Europan, gehien erabiltzen den tokiko moneta da euskoa. Gaur egun, Ipar Euskal Herrian erabiltzen da, eta hala izan da azken hamabi urteetan, sortu zenetik. Baina jauzi bat eman nahi du euskoak, eta Hego Euskal Herrian ere erabili ahal izango da laster. Bi eskualde izango dira euskoa erabiltzen lehenak: Baztan (Nafarroa) eta Oiartzualdea. Horrenbestez, Oiartzunen, Lezon, Errenterian eta Pasaian euskoarekin ordaintzeko aukera izango da aurki. «Bi eskualdeetan badago euskoarekiko interesa, beraz, aztertu beharko dugu nola txertatu», adierazi du Luix Intxauspe Gizartearen Monetako koordinatzaileak.
Eusko Monetak 2013. urtean sortu zuen euskoa, eta hasieratik euren helburua izan zen tokiko moneta Euskal Herri osora hedatzea. Orain, hamabi urte geroago, 6.000 eragilek parte hartzen dute tokiko monetaren funtzionamenduan, eta 4.000 lagunek baino gehiagok erabiltzen dute. «Denera, 4,3 milioi eusko daude zirkulazioan, eta, horrenbestez, Europako tokiko monetarik garrantzitsuena da», azaldu du Intxauspek. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko 1.400 enpresatan ordaindu daiteke euskoarekin.
«Baztanen eta Oiartzualdean ezin dugu Ipar Euskal Herrian dugun metodoa kopiatu. Horregatik, bi eskualde horietan nola hasi jakiteko, herriko eragile askorekin egin beharko dugu lan»
LUIX INTXAUSPE Gizartearen Monetaren koordinatzailea
Intxausperen ustez, Baztan eta Oiartzualdea eskualdeak elkarren artean «desberdinak» dira. Baztan «landa eremua» da, eta han garrantzi handia dute tokiko ekonomiak eta ekoizle txikiek. Gainerako eskualdeekin alderatuz, biztanle gutxiagoko eremua da. «Oiartzualdea, aldiz, eremu urbanoa da», dio Intxauspek: «Jende asko bizi da bertan. Komertzio eta zerbitzu eskaintza handia dago, eta martxan dituzte bertako merkataritza zaintzeko proiektuak». Horregatik, euskoa bi eremu desberdinetan erabiltzen hasteko, aztertzen ari dira herri bakoitzean nola txertatu eta zer bide egin. «Herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Baztanen eta Oiartzualdean ezin dugu Ipar Euskal Herrian dugun metodoa kopiatu, gauza asko oso desberdinak direlako. Horregatik, bi eskualde horietan nola hasi jakiteko, herriko eragile askorekin egin beharko dugu lan». Batzorde bat osatzeko asmoa dute, herri bakoitzeko eragile eta instituzioekin.
Euskoaren koordinatzaileek «proba pilotu» gisa landuko dute Baztangoa eta Oiartzualdekoa, eta, bide batez, hainbat ondorio atera nahi dituzte hortik. «Bi saiakera horiekin ikusi nahi dugu Hego Euskal Herri osoan nola jokatu euskoarekin, alegia, bi herri horietan erabilitako neurriak beste lekuetan probatu». Hain zuzen ere, otsailaren 8an mintegi bat egin zuten koordinatzaileek, euskoaren zabalpena Euskal Herri osoan sustatzeko, eta, euskoaren kudeaketaz arduratzen direnez gain, han izan ziren Oiartzualdeko eta Baztango zenbait eragile, bai eta Hego Euskal Herriko instituzio batzuetako ordezkariak ere. «Mintegian Eider Mendozak aipatu zuen horrelako ekintzak oso interesgarriak direla mugaz gaindiko harreman sozial eta ekonomikoak sustatzeko, eta hori funtsezkoa iruditzen zaigu», esan du Intxauspek.
Mugaz gaindiko harremanak
Koordinatzaileak dio euskoan parte hartzen duten enpresen %50ek Euskal Herriko hornitzaile bat topatu dutela euskoa erabiltzeari esker: «Askotan, Ipar Euskal Herriko enpresek Frantziara begiratzen dute hornitzaile bat behar dutenean, eta, Hego Euskal Herrikoek, Espainiara. Honelako ekimenei esker, mugaz gaindiko harreman ekonomikoak sortu ditzakegu, Iparraldeko eta Hegoaldeko enpresak lotuz». Gainera, Intxausperen ustez, oso garrantzitsua da euskoak tokiko komertzioetan duen eragina. «Erabiltzaileek, beren herriko komertzioetan euskoarekin ordaintzen dutenean, harreman bat sortzen dute negozio txikiekin, eta hori ere oso puntu garrantzitsua da».
Gaur egun, hiru modutara ordaindu daiteke euskoarekin: eskudirutan, txartelarekin eta aplikazio baten bidez. «Euskoaren erabiltzaileek urtean kuota bat ordaintzen dute», azaldu du Intxauspek. «Monetak lortzeko aplikazioaren bidez, euroak euskoengatik aldatu ditzake, eta, ondoren, horrekin ordaindu. Erabiltzaile bakoitzak aldatutako %3 elkarte sozialei bideratzen diegu. Iaz, adibidez, 75.000 euro banatu genituen 55 elkarteren artean».

Intxauspek uste du, euskoa tokiko komertzioak babesteko tresna izateaz gain, euskara eta euskal izaera babesteko tresna ere badela Ipar Euskal Herrian. «Euskoek Euskal Herriko ekonomia aberasten dute, hori argi dago. Euroekin ordaintzen dugunean, ez dakigu non bukatuko duen euro horrek, baina euskoarekin badakigu soilik hemen gasta daitekeela». Hego Euskal Herrian zirkulazioan jartzen denean, Europako mugaz gaindiko tokiko moneta bakarra izango da euskoa.