EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi ondotik, psikologo eta sexologo gisa jarduten du Ziortza Karranzak (Laudio, Araba,1982). Bilboko Gurenduz zentroko zuzendari eta psikologoa da. Elikadura nahasmenduak ez ezik, hainbat patologia ulertzeko eta sendatzeko terapia psikologikoa proposatzen dute zentro horretan. Karranzak esan du pazienteekin batera elikadura nahasmenduaren «zergatia» aurkitzeko bidea egiten duela.
Psikologoek nola detektatzen dituzue elikadura nahasmenduari loturiko patologiak?
Guregana ez dira zuzenean etortzen elikadura nahasmendua diagnostikatuta daukatelako. Beste arrazoi batzuengatik etortzen dira. Guk harrera egiten diegunean, galdetzen diegu jateko ohitura eta elikadurarekin zer harreman duten, eta askotan hortik tiraka ondorioztatzen dugu elikadura nahasmendua dutela.
Azken urteetan, zein dira elikadura nahasmenduarekin zerikusia duten ohiko gaixotasunak?
Antsietatea eta depresioa. Baliteke txikitan edo helduaroan sexu eraso baten ondorioz eragindakoa izatea elikadura nahasmendua. Besteak beste, autoestimu falta dutenak eta jazarpena jasan izan dutenak datoz guregana. Gizartearekin bat etortzeko zailtasunak dituen jendeak ere izan dezake elikadura nahasmendua. Era berean, gizartean oso markatua dago edertasun eredua, oro har, eta horrek ere eragin dezake.
Elikadurarekiko harreman gatazkatsua sendatzeko, nahasmenduak eraginiko zergatia aurkitu behar da?
Bai. Normalean, gu ez gara oinarritzen azalean ikusten dugunean; horren ordez, zergatia bilatzen hasten gara. Esate baterako, gerta liteke gertuko norbaiten heriotzak eragitea nahasmena.
Nolako laguntza ematen diezue?
Kasuaren araberakoa da laguntza. Gu ez gaude berezituak elikadura nahasmenduan. Askotariko esku hartzeak egiten dira. Batzuk ospitalearekin harremanetan daude, aurretik ospitaleratu egin zituztelako. Halakoetan, ospitaleak jartzen ditu baliabideak. Adibidez, nutrizionista batekin lanketa egingo dela bermatzen dute erietxean. Gurekin, berriz, autoestimua nola indartu lantzen dute.
«Gizartean oso markatua dago edertasun eredua, eta horrek ere eragin dezake elikadura nahasmendua»
Elikaduraren nahasmendua zabaltzen ari da?
Nabarmen. Gero eta jende gazte gehiagok sufritzen du.
Pantailen eraginarekin lotuko zenuke eritasuna zabaltzea?
Ez dakit hori horrela den erabat, baina pantailek sekulako eragina dute. COVID-19aren pandemiaz geroztik, pantailek indar handiagoa hartu dute. Sare sozialen erabilera igo egin da, argazkiek botere handia hartu dute, eta gazteen artean ondorio asko ditu.
Sare sozialetan gorputz perfektua izateko bideoak zabaltzen dira…
Bai, guztiz, eta gazteen artean oso joera arriskutsua da. Gazte batek kontatu zidan argaltzeko bideo asko agertzen zitzaizkiola Tiktoken. Adibidez, esan zidan Printzesaren dieta deiturikoa agertzen zitzaiola. Dieta mota horrek gazteei erakusten die egun batez ura bakarrik edan behar dela, eta biharamunean sagar bat soilik jan, eta abar. Orduan, egia da, sare sozialetan ez dago filtrorik, eta algoritmoek bilaketa oro elkarren artean lotzen dituzte. Ondorioz, egun batean dieta bati buruzko informazioa bilatzen baduzu, biharamunean kirola egiteko ehunka gomendio eta ariketa agertuko zaizkizu. Argalak izateko lehen baino askoz input gehiago jasotzen dute gazteek.
Horrez gain, mezu lodifoboak daude sareetan.
Gizartean oso zabaldua dago lodifobia, eta horri lotutako elikadura nahasmendu pila bat ari gara ikusten. Gorputz guztiak onartuko dituen gizarte bat lortu behar dugula uste dut. Eta, nire iritziz, oso garrantzitsua da azpimarratzea edertasuna gorputz mota guztietan dagoela.