Mozorroen jolas hori

Mozorroen jolas hori

Urteko sasoi honetan, balkoiak eta leihoak koloretako trapuz janzten direnean, hainbat eta hainbat izaki iristen dira gure herrietara. Lehenago, beti pentsatzen nuen Nafarroara, Zuberoara edo Nafarroa Beherera joan behar genuela izaki eta festa horiek ezagutzeko. Beti iruditzen zitzaizkidan interesgarriagoak niretzat urruti zeuden toki horietan ospatzen ziren inauteriak, gure inguruko dena delakoa baino. Eta ezagutu ahala han-hemengo jendea, eta ibili ahala han-hemengo jendearekin, jakin nuen bazirela Gipuzkoara ere iristen diren hainbat eta hainbat izaki: Oiartzungo intxixuak eta mendiko sorginak, Abaltzisketako txantxoak, Legazpiko Lintx eta katamaloak, Eibarko kokoak, Aretxabaletako eta Eskoriatzako kintoak, Segurako hartza, Usurbilgo Urde, Donostiako lorezainak, Lezoko Trapujalea… Inauteriak, han edo hemen, bere horretan iruditzen zaizkit interesgarriak orain.

Gurean, inauteriak iritsi bitartean, asteak eta asteak pasatzen genituen eskolan kantuak eta dantzak entseatzen. Asteburuan dantzek hartzen zituzten herriko kaleak. Tolosako karroza eta desfile jendetsuei egiten genien bisita. Etxean, hankaz gora uzten genuen mozorrotarako arropa gordetzen genuen egurrezko kutxa. Txaranga soinuak entzuten genituen goizero irratian. Iristen zen asteartea, eta urduritasunez brinkoka joaten ginen eskolara; eta eskolatik etxera, hamabi eta erdietan. 

Niretzat mozorrotzea da sortzea zer bat eta bihurtzea zer hori gutxienez egun batez, jantziz eta ez-jantziz, eta parkean jolasean pasatzea eguna, arratsaldea, zer hori izanez.

Eguerdi hori niretzat urteko eguerdirik bereziena izaten zela gogoratzen dut. Eguna iritsi bitartean, asteak eta asteak pasatzen genituen etxean egun horretarako mozorro apain-apain bat prestatzen: zertaz jantzi erabakitzen, nola egin pentsatzen, eskulanak egiten, pegamentua zabaltzen, jantzia probatzen, zer falta zen konturatzen, xehetasun bakoitzari arretaz erreparatzen. Eta eguerdi horretan, azkar-azkar jaten genuen platerean jartzen zigutena, bezperan prest utzitako mozorroa janzten genuen soinean, kolokatzen genuen dena delakoa perfekzioz, konprobatzen genuen ez zela ezer falta ispiluan, eta ipurdia geldi mantendu ezinda begiratzen genion erlojuari, berriz eskolara abiatzeko garaia iritsi arte. Gero, inoizko harroen erakusten genien lagunei gure mozorroa, paseatzen ginen herriko kaleetan zehar, egiten genituen aurrez entseatutako dantzak, abesten genituen ikasitako kantuak, erretzen genuen Miel Otxin plazaren erdian, eta parkean jolasean pasatzen genuen arratsaldea. Hori zen guretzat inauteria; ez igual ez-dakit-nongo aparteko festa bezain interesgarria, baina bai urteko gauzarik dibertigarrienetakoa.

Etorri dira makina bat udaberri ordutik. Aldatu zaigu inauteriei begiratzeko modua, aldatu ohitura, ospakizuna, interesa, bizimoldea. Eta oraindik ere, gaur egun, urte sasoi honetan, balkoiak eta leihoak koloretako trapuz janzten direnean, eguerdi haien zera bereziarekin akordatzen naiz urtero. Gure herrietako izaki eta festa diferenteez harago, zeinak are interesgarriago iruditzen zaizkidan gaur egun, gutxienez egun bat mozorrotuta igarotzeko aitzakia dira niretzat inauteriak. Horregatik diot bere horretan iruditzen zaizkidala interesgarriak: niretzat mozorrotzea delako sortzea zer bat eta bihurtzea zer hori gutxienez egun batez, jantziz eta ez-jantziz, eta parkean jolasean pasatzea eguna, arratsaldea, zer hori izanez.

Mozorroen jolas hori zenbat gustatzen zaidan akordatzen naiz urtero urte sasoi honetan, eta beti pentsatzen dut igual aitzakiarik gabe ere bihurtu genitzakeela eguerdiak berezi.