Kontatua zidaten jendea zain egoten dela auzoetako supermerkatuetan ateak noiz zabalduko. Esajerazioa zelakoan nengoen, neure begiez ikusi nuen arte. Itxaroten, zutik atean, inongo eskaintza berezi barik, berdin otsailean zein uztailean; hotz zein bero. Batzuetan, luzaro.
Tarteka-marteka suertatzen zait ikustea itxarotzaile multzoak, eta beti galdetzen diot neure buruari zer dela-eta dauden tente hantxe, zein premia sentitzen duten bertan egoteko, fruta ederrena edo arrainik freskoena lortzearren egiten duten… Baina auzoko bankuko ateetan ere topatu nituenean, burua exorzistaren neskari bezala bueltaka-bueltaka hasi zitzaidan, azalpenik topatu ezinik. Misterioak!
Kontua da itxaroten dauden horiek nagusiak, erretiratuak izaten direla. Beraz, ni ohean goxo geratuko nintzatekeen bitartean, haiek nahiago dute hotzak egon kalean. Nahi eta ezina neurea, kapritxo berezia haiena.
Lagunartean komentatu izan dugunean kontua, adierazi didate erretiratu horiek ezin direla ohean luzaroan egon. Ados, baina zergatik ez dira etxean geratzen, eta denda (eta bankua) zabaldutakoan irteten? Ezinegonagatik, dioste. Hala izango da, ez dakit, azalpenik ez dut lortu eta.
Baina baliteke horren atzean produktibitatea egotea. Produktibitatea? Bai, belaunaldi batzuetakoak ohituta daude zeregin etengabean jarduten. Euren bizitza lanean eman dute, beti zerbaitetan. Gogoan dut amama dena ondo jasota egon arte ez zela esertzen: arratsaldean tartetxo bat eta afalostean ere bai. Baina jesartzen zen unetxo horietan ere zerbait zuen esku artean: puntua, jostorratza… Txarto begitantzen zitzaion egonean egotea. Irakurtzea ere, ez bazen ikasteko, ez zuen ondo ikusten, etengabe lanean, horrela hezi zuten. Eta ateetan begira daudenak, euren kontzepzioan, zerbaitetan dabiltza: errekaduak egiteko zain.
Amaiera bako eginkizun kateak, beharbada, batzuen ezinegona arinduko du. Egia biribila da, ordea, sormenerako ezinbestekoa dela egonean egotea, inproduktibotzat jotzen badute ere.
Lagun batek, Anak, esan zigun moduan, goiz jaikitzearena espartanismoa militarraren eta elizaren propaganda da. Sakrifizioaren kultura.
Hain zuzen horregatik, denbora ematea, ezer egin gabe egotea, berandu jaikitzea txarto ikusita dago. Gaztelaniaz badago esaera zahar bat: Cuando se aburre el diablo mata moscas con el rabo. Deabrua aspertzen denean, buztanarekin euliak akabatzen ditu, alegia. Gaiztakeriak, pentsamendu desegokiak… hori eragiten omen du zeregin produktiborik etengabe ez egiteak.
Beste lagun batek, Txabik, bota zigun umeekin ere gertatzen dela produktibitate non stop hori. Modan dagoela umeak denbora osoan okupatuta izatea, dena seme-alabak gorako eskailera imajinarioan hobeto kokatzeko asmoz, eta psikosia ia-ia unibertsala denean, planteatzea umeek egonean egoteko eskubidea dutela ia herexia bihurtzen dela.
Gazteekin eta gurekin, antzeko zerbait gertatzen dela ere esango nuke. Lana eta etxeaz gain, ikastaro, hizkuntza eta kirol jarduerak bata bestearen atzean, bat amaitu orduko bestean egon beharra, hamster itxura hartu arte, gurpil zoroan antxintxika. Leku berean egoteko. Egindako ia ezertan guztiz murgildu barik, benetan disfrutatu gabe. Dena azaleko.
Amaiera bako eginkizun kateak, beharbada, batzuen ezinegona arinduko du; dendako ateetan daudenen horiena, adibidez. Egia biribila da, ordea, sormenerako ezinbestekoa dela egonean egotea, inproduktibotzat jotzen badute ere.
Beraz, Dolce far niente gehiago, produktibitate gutxiago.