Cristobal Balentziaga moda diseinatzailea (Getaria, 1895-1972) historiako jostunik famatuenetariko bat izan zen. Hark egindako trajeak mundu osoko pasareletan jantzi zituzten, eta Balentziaga marka, gaur egun, munduko entzutetsuenetariko bat da. Bere ibilbidean, hainbat diseinatzaile izan zituen alboan; haien artean, Ramon Esparza (Lesaka, Nafarroa, 1923-1997). Esparzak urte asko egin zituen Balentziagaren ondoan, eta, orain, hura bilakatu da protagonista. Izan ere, Esparzaren omenez, Ramon Esparza. Bidasora itzuli zen erakusketa ireki zuten atzo Irunen, Amaia antzokian. Maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik.
Erakusketan hainbat elementu daude ikusgai. Kasurako, XX. mendeko Irungo jostunen lanak. «Irunen, Bonnecaze ahizpen tailerrean, 50 emakumek baino gehiagok egiten zuten lan. Eskualdeko tailerrik garrantzitsuena zen hura, eta bertan jantzi oso onak egiten ziren», esan du Pedro Usabiaga erakusketaren komisarioak. «Ahizpa horiek anaia bat zuten, eta 36ko gerra hasi zenean, hark zuen Paristik Balentziagaren gainerako tailerretara oihalak eramateko ardura». Usabiagak gaineratu du erakusketan ehun urte baino gehiago dituzten hiru jantzi daudela, Bonnecaze ahizpen tailerrean egindakoak. Esparzak Balentziagarekin Parisen egindako bederatzi jantzi ere jaso dituzte bilduman. «Bi ezkonberriren jantziak ere badira, Esparzak eginak».
«Balentziaga eta Esparza maiz etortzen ziren Irunera. Gainera, mugan bizi den hiri bat da Irun, eta Esparzaren istorioa mugaz gaindikoa da»
PEDRO USABIAGA Irungo erakusketaren komisarioa
Komisarioak dio arropak ikusgai jartzeaz gain bi artistei «aitortza berezi bat» egin dietela erakusketan. «Montes Iturrioz edo Mentxu Gal ziren Esparzaren eta Balentziagaren eredu Bidasoan, eta haiek ere erakusketan egon daitezen nahi genuen». Usabiagak esan du askotariko elementuak bildu dituztela, hala nola jantziak, historia, Esparzaren bizitzaren gaineko informazioa, Bidasoko herrien presentzia… Bilduma osatzeko, Esparzaren familiaren laguntza izan dute; hiru ilobena, hain zuzen ere.

Usabiagari iruditzen zaio oso garrantzitsua dela erakusketa Irunen estreinatzea. «Bi diseinatzaileak maiz etortzen ziren Irunera. Gainera, mugan bizi den hiri bat da Irun, eta Ramon Esparzaren historia mugaz gaindikoa da». Bi jostunak Lesakan bizi izan ziren denbora batez, Esparzaren familiaren dorretxean. Askotan joaten ziren Irunera, Porcelanas Bidasoa enpresan portzelana erostera edota Bonnecaze ahizpen tailerrera jantziak ikustera.
Lesakatik Parisera
Komisarioak azaldu du askok pentsatzen duela Balentziagaren «itzalean» bizi izan zela Esparza, baina nabarmendu du jostun nafarrak «maila handiko lanak» egin zituen bere kasa. 1923. urtean jaio zen, «familia kulturadun» batean. «Haren anaia Jose Emilio Esparzak Lesakako Olentzerori buruzko liburu bat idatzi zuen, eta haren aita Diario de Navarra egunkariko zuzendari ere izan zen. Ramonek txikitatik interes handia izan zuen modaren inguruan; beti zebilen marrazkiak egiten». 1940ko hamarkadan, Parisera joan zen Ramon Esparza, moda munduan «arrakasta» izateko asmoz, eta han ezagutu zuen Cristobal Balentziaga.
Hasieran, marrazkiak egiten zituen Balentziagarentzat, eta, ondoren, harentzat kapelak egiten hasi zen. Hala, «oso harreman estua» sortu zuten, Usabiagak kontatu duenez. Elkarrekin bizi ziren, eta lanean eta bestelako arloetan laguntzen zioten elkarri. 1972an zendu zen Balentziaga, 77 urterekin, eta Esparzak moda munduan jarraitu zuen.

1973. urterako, entzute handiko diseinatzailea bilakatu zen. Are, Chanel markako zuzendari artistiko izendatu zuten. Marka horretako 1973-1974ko denboraldiko neguko bilduma diseinatu zuen, baina egindako lanak ez zuen arrakasta handirik izan adituen artean, kritika asko jaso baitzituen. Bazen esaten zuenik Balentziagaren jantzien «kopia» bat zirela, edota Chanelen diseinuak «faltsifikatu» zituela. Horregatik, 1974an Chanelen zeukan kargutik kentzea erabaki zuten. Bere kasa aritu zen lanean gero.
Balentziaga hil ondotik, Esparzak haren memoria eta lana mundu osoan zabaltzeko helburua jarri zion bere buruari. «1973. urtean Balentziagaren mundua izeneko erakusketa handi bat egin zuen, New Yorken», esan du Pedro Usabiaga komisarioak. «Munduko hainbat lekutan jarri zituen erakusketak, hala nola Madrilen, Brasilen eta Donostian». Esparza arduratu zen Balentziagaren lanak mundura hedatzeaz, 1997an hil zen arte.
Bisita gidatuak
Ramon Esparza. Bidasora itzuli zen erakusketa atzo ireki zuten, eta gaur bisita gidatua egingo dute, arratsaldeko zazpietan, Usabiaga komisario dela. Nolanahi ere, beste bisita batzuk antolatu dituzte: martxoaren 15ean 18:00etan, eta apirilaren 13an 12:00etan.
Bisita gidatuak ez ezik, proiekzio bat ere egingo dute erakusketaren harira: Phantom Thread filma emango dute martxoaren 21ean, 19:00etan. Filmaren ondotik, Usabiagak hitzaldi bat egingo du, eta zinema munduan erabiltzen diren moda materialak izango ditu hizpide.