Euskal pilotarekin harreman estua duen familia batean hazia eta hezia da Daniel Carballo arkitektoa (Zumaia, 1971). Bere ibilbidean, lanbidea eta denborarekin pasio bihurtu duen jarduna uztartu ditu: arkitektura eta pilota. Unibertsitateko tesirako egindako ikerketa lanean pilota jokoak eta arkitekturak duten harremana aztertu zuen, eta azken urteotan «ia ahaztuta dauden» pilota modalitate zaharrak ezagutzera emateko egin du lan.
Lanbidez arkitektoa bazara ere, pilotari lotutako bizitza da zurea.
Familian badugu pilotarekiko lotura. Aitona bat arotza zen, eta Zumaiako Odieta pilotalekuko giltzak zituen, mantentze lanak egiten zituelako han. Pala txikiak egin zizkigun, neurrira, eta oroitzapena daukat asteburu batzuetan lehengusu batzuk pilotan aritzen ginela, hark irakatsita. Frontoi askotan egona naiz aitarekin [Javier Carballo, Gipuzkoako Pilota Federazioko presidente ohia], ez hainbeste pilotari gisa, baizik eta ikusle gisa. 15 urterekin hasi nintzen pilotari.
Pilotan hasi aurretik beste kirol batzuetan aritu zinen, ezta?
Ni futbolean aritu nintzen, eta utzi egin nuen ez nuelako askorik jokatzen. Ume txikia nintzen, askorik pisatzen ez zuena, eta ez nuen futbolean aritzeko aukera handirik. Frontoian, aldiz, beti izaten da aukera, ez baitago ordezkorik. Aitak erraztasunak eman zizkigun pilotan aritzeko, baina ez gintuen inoiz behartu. Osaba Erramun Ostolaza ere palan ibiltzen zen, baita aitaren lagunak ere. Pilota beti izan dugu inguruan, baina uste dut zaletasuna geroago piztu zitzaidala. Nerabezarotik aurrera ordu dezente sartu ditut frontoian.
«Hemengo pilota plazen formek harreman zuzena dute pilota jokoarekin. Gerora frontoiak izango ziren, baina lehenago pilota plazak ziren»
Zesta-puntan aritu zara. Zergatik hautatu zenuen modalitate hori?
Anaia palan ibiltzen zen, eta, probatu nuenean, ezin nuen pala mugitu ere egin. Izan ere, palan aritzeko beso indartsuak behar dira, eta nik indar eta pisu gutxi nuen. Berandu hazi nintzen, fisikoki. Beranduago izan nuen nerabezaroa. Zestak tranpa hori dauka: indar gutxiago izanda ere, pilota erraz mugi daiteke. Aldaketa fisikoa izan nuenerako, dominatuta nuen zesta.
Noiz arte aritu zinen zesta-puntan? Izan al zenuen Ameriketara joateko aukerarik?
14-15 urterekin hasi nintzen, auzoko bizilagun batekin, Aitor Beristainekin, eta, gero, Manuel Mugerzak zesta-punta eskola bat ireki zuen. Han hasi ziren gero Luis Mari eta Antxon Alberdi, Gotzon Enbil, Igor eta Luis, beristaindarrak. Iñaki Osa Goikoetxea ere han hasi zen, baina geroago. Horiek guztiek profesionaletara egin zuten salto, eta pentsatzen dut, haiekin jarraituta edo haiek egindako bidea egin izan banu, agian aukera izango nukeela profesionaletan aritzeko. Ez nuen planteatu ere egin: unibertsitateko karrera egitea nuen helburua, eta ikasketak eta afizionatu mailako pilota uztartzea.
Inoiz damutu al zaizu urrats hori egin ez izana?
Damutu ez, baina kuriositatea piztu izan dit. Pixka bat urrun ikusten nuen Ameriketako Estatu Batuetara, Mexikora edo Italiara joatea, gaztetan ez duzulako zeure burua han ikusten; baina gerora, bai. Kirol esperientzia moduan, gustatuko litzaidake probatzea.

Arkitektura eta pilota uztartu dituzu azken urteotan. Nolatan?
Arkitekturako masterra egin nuen, eta irakasle sartu nintzen unibertsitatean. Pilotari buruz egin nuen master amaierako tesia. Frontoiko modalitateak ezagutzen nituen, plazako modalitate batzuk ere bai, baina ez nekien biak nola lotu. Aitaren bidez, Baztan-Malerrekako [Nafarroa] Laxoa elkartearekin jarri nintzen harremanetan, eta haien bitartez ezagutu nuen pilota plaza terminoa, baita hitz horrek hirigintzarekin duen harremana ere. Nire ikerketari esker ikusi nuen hirigintza, arkitektura eta pilotaren arteko harremana uste nuen baino estuagoa dela. Hirigintzak eta pilotak harreman zuzena izan dute Euskal Herrian. Are gehiago, hemengo pilota plazen formek harreman zuzena dute pilota jokoarekin. Gerora frontoiak izango ziren, baina lehenago pilota plazak ziren. Landu gabeko gaia zen pilota plazena, eta bide horri heltzea erabaki nuen.
Ia ahaztutako pilota modalitateak ezagutarazteko lanetan ere aritu zara.
Laxoa txapelketako bideoak grabatzen hasi nintzen. Gero, 2013an, Donostiako harresia eraitsi zutela bi mende beteko zirenean, Donostiako Parte Zaharreko elkarteak garai hartan jokatzen ziren pilota modalitateak berreskuratu nahi izan zituen. Talde horretan sartu nintzen, eta laxoan, bote luzean eta pasaka jokoan erakustaldia egin genuen han, Trinitate plazan, baita erakustaldi horri jarraipena eman ere. Talde hartan sortu zen Euskal Herriko bote luzeko txapelketa antolatzeko ideia. Txapelketa horri esker, 2017an Kolonbian jokatu zen bote luzeko modalitateko txapelketara joateko aukera izan genuen, ikurrinarekin eta euskal ereserkiarekin.
Bote luzeari buruzko mahai joko bat ere sortu zenuen. Nola otu zitzaizun egitea?
Denok dakizkigu euskal pilotako arauak, baina bote luzeak beste batzuk ditu. Marrak daude, ez da gauza bera pilota albo batetik edo atzetik ateratzea, kintzeka kontatzen da… Baditu zailtasun batzuk. Pentsatu nuen mahai joko bat sortzea arau horiek azaltzeko. Arkitektura jokoa ere bazen, Euskal Herriko edozein herriko plaza irudikatuko zuen jokoa diseinatu bainuen. Ezkerpareta bat egin nuen, frontisa, eliza, udaletxea eta seroretxe edo erremintari etxe bat. Abaltzisketako plazaren erreplika zen, baina tesirako egindako ikerketan konturatu nintzen herri guztiek plaza eredu edo formatu bera dutela. Tonto-tonto, Donostiako Jokoenean dago nire jokoa, mahai jokoen munduko museoan.
Euskal Herritik kanpo ere aritu zara. Zer harreman duzu Madrilgo Beti Jai frontoiarekin?
Beti Jairen historia jaso nuen tesirako egindako ikerketan, mota horretako frontoien ondorioz desagertu baitzen plazako pilota jokoa. Pilota joko berria deitzen zioten ikuskizuna bihurtu zen. Publiko berria erakarri zuen, baina ordura arteko zaleak joan egin ziren, dezepzionatuta. Beti Jai da modelo hartatik zutik geratzen den bakarra. Modalitateak aldatu egin zituzten, frontoi itxietara joan ziren, eta desagertu egin ziren ia 70 metro luzeko sabairik gabeko frontoi haiek.
«[Gipuzkoako Pilota Federazioko lehen mendeurrena] Karta joko bat ere aterako dugu; musean-eta erabili ahal izango da, baina irudiek pilotarekin zerikusia izango dute»
Beti Jai berritu zutenean, hango zuzendariak deitu zidan galdetzeko ea frontoi horretan zer pilota modalitate jokatzen ziren. Beti esan izan da zestan aritzen zirela, baina ez da hala: han punta-bolean aritzen ziren. Eskularru baten antzeko saski batekin jokatzen zuten, eta interpretazio zentrorako saski horren erreplika bat egitea erabaki zuten. Nik bideratu nuen enkargua. Hernaniko Galarretako erremonteko artisau Juan Pedro Ugarterengana joan nintzen, eta galdetu nion ea egingo zuen erreplika hori. Segituan hartu zuen enbidoa, eta hilabete batean egin zuen punta-boleako saskia. Gero, plano bat egin nuen, azaltzeko pilotaren sorreratik gaur egungo zesta-puntara arte saskiak izandako garapena, eta, hala, punta-bolea historia horretan kokatu nuen. Pilotako erremintak ere erakutsi nituen planoan, eta tartean dago zesta-puntako nire lehen saskia, Manuel Mugerzak egin zidana.
Gipuzkoako Pilota Federazioko lehen mendeurreneko liburua koordinatzen ari zara.
Federazioak batzorde bat du, eta hango kide naiz. Komentatu genuen aukera polita izango litzatekeela federazioaren historia kontatuko duen liburu bat argitaratzea. Horrekin batera, proposatu nuen klub bakoitzak bere historia kontatzea. Horretarako, Gipuzkoako 50 klubek baino gehiagok idatzi bana bidali dute. Adituek askotariko pilota modalitateez hitz egingo dute. Uste dut nahiko ikuspegi zabala emango dugula. Lanak historia koral bat eskainiko du.
Karta joko bat ere aterako dugu, musean-eta erabili ahal izango den karta jokoa, baina irudiek pilotarekin zerikusia izango dute: urrearen ordez, pilotak izango ditu; bastoiak palak izango dira; ezpatak, xisterak, eta kopak, txapelak. Marrazki horiek eskuz egin ditut, eta hemendik gutxira aurkeztuko ditugu. Izugarrizko ilusioz egiten ari naiz.
motzean
Non jokatu zenuen zesta-puntako lehen partida? Zumaian, Odietan, Aitor Beristainekin, Tolosako Oiarbide anaien aurka. Galdu egin genuen.
Eta azkena? Zumaian, Zumaiarekin eta Zumaiaren aurka.
Gogoko duzun pilotari bat? Zesta-puntan, Aritz Erkiaga.
Zer frontoitan jokatu nahiko zenuke? Gernikakoan eta Madrilgo Beti Jain.
Diseinatu nahiko zenukeen frontoia? Gernikakoa.
Gogoko duzun arkitekto bat? Ren Kuljas. Le Corbusier ere bai, eta hemen ingurukoa, Rafael Moneo.
Miresten duzun eraikin bat? Le Corbusierrek diseinatutako Frantziako La Tourette monasterioa eta Donostiako Kursaaleko kuboak.
Gehiegi baloratutako bat? Santiago Calatravaren edozein.