UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak Enplegu Mahaia jarri du abian, eragileen arteko lankidetza sustatzeko, ideia berriak garatzeko eta eskualdeko udalerrietako —Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia— enplegua hobetzeko. Urtarrilaren 22an egin zuten lehen bilera, UKUEk Zarautzen duen egoitzan, 23 eragileren «parte hartze aktiboarekin». Han izan ziren Ion Arozena UKUEko lehendakaria eta Enplegu Saileko teknikariak, eta eragile guztien «interesa eta inplikazioa» eskertu zuten. Esan zuten nabaritu dutela badela konpromisoa eta nahia «talentuaren erronkari erantzuteko» eta «kalitatezko enplegua sustatzeko».
UKUEk Enplegu Plana 2024-2027 diseinatu eta garatu du, eta prozesu horretan eragile publikoen eta pribatuen arteko koordinazioa bultzatu du, eskualdeko ekonomiaren eta enpleguaren erronkak modu kolektiboan lantzeko. «Eskualdean kalitatezko enplegua sustatzeko funtsezkoa da eragile desberdinek sarean modu koordinatuan lan egitea, bakoitzaren indarguneak eta baliabideak uztartzeko», esan zuten UKUEko kideek. Izan ere, uste dute horrek modua ematen duela eskualdeko enpleguaren beharrei «erantzun koordinatu» bat emateko.
Iaz landu zuten plana, partaidetza prozesu bidez. Horretarako, jardunaldiak antolatu zituzten eragile sozioekonomikoekin, galdetegiak egin zituzten, bai eta elkarrizketak ere maila teknikoan eta politikoan. «Enplegu Planean ezarritako helburuak lortzeko, tokian tokiko lurralde eremuan dauden gizarte eta ekonomia eragileen parte hartze eraginkorra bermatu behar da, eta horretarako sortu dugu Enplegu Mahaia», dio udal elkarteak.
Eragileen arteko espazioa
Enplegu Planean zehaztutako ardatzak, ildo estrategikoak eta ekintzak martxan jartzeko sortu dute mahaia, baita behar berriak identifikatzeko ere. Edonola ere, argitu dute Enplegu Mahaia ez dela «berezko nortasun juridikoa duen egitura formal berri bat». Arduradunek «jabetza partekatua duen tresna» gisa definitu dute, eta esan dute «elkarrizketa tresna» bat dela, ikuspegiak eta jarduketa irizpideak partekatzeko balio duena. Lankidetza erreminta bat ere bada, kalitatezko enplegua sustatzea ahalbidetzeko. Gainera, tresna «egonkorra» da, lan jarraitua, planifikatua eta ebaluatua izango duena. «Eraginkorra» izango dela esan dute, eta praktikara bideratuta egongo dela.
Enplegu Mahaia diziplina anitzeko eragileen arteko espazio bat denez, koordinazioa, eztabaida eta hausnarketa sustatzen ditu, eta horrek «emaitza hobeak» lortzen laguntzen duela diote UKUEko arduradunek. Gainera, uste dute elkarlanean aritzeak «sinergiak» sortzen dituela eta «eragin handiagoa» izatea ahalbidetzen duela; batez ere, enpleguaren eta garapen sozioekonomikoaren arloan.
UKUEko arduradunen hitzetan, «enpleguarekin eta talentuarekin lotutako Urola Kostako eragile erreferenteak koordinatzeko tresna bat» da Enplegu Mahaia. «Foro horrek aukera ematen du kalitatezko enplegua sustatzeko eta talentua sortu, erakarri eta mantentzeko jarduketen inguruan eztabaidatzeko, ezartzeko eta jarraipena egiteko».
Protokolo Mahaia
Protokolo bat dago Enplegu Mahaia arautzeko, eta bertan jasotzen dira organoak, funtzionamendua eta eragileen arteko elkarlanerako metodologia, besteak beste. Gainera, Enplegu Mahaiaren barruan, «azpimahaiak» sortu dituzte, lanketa zehatzak eta operatiboak egiteko. Gaur egun, hiru azpimahai dituzte martxan: Talentua erakarri eta mantentzea izenekoa, Talentua sortzea izenekoa, eta Elkar-Ekin Lanean proiektua.
azpihelburuak
- Enpleguarekin eta talentuarekin lotutako eragileen arteko koordinaziorako eta lanerako gune bat sortzea.
- Kalitatezko enplegua sustatzeko eta talentua sortzeko eta mantentzeko egitasmoak eta proiektuak aktiboki proposatzea.
- Urola Kostan kalitatezko enplegua sustatzeko esku hartzeko beharrak eta lehentasunak identifikatzea.
- Enpleguaren eta talentuaren arloan Enplegu Mahaiaren esparruan planteatzen diren proposamenak aztertzea.
- Enplegu Planean ezarritako eta une horretan indarrean dauden ekintzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko foro iraunkorra izatea.
- Enpleguaren arloan ezarritako helburuak betetzea ahalbidetuko duten ekintzak eta proiektuak garatzeko eta abian jartzeko lankidetza sustatzea.
- Sistema eta baliabide publiko eta pribatu erantzukideen artean aliantzak sortzea, helburu komun eta partekatuarekin.
- Enplegua eta talentua sortzen eta erakartzen zeregin aktiboa duten eragileen eta baliabideen koordinazioa eta lankidetza erraztea.
Urtarrileko bilkuraren ondotik, udal elkarteak ekainean egingo du bigarren saioa. Egun horretan, azpimahaietan egindako lanketaren berri emango dute, eta Enplegu Planean zehaztuta dauden ekimenak lantzeko hausnarketak ere partekatuko dituzte. Enplegu Mahaiko kideak gutxienez urtean bitan elkartzea da asmoa. Nolanahi ere, saio gehiago egin ditzaketela esan dute, beharren arabera. Adierazi dutenez, beste eragileren batek Enplegu Mahaian parte hartu nahi izanez gero, UKUErekin harremanetan jar daiteke.