«Haurrei eskubideak eta hitza ematea ez da haiek nahi duten guztiari baiezkoa ematea»

«Haurrei eskubideak eta hitza ematea ez da haiek nahi duten guztiari baiezkoa ematea»

Eskola kirola egitea jada ez da derrigorrezkoa izango kirol klub batean aritzeko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hala ebatzita. Ainhoa Azurmendi kirol aholkulari eta EHUko Psikologiako irakasleak (Hernani, 1978) uste du eskola kirola onuragarria dela umeentzat hezkuntzaren ikuspegitik, klubetan jorratzen ez diren alor batzuk lantzen direlako.

[articles:2137412]
Zer iruditzen zaizu epaileak eskola kirolari buruz hartutako erabakia?

Nik uste dut ezjakintasunean oinarritutako erabaki bat dela. Izan ere, asko hausnartu ostean, ondorioztatu zen adin batzuetan garrantzitsua dela askotariko kirolak probatzea eta horrek ez dituela mugatuko haurrek beste kirol batzuetan garatu ahal dituzten gaitasunak. Gainera, gorputza mugitzeak onura asko ditu. Oso kirol gutxitan dago bermatua txikitan espezializatuta etorkizunean horretan ona izango zarela. Pertsona batek potentzial guztia garatzeko, askotariko gauzak probatu behar ditu, eta, nire ustez, haur txikiei aukera hori eman behar zaie.

Umeei, beraz, ez die onik egingo epailearen erabakiak?

Ez dakit familiak horren jakitun diren, baina, azken finean, eskola kirolean kuota batzuk ordaindu behar dira, eta kuota horiek ez dira ordaintzeko modukoak familia guztientzat. Eskola kirolak unibertsaltasuna du helburu; hau da, baliabide mugatuagoak dituzten familiek parte hartzeko aukera edukitzea. Eskualde eta herrien arabera egiten da, eta, batzuetan,  gizarte zerbitzuek lagundu egiten diete familiei kuota hori ordaintzeko. Hori alde ekonomikotik begiratuta, baina, nire ustez, garrantzitsuena da abileziak eta gauza asko probatzeak onurak dakartzala.

Epaileak dio klub batean egoteko ezinbestean multikirol programan parte hartu behar izatea «zuzenbidearen aurkakoa» dela, eta «adingabeen eskubide indibidualen kontrakoa», baldintzatu egiten dituelako haien kirol ikasketetarako jarduerak. Horrela dela uste duzu?

Ez. Jakina, entzun egin behar zaie haurrei, baina arlo guztietan entzun behar zaie. Begira, orain dela gutxi Nazioarteko Olinpiar Batzordeak argitalpen batean aipatu du aukera hori haurrek egiten dutelako ustea ez dela egia. Helduek baldintzatzen dute erabaki hori. Haurrek esan dezakete ez dutela eskolara joan nahi, baina horretan ere kasu egin behar zaie? Nik uste dut lagundu egin behar zaiela bidea egin eta pertsona autonomoak izan daitezen, baina badaude oinarrizko gauza batzuk on egin diezaieketenak. Haurrei eskubideak eta hitza ematea ez da haiek nahi duten guztiari baiezkoa ematea.

Eskola kirola egitea aberasgarria da haurrentzat?

Epaileak esan zuen askotariko kiroletan ibiltzeak dispertsioa eragin zezakeela. Ez dakit zer dakien epaile horrek dispertsioaz, baina nik aberastasuna aipatuko nuke. Galdetu gure inguruan dauden beste kirol klub batzuetakoei —futbolekoei, adibidez—, eta hori baloratzen dute. Ona da haurrekin askotariko kirolak lantzea, haien gustuen arabera gero bat edo beste aukeratu ahal izan dezaten. Gauza bat bakarrik probatu baduzu, zailagoa izango da.

Familia batzuk ez daude ados eskola kirola derrigorrezkoa izatearekin.

Nik uste dut sistema guztia ezagutu behar dela, bere osotasunean. Hobekuntzak egin behar dira, hori egia da, baina barrutik, eta horretarako izugarrizko lana egiten hari dira herri eta eskualde batzuetan; haurren eta familien beharrei erantzuteko garaian, adibidez. Izan ere, asteburuetan batzuek kanpora joan nahi izaten dute, eta eskatzen ari dira hainbeste partida ez izateko. Asteburuetako partidekin lotuta, nik uste dut badagoela haserre moduko bat gurasoen artean, zera adierazten duena: «Niri ez didazu esango zer egingo dudan nire haurrarekin».

Uste duzu haurrek eskola kirolaren kontra egitea haien kalterako dela?

Sinesgaitza egiten zait haurrek beraiek kontra egitea. Begira, psikologiaren ikuspegitik, badakigu hainbat arrazoi daudela txikiak direnean kirolean hasteko. Arrazoi nagusia motibazioa da, eta barne motibazio hori etxetik dator. Hala ere, eragin handia dute lagunek, eta haiekin batera esparru ludiko-pedagogiko horietan ibiltzeak. Beste gauza bat da haurrentzat karga handia izatea  egunero gauza asko egite hori, baina hori beste hausnarketa bat da.

Jarduera fisikoa garrantzitsua da. Eskola kirolaren bidez, hori osatu nahi da, hezkuntzaren parte oso garrantzitsu gisa hartzen baita. Klubak lehiaketetara begira daude, baina ez hainbeste hezkuntzaren ikuspegitik. Espezializazioak ez du ezer bermatzen, eta ikasteko, jolasteko edo beste pertsona batzuekin harremana izateko aukera kentzen du. Horregatik jarri zen abian igeriketa kanpaina, ikusten baita beharrezkoa dela ume guztiek igeri egiten jakitea. Orduan, guztiz zentzuzkoa iruditzen zait hori hezkuntza arlotik kudeatzea, eta klubek ez dute gaitasunik hori guztia egiteko.