gabe bidaltzea edota bikotekideari argazki sexualak exijitzea izan daiteke beste eraso mota bat. «Maite banauzu, bidali argazkia» eta halako mezu toxikoak zabaltzen dira sareetan. Beste eraso mota bat izan daiteke argazki sexualak partekatzea, baina argazkiko pertsonari baimenik eskatu gabe.
Erasotzaileak hurbilekoak dira askotan?
Ikerketek erakusten dute erasotzaile gehienak biktimen hurbilekoak edo oso hurbilekoak direla. Gurasoek nerabeei askotan esaten diete ezezagunekin hitz egitea arriskutsua izan daitekeela. Ikerketek, berriz, kontrakoa erakusten digute: kontu handiagoa eduki behar dugu ezagunekin, haiek baitira lehen lerroko erasotzaileak.
Zibererasoak hedatzen ari diren heinean, zer tresna beharko lirateke horri aurre egiteko?
Etxean gazteekin hitz egitea, horixe falta da. Gurasoek etxean sexu heziketa eskaintzea da gakoa. Sexu heziketaz gain, sare sozialetan ikusten dutenari buruzko oinarrizko elkarrizketa bat bultzatuko nuke. Nerabe asko eta asko ez dira gurasoekin mintzatzen; nire inguruan hori ikusten dut.