Oinarrizko kirolerako agertoki berri bat Gipuzkoan

Oinarrizko kirolerako agertoki berri bat Gipuzkoan

Saskibaloia, eskubaloia edota futbola jada ez dira derrigorrezkoak izango 13 urtetik beherako Gipuzkoako haurrentzako. Orain arte umeek eskola kirolean izena emanda egon behar zuten talde kirolen bateko klub batean egon nahi bazuten, eta baldintza horrek eragina zuen hainbat klubetan, jende gutxiago apuntatzen zitzaielako. Duela hiru aste, ordea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren exijentzia hori. Agertoki berri bat zabaldu da.

Pasaiako familia batek jarri zuen helegitea; izan ere, haren 9 eta 11 urteko alabek saskibaloi klub batean aritu nahi zuten, baina ez kirol eskolean. Auzitegiak arrazoia eman zien, eta horren ondorioa da epaia. Familiak arrazoitu du Bizkaian eta Araban lehentasuna ematen diotela eskola kirolari, baina ez dela derrigorrezkoa eta Gipuzkoan bai. Pasaiako familiaren antzera, bada jendea eskola kirola derrigorrezkoa izatea nahi ez duena. Kontrara pentsatzen duena ere bada, eta asko.

[articles:2137413]

Otsailaren 6an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura, Lankidetza, Kirol eta Gazteria Batzordean egindako agerraldian, Goizane Alvarez Kirol foru diputatuak aditzera eman zuen aldundiko zerbitzu juridikoek lanean jarraitzen dutela epaiari helegitea jartzeko: «Tinko sinesten dugu eskola kirola funtsezkoa dela garapen osasungarria lortzeko. 8 urteko haurrak fisikoki heldu aurretik goi errendimendura bultzatzea eragotzi behar dugu».

«Tinko sinesten dugu eskola kirola funtsezkoa dela garapen osasungarria lortzeko. 8 urteko haurrak fisikoki heldu aurretik goi errendimendura bultzatzea eragotzi behar dugu»

GOIZANE ALVAREZ Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatua

Helegitea jarritako familiak ziurtatu du aldundiaren legedia EAEko Estatutuaren eta Kirolaren Legearen kontrakoa dela, lege horretan zehaztuta baitago kirolaren eremuan erkidegoak duela «eskumen esklusiboa». Dena dela, Alvarezek nabarmendu zuen Gipuzkoako ereduak bat egiten duela Kirolaren Legearekin: «Lege horrek kirol minoritarioak egitea sustatzen du, askotariko ekosistema bermatzen du eta haur bakoitzaren aukerak zabaltzen ditu, bizitzarako gaitasunak jolasaren eta dibertsioaren bidez irakasten baitizkie, eta ez emaitzei, lehiaketari eta talentuari begira. Eredu solidarioa da, integratzailea, eta ikastetxeak erdigunean jartzen dituena, guztientzako espazio irisgarriak baitira, presiorik eta estres lehiakorrik gabeak».

Kirol klubetan arazoak

Xabi Castaño Gipuzkoako Errugbi Federazioko zuzendari teknikoak esan du multikirolaren eredua ona dela, baina, haren ustez, hobekuntzak behar ditu: «Eskualde askotan hiru kirolera bakarrik mugatzen da, eta leku oso gutxi dago gainontzeko kirolentzako. Gainera, entrenatzaileek ezagutza eta formakuntza eskasa dute. Futbolaz badakite, baina beste bi diziplinez, oso gutxi». Horrez gain, Castañok —Gipuzkoako errugbi kluben izenean hitz egin du— azaldu du familia batzuentzako haurrak bi lekutan izena emanda egoteak —eskola kirolean eta klub batean— ekonomikoki arazoak ekar ditzakeela, «oso handia» baita gastua.

Errugbi Federazioko zuzendari teknikoaren iritziz, derrigortasunaren arazoa, proposamena «kalitate handiagokoa» izango balitz konponduko litzateke: «Egia bada eskola kirolean parte hartu dutenen ehuneko handi batek dioela jarduera ona dela, borondatezko parte hartzeak ez luke arazo handirik sortu behar». Esan du eskualde batzuetan hori eskola kirola egin behar izatea arazo bat izan dela, eta gurasoei azaldu behar izan diete zein zen araua.

«Ez dakit erabaki judizial honek on egiten digun. Agian, eskola kirolean izena eman ez duten haur batzuk orain errugbira etor daitezke»

XABI CASTAÑO Gipuzkoako Errugbi Federazioko zuzendari teknikoa

«Ez dakit erabaki judizial honek on egiten digun», dio Castañok. «Agian, eskola kirolean izena eman ez duten haur batzuk orain errugbira etor daitezke, ez dakit». Uste du aferak beste eztabaida «garrantzitsu» batzuk irekiko dituela. «Adibidez, zer da eskola kirolean eskaintzen dena? Edo nolako tratua ematen zaie kirol minoritarioei?».

Errugbian, adibidez, kirol kolektiboen taldearen barruan daude, eta saskibaloiaren, eskubaloiaren edota futbolaren parte hartzeko arau berak dituzte. Castañok azaldu du horrek kalte handia egiten diela, euren «errealitatea erabat ezerberdina» delako. Haren esanetan, azken urteotan joera izan da kirol guztiek parte hartzeko baldintza berak izatea, baina, errugbi federazioaren aburuz, arauak bakoitzaren errealitatera egokitu behar dira, eredua berdintasunezkoa izan ez dadin, eta ekitatea egoteko. «Denok berdin tratatzen bagaituzte, eta ez gara berdinak, kirol minoritarioak desagertu egingo dira».