Sendotu egin da Gure Plaza Txo! proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuak jarri zuen martxan, orain bi urte, mila biztanletik beherako herrietako haurrei, gazteei eta nerabeei «aisialdi hezigarria» eskaintzeko. Ordutik hona, proba pilotu bat gauzatu dute Gipuzkoako hamar herritan, eta horietatik bederatzik iragarri dute zerbitzuarekin jarraitzeko asmoa dutela: Aizarnazabalek, Albizturrek, Alkizak, Berrobik, Bidania-Goiatzek, Elduainek, Ikaztegietak, Larraulek eta Lizartzak.
Bi taldetan sailkatu dituzte udalerri horiek, eta talde bakoitzean gizarte hezitzaile batek egiten du lan. Alaitz Iturzaeta hezitzaileetako batek esan du udalerri txikietako nerabeek eskubidea dutela «kalitatezko eta hurbileko» gazte sustapeneko zerbitzuak izateko. «Helburua da nerabeak gai izatea euren aisialdia antolatzeko eta bideratzeko. Horrekin batera, komunitatean parte hartzea eta askotariko jarduerak antolatzea sustatzen ditugu».
Elkarlana abiapuntu
Oinarri horretatik abiatuta, Iturzaetak azaldu du ikasturtean zehar jardueren «ohiko eskaintza» antolatzen dutela nerabeekin, eta Gabonetan, Aste Santuan eta udan «eskaintza berezia» izaten dutela. «Data jakin horietan herritik kanpoko irteerak eta jarduerak egiten ditugu». Herrietako eragileekin egiten dute lan, bai eta guraso elkarteekin eta ikastetxeekin ere, eta «jarduera berezituak» antolatzen dituzte haiekin; besteak beste, Gau Beltzean, Euskararen Egunean, inauterietan eta herriko jaietan.
«Udalerri txikiek baliabide eta zerbitzu aldetik dituzten mugak kontuan hartuta, aurrerapauso handia da bi gizarte hezitzaile lan honetan aritzea, baina material eta giza baliabide gehiago egoteak lagunduko luke proiektua garatzen», dio Iturzaetak. Hezitzaileak gaineratu du esperientzia pilotua herrietan finkatu ahala handiagoak direla nerabeekin esku hartzeko «intentsitatea, eskaerak eta aukerak».
Bederatzi udalerritan aldi berean ari dira lanean, eta Iturzaetari iruditzen zaio horrek «mugatu» egiten duela herri bakoitzari eskaini beharreko denbora. «Motz gelditzen gara. Herri batzuetan partaidetza ratioak handiak dira, eta ez da ahaztu behar denboraren zati handi bat plangintzan joaten dela, baita koordinazioan eta barne kudeaketan ere».
«Helburua da nerabeak gai izatea euren aisialdia antolatzeko eta bideratzeko. Horrekin batera, komunitatean parte hartzea eta askotariko jarduerak antolatzea sustatzen dugu»
ALAITZ ITURZAETA ‘Gure Plaza Txo!’ programako hezitzailea
Urtarrilean, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek eta zenbait alkatek iragarri zuten proiektuak aurrera jarraituko zuela. Goizane Alvarez Kultura eta Gazteria foru diputatuak adierazi zuen departamentuaren xedea dela landa eremuan bizi diren gazteen garapena sustatzea: «Asmoa da landa eremuko gazteen garapen integralari laguntzea eta aisialdi hezitzailea izateko eskubidea bermatzea, ez dezaten beste herri batzuetara joan beharrik izan prestakuntzaz eta jolas jarduerez gozatzeko. Herri txikietako gazteak herrietan gelditzea nahi dugu, eta komunitateko kide izatearen sentimendu sendoa sustatzea».
Kultura Sustapeneko eta Gazteriako Isaac Palencia foru zuzendariak esan zuenez, iazko urritik abendura 90 saio egin zituzten —2023an 75 egin ziren denbora tarte berean—, eta, batez beste, hemeretzi gaztek hartu zuten parte saio bakoitzean.
Lehen eragina
Maite Arana Larraulgo alkateak adierazi zuen programak on egiten diola udalerriari. «Baliabide gutxi eta ia langilerik ez duen gurea bezalako udal batentzat ia ezinezkoa da gazteei halako zerbitzu bat eskaintzea laguntzarik izan gabe. Larraulen 260 biztanle gara, eta 18 urtetik beherakoak dira horietako 58; hau da, herritarren %23 baino gehiago». Horregatik, esker onez mintzatu zitzaion aldundiari, Gure Plaza Txo! programak aukera ematen dielako, «herritik ateratzeko beharrik gabe», gazteei aisialdirako eskaintza bermatzeko. «Herrian errotzea sustatzen dugu Gure Plaza Txo! programarekin. Ikasturte honetan hamahiru nerabe ari dira parte hartzen ekimenean. Gainera, gero eta sendoagoa da talde izaera, eta gero eta gehiago parte hartzen ari dira jardueren antolaketan».
Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkatea bat dator Aranarekin: haren hitzetan, «sendotu» egin dira herriko nerabeen eta gazteen arteko harremanak Gure Plaza Txo! programari esker, eta protagonismo handiagoa dute orain herriko jardueretan.