Azkoiti-Azpeitietako Iraurgi saskibaloi klubak kontzientzia piztu nahi du sexu erasoen protokoloaren bidez

Azkoiti-Azpeitietako Iraurgi saskibaloi klubak kontzientzia piztu nahi du sexu erasoen protokoloaren bidez

Azkoiti-Azpeitietako ISB Iraurgi saskibaloi klubeko kideek urtebete inguru jardun dute haur eta nerabeak zaintzeko, sexu jazarpena eragozteko eta sexu erasoetatik babesteko protokoloa lantzen, eta urte honen hasieran jarri dute martxan. Klubeko arduradunek adierazi dutenez, protokoloaren helburua da kirola «modu osasuntsuan eta seguruan» egin ahal izatea. Hain zuzen ere, horren kontzientzia piztu nahi diete Iraurgi osatzen duten guztiei.

Iraurgiren zuzendaritzako kide Maitane Gurrutxagak jakinarazi du sexu erasoren bat gertatu aurretik egin nahi izan dutela bide orria. Izan ere, jakin zuten saskibaloi kluben batean kasuren bat izan zela, bai eta iaz emakume batek Gernika Lointek saskibaloi klubeko entrenatzaile Mario Lopez salatu zuela ere, adingabea zenean bortxatu zuelako. Hain zuzen, gertaera horiek bultzatu zuten Azkoitiko eta Azpeitiko saskibaloi kluba protokoloa diseinatzen hastera. «Geure artean galdezka hasi ginen Iraurgin horrelako zerbait pasatuz gero jakingo al genukeen zer egin edota nora jo», esan du Gurrutxagak. Galdera horri ez zioten erantzunik aurkitu. Horrenbestez, gida baten premia zutela sentitu zuten. «Klubeko zuzendaritza boluntariook osatzen dugu, eta, horrelako kasu bat gertatuz gero, ez genekien nola jokatu behar dugun. Hori ikusita, pausoak ematen hasi ginen protokoloa osatzeko».

«Iraurgiko zuzendaritzako kideok ez genekien nola jokatu sexu erasoren bat gertatuz gero. Hori ikusita, protokoloa osatzeko pausoak ematen hasi ginen»

MAITANE GURRUTXAGA Azkoiti-Azpeitietako Iraurgi klubeko zuzendaritzako kidea

Egin dute protokoloa, eta zuzendaritzaren helburua da elkarteko kide guztiak «kontzientziatzea», hala nola zuzendaritzakoak, jokalariak, entrenatzaileak eta jokalarien gurasoak. Horrez gainera, klub barruan jazarpen egoerak hautemanez gero, bide orrian zehaztu dute zein liratekeen eman beharreko pausoak eta jarraituko beharreko bideak.

Iraurgi «kolektibo zabal batek» osatzen du, eta haietako asko adin txikikoak dira. Ibon Guridi kirol koordinatzaileak adierazi duenez, kimu mailako bigarren urtetik senior mailara arteko 28 taldek osatzen dute ISB. 445 jokalari eta 50 entrenatzaile dira, eta haietako %60 emakumezkoak dira. Seniorretatik beherako taldeetan, neskenak gehiago dira mutilenak baino. Saskibaloi eskolan, berriz, 150 haur dabiltza. «Horietaz guztiez gainera, haur eta jokalari bakoitzaren familia eta ingurua hartu behar dira kontuan. Jende multzo handia dabil saskibaloi elkartearen bueltan».

Berdintasun plana

ISBk hainbat iturritara jo du protokoloa osatzeko. Gurrutxagak jakinarazi duenez, Gipuzkoako eta Espainiako saskibaloi federazioen bide orriak hartu dituzte aintzat, baita Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Babesteko Lege Organikoak esaten duena ere. «Nik enpresaren giza baliabideetan egiten dut lan, eta eskura izan dut enpresako berdintasun plana. Iraurgiren protokoloan hainbat kontu txertatzeko balio izan digu horrek». 

Azpeitiko Emakumeen Txokoak klubaren plana aztertu zuen, eta, hango kideen laguntzaz, urrian Iraurgiko entrenatzaileek eta zuzendaritzako kideek protokoloari buruzko formazioa jaso zuten. «Adin txikikoekin harremana duten kirol elkarte guztiek derrigorrez izan behar dute protokoloa eta horri buruzko ikastaroa eginda. Berdintasun plana izatea, ordea, kirol elkarteentzat ez da derrigorra», azaldu du Gurrutxagak. «Emakumeen Txokoko kideek gomendatu ziguten adin txikikoen protokoloa eta berdintasunekoa bide orri bakar batean biltzea, eta hala egin dugu».

«Protokoloan ardurak banatu ditugu klubeko eta klubetik kanpoko kideen artean, sexu erasoren bat gertatuz gero norengana jo jakiteko»

IBON GURIDI Azkoiti-Azpeitietako Iraurgi klubeko kirol koordinatzailea

Azkoiti-Azpeitietako klubeko jokalari eta entrenatzaileei bezala, zuzendaritzako kideei ere eragiten die osatu berri duten planak. «Protokoloak eragotzi egingo du zuzendaritzan boluntario dabilen kideek ardurak beren gain bakarrik hartzea. Klubak aurrez zehaztutako eta erabakitako pausoak eman beharko ditu», esan du Ibon Guridi kirol koordinatzaileak. «Protokoloan hainbat ardura banatu ditugu klubeko eta klubetik kanpoko kideen artean, sexu erasoren bat gertatuz gero norengana jo jakiteko». Horrenbestez, halako zerbait gertatuz gero, Iraurgik zehaztuta dauzka egin beharreko urratsak. «Protokoloa erabili beharrik ez badugu, hobe, baina eginda dago badaezpada ere».

Gurrutxaga zuzendaritzakideak dio elkarte barruan eragiteko osatu dutela protokoloa, eta, horregatik, klubeko kide guztiei «aletuta» helarazi dietela bide orria. Koordinatzailearen arabera, «irakurterrazagoa» egingo zaie atalka jasoz gero, «protokoloak denera 50 orrialde baititu». Protokolo osoa eskuratu nahi duenak bi bide izango ditu: klub@isb.eus helbide elektronikora idatzita eta 688 65 71 19 telefono zenbakira deituta.