Gaur zortzi hasi zen Martxoan Bertsoa zikloaren 23. aldia, Urretxuko Soraluze tabernan. Aurten, hiru kidez osatutako bederatzi talde ari dira lehian taldekako txapelketan, eta lehenengo kanporaketan Jon Mendizabalek, Jon Gurrutxagak eta Jorge Anduezak osatzen duten Miletoko Fideua taldea izan zen garaile. Arkaitz Aizpuru, Mikel Iturriotz eta Gorka Santestebanen Ziripoto eta Jon Mata, Aritz Kortabarria eta Alazne Jauregiren Antzuolako AET taldeen aurka aritu ziren. Gaur jokatuko dute bigarren kanporaketa, Zumarragako Huts tabernan, eta honako hiru talde hauek arituko dira kantuan: Antton Fernandez, Uxue Fernandez eta Aitor Agirreren Uxurbil taldea, Manex Mantxola, Ander Kerejeta eta Jon Aztiriaren Tupis Tupau eta Amaia Iturriotz, Eli Zaldua, Ekaitz Samaniego, Paula Amilburu eta Xabi Antiaren Pinto Pintto.

Astebete barru jokatuko dute hirugarren kanporaketa, hilaren 14an, Zumarragako Urola tabernan. Han lehiatuko dira azken hiru taldeak: Bertso Olariak —Ane Beloki, Lierni Ugarte eta Jone Narbaiza—, Meaka ala Trekutz? —Mattin Aranburu, Martin Sagastibeltza eta Ibai Zabalo— eta Xelebrek —Uhaitz Oiartzabal, Sustrai Goenaga eta Amets Zubizarreta—. Saio bakoitzeko talde irabazlea finalerako sailkatuko da. Martxoaren 29an jokatuko dute finala, Urretxu-Zumarragako gaztetxean. Kanporaketa guztiak 22:30ean izango dira, eta finala, berriz, 19:30ean.
Bertsoaren hilabetea
Txapelketaren izenak dioen bezala, martxoan zehar Urretxu-Zumarragan egiten duten bertso zikloa da Martxoan Bertsoa. 2003. urtean herriko bertso eskolako gazte talde bat hasi zen hura antolatzen, eta dagoeneko «jarduera ezaguna» bilakatu da Goierrin. Bertso eskolako kideek jende aurrean trebatzeko esparru bat izan zezaten sortu zuten, bai eta bertsoa herrira eta tabernetara eramateko helburuz ere.
Jardueraren ardatz nagusia taldekako txapelketa den arren, ohiko moduan, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Aurtengo aldirako, bertso ikastaro irekia eta bertso jarrien emanaldi musikatua, esaterako. Martxoaren 21ean izango da bertso ikastaroa, 19:00etan, Urretxuko kultur etxean, eta martxoaren 27an, berriz, Gerraz bertso jarrien emanaldi musikatua, 19:00etan, Zumarragako kultur etxean. Egun horretan, Negu Hurbilak taldeak XX. mendeko gerrei jarritako bertsoak kantatuko ditu Zumarragako kultur etxean, eta musika izango dute lagun.
Mikel Iturriotz bertso eskolako kidearen esanetan, herrian harrera «ona» du Martxoan Bertsoa zikloak. Hala eta guztiz ere, uste du gazteen presentzia «apala» izan dela azken urteetan. Esan du pandemiaren ondotik jendea erakartzea lortu bazuten ere bertsotan hasteko jauzia ematea zaila egiten dela gaur egun. «Jende gaztea animatzen bada, normalean, gai-jartzaile lanak egiteko edo beste modu batean laguntzeko mugitzen da».

Egoera hori iraultzeko, parte hartu nahi duen orori «erraztasunak» jartzen saiatzen dira. «Iaz bertso eskolak antolatzen ibili ginen, eta aurten bertso tailer irekia antolatu dugu», Iturriotzek azaldu duenez. Nolanahi ere, antolatzaileek gazteenak erakartzeko egindako ahaleginak ez ditu esperotako emaitzak eman. «Erabaki genuen neurri kontzienteak hartzea belaunaldi gazteen parte hartzea bultzatzeko: ariketak erraztuz, aurrez girotze afariak eginez eta sare sozialak erabiltzen hasiz, besteak beste. Baina handiegia da oraindik bertsolarion eta publikoaren arteko distantzia. Horrek ez luke hala izan beharko, eta horri buelta eman nahi diogu».
Iturriotzek dio txapelketaren bueltan sortzen den giroa baliatu nahi dutela jendea erakartzeko. «Tailerrarekin hasiko gara taldekako txapelketaren atseden asteburuan, eta, hain zuzen ere, txapelketan sortzen den giroa aprobetxatu nahi genuke jendea animatzeko». Bertso tailerretan, Martxoan Bertsoan egiten dituzten ariketa berak landuko dituzte, «lagunartean eta giro onean». «Gure helburua da hilean behin bertso eskolak egitea datorren urteko aldiak sasoi ona izan dezan».
Iturriotzek gaineratu du kultura «jende garrantzitsu eta serioak» soilik egiten duela badirudi ere, Martxoan Bertsoa eta antzeko zikloek aurkakoa erakutsi nahi dutela. «Erakutsi nahi dugu, trebakuntza pixka batekin, edozeinek parte hartu dezakeela txapelketan». Gainera, antolatzaileei iruditzen zaie euskara gaueko eremura eramatea eta hizkuntza «dibertsio klabeetan» erabiltzea «oso ariketa interesgarria» dela. «Uste dugu garrantzitsua dela euskara ingurune desberdinetara eramatea, hori ere badelako jende gehiago erakartzeko beste modu bat».
Bertso eskola
Abenduan lortu zuten haurren bertso eskola berriro martxan jartzea. Otsailetik ekainera bitartean, asteartero izango dira klaseak, 16:45etik 17:45era, Urretxuko kultur etxean. Aratz Igartzabal Bidegain Potto bertsolaria da Ikastaroaren dinamizatzailea, eta parte hartzaileek hitzak, errimak, doinuak eta bertsoak lantzeko aukera izango dute saioetan, betiere, jolasen bidez. Iturriotzek dioenez, bertso eskolaren erronka nagusia eskola «egonkortzea eta indartzea» izango da, eta, hala, Martxoan Bertsoa ziklora jende berria erakartzea.