Kuadrilla biologikoak. Ez direnak biologikoak. Pisukideak. Bertso eskolakoak. Institutukoak. Ezkondu behar omen dena eta bere lagunak. Masterra elkarrekin egin duen jendea; edo lana. Lankideak. Dantza taldekoak. Saskibaloi taldekoak. Familia biologikoak. Ez direnak biologikoak. Ez-dakit-zein herritako «gazteak». Urteak betetzen omen dituena eta bere lagunak. Parranda egin nahi duen jendea. Gazte asanbladakoak. Pala txapelketakoak. Antzerkikoak. Sagardoa dastatzea asko maite duen jendea. Lagunek konbentzitu dutena. Udalekuetakoak. Horietako askoren bikoteak. Umeak. Lanean finko egin omen dutena eta bere lagunak. Iazko sagardotegiko botea gastatu ez zutenak. Jendea, eta jendea, eta jendea. Eta tartean, kamuflatuta, zerbitzariak, saltzaileak, sukaldariak, garbitzaileak, autobus gidariak, taxiak, herritarrak, insomnioak, zikinkeria, zarata. Horiek denak eta gehiago juntatzen dira Hernanin, larunbatero-larunbatero, sasoi honetan.
Bertako lagun batzuek kontatu didate, txikiagoak zirenean, igandeetan, joaten zirela etxetik parkera, plazara, «kaxkora», eta oinak lurrari itsatsita geratzen zitzaizkiela. Ezagutzen ez zuten jende mordoa biltzen zela haien etxepeetan. Zikinak geratzen zirela kale izkinak. Horrela gogoratzen dutela aspaldiko txotx denboraldia. Eta orain, handiagoak egin direnean, gauza berbera gertatzen zaiela. Are, lehen baino itsatsiago geratzen zaizkiela oinak lurrean, ezagutzen ez duten jende gehiago biltzen dela haien etxepeetan eta zikinago geratzen direla kale izkinak.
Hernaniko lagun batzuek kontatu didate, txikiagoak zirenean, igandeetan, joaten zirela etxetik parkera, plazara, kaxkora, eta oinak lurrari itsatsita geratzen zitzaizkiela. Ezagutzen ez zuten jende mordoa biltzen zela haien etxepeetan
Lehengo larunbatean han izan nintzen ni ere. Eguzkiak gogor berotzen zituen kokoteak. Eguerditik bihurtu ziren kaleak terraza. Ezkiaga pasealekuko bueltan-bueltako petrila «txiki» geratu zen. Lineako autobusak eta aldiriko trenak goraino bete ziren, eta hustu, Hernani Erdian. Inpaktua eragin zidan jendetzak. Poteoan zehar ondoan tokatu zitzaidan lagunak eta biok komentatu genuen «hernaniar gaixoak, asteburu bat eta beste bat horrela». Eta lotsatu egin ginen, egia esan, ze urtero-urtero gauza bera pentsatzen dugu, justu, gu ere sagardotegi planean joaten garen egunean. Bazkalondoko poteoan uste dut ez ginela gehiago herritarrekin akordatu.
Txotx denboraldia hasitakoan, gu ere joan izan ginen gurasoekin sagardotegian, txikiagoak ginenean, larunbaten batean. Orduan ere jendea aztoratuta ibiltzen zen sagardotegian. Garrasi egiten zuen jendeak kristalezko edalontziak lurrera eroritakoan. Abesti ezagunak kantatzen zituen garrasika. Nik belarriak tapatzen nituen gutxiago entzuteko. Azkenerako oinak lurrari itsatsita geratzen zitzaizkigula akordatzen naiz ni ere, gure herriko festetan bezala. Baina handik etxera gindoazen gu, eta etxetik beti-betiko parkera, plazara, eta ahaztu egiten genuen sagardotegiko mundu hura guztia, hurrengo urtera arte gehienetan.
Horiexek gara orain gu ere: sagardotegian ondo-ondo pasatu eta etxera doazenak. Zaindu nahi omen genituzke herritarrak, nahi omen genituzke errespetatu haien tokiak, ohiturak, beharrak. Guk ez dugu uste Hernani-Astigarragan turistak garenik, gu gertukoak omen gara. Ezagutzen omen dugu sagardoaren kultura. Ez omen gaude ados festa molde berri horrekin. Bertsoak kantatzen ditugu, panderoa jo. Ez omen dugu «haiek» bezala garrasi egiten. Ez dugu izan nahi sidrero. Herrikoen lagunak izan nahi omen dugu. Beti-betiko sagardotegi planak egin. Eta, azkenean, geu gara asteroko makrofesta neurrigabearen lur horretan oinak eta eskuak eta begiak itsatsien ditugunak.