Beste jangela eredu batzuen eskean

Beste jangela eredu batzuen eskean

Ez da oso ohikoa janarian zomorroak topatzea, eta are gutxiago behin baino gehiagotan. Ohikoa ez den arren, ikastetxe batean baino gehiagotan gertatu da hori, besteak beste, Hernaniko Langile Ikastolan. 2023ko azaroan, ikastetxe horretako gurasoek jakinarazi zuten har bat aurkitu zutela jangelan ateratako janarian. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak espedientea ireki zion jangelako janariaz arduratzen den enpresari: Serunion enpresari. Gurasoek zioten enpresak ez zuela bermatzen umeei janaria ongi iritsiko zitzaienik. Egoera hori ikusita, jangela eredua aldatzeko lanean dabil Hernani Burujabe herri proiektuko Bidea herritar taldea, eta, berriki, herrian aurkeztu du proposamena. Hernanin ez ezik, Gipuzkoako beste hainbat herritan ari dira «jantoki duin» baten eskean.

Gure Platera Gure Aukera plataforma ari da lan horretan, eta iaz eskari zehatza egin zion Eusko Jaurlaritzari: aurrerantzean eraikiko diren ikastetxe publiko guztiek sukaldea edukitzea, eta sukaldea izateko eskaera egin duten ikastetxe guztietan ere aukera hori bideragarria den aztertzea. Gipuzkoako hamahiru ikastetxek egin dute euren eskola eta institutuetan sukaldea egiteko eskaera.

Bidea herritar taldeko kide Lide Iraola Azpeitiak esan du Hernaniko ikastetxe guztietako gurasoak —Urumea, Langile, Aratz, Txirrita, Elizatxo eta Hernaniko Institutua— «haserreak» bultzatuta bildu zirela. Jangela eredua aldatzeko asmoz hasi ziren elkartzen, uste baitute egungo jangela ereduak «porrot» egin duela. Hainbat bilera egin ondotik, gurasoak Hernani Burujaberekin jarri ziren harremanetan. «Hernani Burujabek bertako elikagaiak sustatzen ditu», esan du Iraolak. «Hemengo sektorearekin egiten dute lan, eta haien janaria prozesatzen dute sukalde transformazio gunean». Hain zuzen ere, gurasoek arrazoi horrexegatik jo zuten proiektu horretako kideengana.

«Bidea herritar taldeko kideak eskolako gurasoekin bildu gara, eta beste jangela eredu bat proposatzeko txosten bat osatuz joan gara, Eusko Jaurlaritzari aurkezteko. Izan ere, udalak, oraingoz, ez du baimenik eskola publikoei jangela eredu hori eskaintzeko»

LIDE IRAOLA Hernaniko Bidea herritar taldeko kidea

Gurasoen eta Hernani Burujaberen arteko bilkurak Bidea herritar taldeak dinamizatu ditu. «Taldeko kideak eskolako gurasoekin bildu gara, eta beste jangela eredu bat proposatzeko txosten bat osatuz joan gara, Eusko Jaurlaritzari aurkezteko. Izan ere, udalak, oraingoz, ez du baimenik eskola publikoei jangela eredu hori eskaintzeko». Ondu duten txostena herriko ikastetxeetan banatu zuten, eta Iraolak azaldu du batzar bat egin zutela irakasleekin eta gurasoekin. Bilkura hartan jangela eredu berriaren alde edo kontra bozkatu behar izan zuten, eta gehiengoak ontzat jo zuen txostenean proposatutakoa. Behin eskolen babesa lortuta, herritarrei aurkeztu zieten txostena, otsailaren 20an. «Hurrengo pausoa alderdi politikoekin biltzea izango da, proiektuak ahalik eta babesik handiena izateko», esan du Iraolak. 

Jangela eredu berriaren bidez, «elikadura eredu iraunkor eta jasangarri bat» lortu nahi dute. Haurrak «erdigunean» jarri nahi dituzte, haien osasuna baitute ardatz. Hala, «elikadura egokirako eskubidea» bermatu nahi dute, bai eta inguruko nekazari eta abeltzainei bultzada eman ere.

Bi proposamen

2023tik elkarlanean aritu ostean, egungo jangela eredua aldatzeko bi proposamen landu dituzte Eusko Jaurlaritzari aurkezteko. Batean, eskola bakoitzak sukalde bat edukitzea eskatzen dute, lehengaiak bertan kozinatzeko. Horretarako, ikastetxe guztiek «ongi hornituriko sukalde bat» beharko lukete, eta txostenak dio Langile Ikastolak bakarrik duela halako bat. Horrenbestez, gainerako ikastetxeetan ere sukaldeak sortzeko inbertsioa egin beharko litzatekeela dio Bidea herritar taldeak.

Azaldu dutenez, litekeena da aukera horrek «alde onak eta txarrak» edukitzea. Izan ere, haien ustez, elikagaiak «kantitate txikiagoan» eta ikastetxean egiteak janaria «mimo handiagoz» prestatzeko modua emango du, eta horrek elikagaien nutrienteak «hobeto kontserbatzea» bermatuko du. Baina proposamenak badu txarretik ere, eskola bakoitzean sukalde hornitu bana sortzeak «gastu ekonomiko handia» baitakar. Hala ere, Bidea herritar taldearen ustetan, inbertsioa «pixkanaka» egin daiteke.

«Hurrengo pausoa alderdi politikoekin biltzea izango da, proiektuak ahalik eta babesik handiena izateko»

LIDE IRAOLA Hernaniko Bidea herritar taldeko kidea

Beste aukeran zera proposatzen dute: herriko ikastetxe guztientzako sukalde bat egotea. Gaur egun, herriko ikastetxeek ez dute sukalde ekipamendurik, eta, hortaz, elikagaiak prestatuta garraiatzen dituzte ikastetxeetara. Beraz, proposamen horrek funtziona dezan, herrian sukalde zentralizatu bat jarri beharko litzatekeela uste dute.

Dena dela, aukera horrek ere badu onetik eta txarretik. Beste aukerarekin alderatuta, adierazi dute gastu ekonomikoa «txikiagoa» izango litzatekeela: «Ikastetxe bakoitzean sukalde hornitu bat eraiki ordez, herrian dagoen sukalde bat erabil daiteke, eta, bestela, berri bat eraiki». Alde txarrei erreparatuta, elikagaiak «kantitate handiagoetan» prestatuko lituzkete sukalde horretan, eta horrek zaildu egingo luke janaria «mimoz» prestatzea eta elikagaien nutrienteak modu egokian kontserbatzea.