Aitortza emakume zientzialariei

Aitortza emakume zientzialariei

Nahiz eta historian beti izan diren emakume zientzialariak, haien lana itzalean egon da, gizonezkoak gailendu baitira langintza horretan. Azken urteetan, baina, berdintasunaren alde egindako aurrerapausoek modua eman dute emakumeek leku handiagoa izateko zientzia eta ikerketa arloan, eta, horri esker, gero eta gehiago dira arlo horretan dabiltzan emakumeak. 2016an, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izendatu zuen otsailaren 11, emakumeek zientzian parte har zezaten eta protagonismoa izan zezaten bultzatzeko eta bokazio zientifikoak sustatzeko. Era berean, aitortza egin nahi izan zioten arlo zientifiko-teknologikoetako emakumeek gizartean duten zeregin garrantzitsuari. Euskal Herrian, Elhuyar fundazioa orain bost urte hasi zen emakume zientzialarien lanari balioa emateko lanean: batetik, erreferenteak sortzeko, eta, bestetik, emakume zientzialariak gazteen artean ezagutarazteko. Aurten, otsailaren 3tik gaur arte, munduko hamabi emakume ikertzaile omendu dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, hala nola Abanto-Zierbenan, Barakaldon, Bilbon, Durangon, Arrigorriagan (Bizkaia), Arrasaten, Elgoibarren, Donostian, Ordizian eta Iruñean.

«Emakumeon artean bazegoen artikuluak eta bestelako dokumentuak pasatzeko joera bat, elkartasun eta sororitate nahi bat»

MAIALEN AKIZU Soziologoa

Ordiziako Barrena jauregian, Zientzia-emakumeak argira erakusketa jarri dute ikusgai. Aitortza egin nahi izan diete Euskal Herriko eta nazioarteko hamabi zientzialariri. Hala, hainbat andre zientzialariren horma irudiak, lanak eta istorioak jaso dituzte erakusketan. Garai eta arlo desberdinetako zientzialariak agertzen dira: biologoak, kimikariak, matematikariak eta hizkuntzalariak. Emakume horietatik lau euskal herritarrak dira: Dorotea Barnes Gonzalez kimikaria (Iruñea, 1904-2003), Lurdes Ansa Maiz zientzia materialen edizio arduraduna (Andoain, 1961),  Maria Jesus Esteban Galartza matematikaria (Alonsotegi, Bizkaia, 1955) eta Uxue Lazkano Dobao biologo konputazionala (Bergara, 1995).

Nor bere arloan nabarmentzeagatik jarri dituzte erakusketan. Barnes, kasu baterako, aitzindaria izan zen substantzien egitura kimikoa identifikatzeko balio duten teknika espektroskopiko aurreratuak erabiltzen. Ansa, berriz, euskarazko lehen hiztegi entziklopediko osoaren erredaktoreetako bat izan zen. Esteban, bestalde, matematika euskaraz landu zuten lehenengo zientzialarietako bat da, eta gaur egun ikerlaria da CNRS Frantziako ikerkuntza erakunde nagusian. Eta Lazkano, prostatako minbiziaren prozesu metastasikoen ezaugarri molekularrak ikertzen ari da.

Zientzialarien testigantza

Otsailaren 11n, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, Zientzialariak zetaz izeneko hitzaldia eman zuten Maialen Akizu Bidegain, Irati Zuriarrain Asurmendi eta Miren Arrieta Bernaras zientzialariek Zumarragako Zelai Arizti kulturgunean, eta euren lana eta ibilbide profesionala izan zituzten hizpide. Akizu soziologoa da, eta kulturgintza eta generoa ditu ikergai. Arrieta, berriz, larrialdietako medikua eta doktorea da, eta Zuriarrain, historialaria; egun historia garaikidea du ikergai, eta Aranzadi elkartean ere aritu da arkeologia lanak egiten.

(ID_14672634) (/EZEZAGUNA) whatsappimage2025-02-11at21.00
Maialen Akizu Bidegain, Irati Zuriarrain Asurmendi eta Miren Arrieta Berna, otsailaren 11n, Zumarragako Zelai Arizti kulturgunean. HITZA

Hogei bat minutuko hitzaldia egin zuen bakoitzak, eta han izandakoek aukera izan zuten galderak egiteko amaieran. Hiru zientzialariek esan zuten ikerketa ibilbidean ez dutela zailtasunik izan emakume izateagatik, baina oraindik badagoela zer aldatu. Arrietak eta Akizuk amatasunarekin uztartu behar izan dute ibilbide profesionala, eta, Arrietaren esanetan, bakoitzaren «egoera pertsonala» eta «ingurune soziala» erabakigarriak dira ikerketa eta bizitza pertsonala bateratzeko garaian. Zuriarrainek ere lotura zuzena egin zuen amatasunaren eta emakumeek ikerketa munduan duten presentziaren artean. Esan zuenez, gizon baino emakume gehiago sartzen dira ikerketa munduan, baina gizonak gehiago dira goi mailako lanpostuetan.

Akizuk azaldu zuen bere errealitatea bestelakoa dela. Parte hartzen zuen ikerketa taldean emakumeak ziren denak, eta konpromisoa zuten elkarri laguntzeko eta lortutako emaitzen berri emateko batak besteari. «Gure artean bazegoen artikuluak eta bestelako dokumentuak pasatzeko joera bat, elkartasun eta sororitate nahi bat». Hala ere, Akizu ohartzen da oro har «salbuespenezkoa» dela joera hori.