Aspaldi baten Arabako gure lagun batzuk etorri ziren Gipuzkoako izkina honetara afaltzera. Taberna euskaldun baten afaldu genuen. Zerbitzariak, karta eman ordez, zer zuten «kantatu» egin zigun. Lehenengo plateren zerrendan jamoia zegoela kontatu zuen. Jamoia. Arabar haien artean euskaldun berriren bat ere bazegoen, eta mahaian egindako komentarioa ―ez zerbitzariari― jamoiarena ea zer zen, hain euskaldunak izanda eta jamoia eskaini.
Elgoibarko kiroldegiko kantxan kartel bat dago. Bertan txutxeak debekatzen dira euskaraz. Txutxeak. Txikiak ginenean, karameluak jaten genituen, txikleak, pipak… gaztelaniaz golosina esaten zioten batzuek, eta beste batzuek, chucherias. Orain, ordea, chucheria hori laburtu egin da, chuche bihurtu, eta gaztelaniazko ch askorekin gertatzen den bezala, tx jarrita, euskaldundu egiten dugu berba. Txutxeak.
(Parentesi hau ez da batere ortodoxoa, baina ezin diot tentazioari eutsi; txuleta, pintxo, txorizo, txistorra… Zer gertatzen zaie gaztelaniaz idazten dutenei tx-rekin? «Tenemos txorizo cocido». Zer dela eta tx hori? Hizkuntza eskakizunen bat ote dute ortografiari dagokionez taberna-jatetxe horiek? Euskaldun berniza nahi baduzue, jarri kartak eta menuak euskaraz, demontre! Parentesia itxita).
Azken boladan lentejuelak modan jarri dira, distira egiten duen ia edozer josten da arropetan. Purpurina ere nonahi ikusten da. Lehen Marbellako janzkeraren ezaugarria zena orain Primarkeko jantzi merkeetan ere badago. Horri guztiorri brilli-brilli esaten diote, glamour ustezko bati ere bai. Brilli-brilli gizartea. Euskaraz, nola ez, horrela esaten diote: «Zenbat brilli-brilli dauzkan jertseak!».
Zer gertatzen zaie gaztelaniaz idazten dutenei ‘tx’-rekin? «’Tenemos txorizo cocido’». Zer dela eta ‘tx’ hori? Euskaldun berniza nahi baduzue, jarri kartak eta menuak euskaraz, demontre!
Señora eibartarrek bazekiten benetako brilli-brilli zer den. Baina inoiz ez zioten brilli-brilli esan, bris-bris baino. Baita gaztelaniaz ere. «Siempre va llena de bris-brises», eta atzamarrekin keinu berezi bat egiten zuten. Bris-bris.
Euskaraz badugu brilli-brilli esateko modua, baina inportatzen ditugun hitz horiek ez ditugu inoiz kontsultatzen, inori ez diogu galdetzen ea nola esaten duten eurenean. Eta badauzkagu, ez denak, baina bai asko.
Bris-bris beharbada ez da hain ezaguna izango, andre distiranten artean hazi garenok baino ez omen dugu ezagutzen hitza-eta. Baina zer gertatu zaio litxarreria berbari? Txutxe-k baztertu du, ostikada bat emanda. Askok ulertu ere ez dute egiten, eta akaso pentsatuko dute golosina esateko hitzik ez zeukala euskarak. Bada, ez, baztertuta baina oraindik hortxe dirau tinko hiztun batzuen ahotan.
Eta litxarreriaren bidea, edo txutxearena, hobeto esanda, egiten dihardu jamoiak. Eta ez da izango euskara hitz faltan dagoelako txerriaren hanka ondua izendatzeko, ez horraitio! Urdaiazpiko, pernil, xingar, magra… baina jamoia. Inguruan 50 urte beherakoen artean ia ez du inork urdaiazpiko esaten, abandonatu egin dute berba. Ez diot, gainera, azalpenik aurkitzen. Pedantea dela irudituko zaie? Luzeegia? Ez dut ulertzen.
Ba ote dago zergatirik hain erraz, gure begien (belarrien) aurrean, denbora laburrean aldaketa azaltzeko? Txutxeak, jamoia eta brilli-brilli-a erakargarriagoak ote dira? Adierazkorragoak?
Egia esatera, bris-brisez betetako gizartean urdaiazpikoa jango dute, ugari eta ona, eta litxarreriak ez zaizkie faltako. Aberaskumeen berbak ote dira?