Iragana eta oraina elkar lotzeko hariak

Iragana eta oraina elkar lotzeko hariak

Martxoaren 8a 1910ean izendatu zuten lehenengoz Emakume Langileen Egun gisa. Ordutik, askotariko adierazpenak egin dituzte mundu osoko emakumeek, baina, urteak pasatuta ere, letra larriz idazten da oraindik efemeride hori. Eta hainbat izan dira mende horretan, Gipuzkoan, emakumeek abiatutako borrokak; Andoaingo ehungintzako emakumeena eta Hernaniko Zikuñagako paper lantegikoena, esaterako. Baina badira iragana uste baino gertuago dagoela adierazten duten borrokak; kasu baterako, etxeko langileen eskubideen aldekoa. Gatazka horiek denek zera dute komun: emakume langileek abiatu zituztela.

Pepita Izagirre Andoaingo ehungintzan aritutako emakumeetako bat da, eta, 97 urte baditu ere, ez zaizkio ahaztu orduko langileen artekoak. Miren Clementek, berriz, Hernaniko paper lantegiko liskarrak presente dituen arren, etorkizunean du jopuntua. Eta Maritza Moreno orain sei urte iritsi zen Donostiara, eta etxeko langileen eskubideen alde ari da. Ez dute elkar ezagutzen, baina Izagirre, Clemente eta Morenoren istorioak elkarri lotuta daude. Azken finean, denek adierazi dute orainari begiratzeko iraganetik ikasi behar dela.

Maritza Moreno eta Tatiana Bellorin, etxeko langilea eta SOS Arrazakeriako teknikaria.

«Gizarteak ahaztu egin du emakume migranteen jubilazioa»

(ID_14722588) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-02-26, Donostia. Tatiana, SOS Arrazakeriako kidea
Maritza Moreno eta Tatiana Bellorin, otsailaren 26an, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Maritza Moreno (Nikaragua, 1966) duela sei urte hasi zen etxeko langile bezala lanean, 2019an. Donostian bizi da, eta gizarte eta osasun arloko ikastaroa egiten ari da egun, iaz langabezia prestazioa lortu zuelako. Etxeko langileek 2022an lortu zuten lehenengoz lege hori. Izan ere, ordura arte Espainiako Gobernuak ez zuen onartzen etxeko langileek langabezia prestazioa eskuratzea.

Morenok Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kideei esker jakin zuen zer eskubide dauzkan. «Euskal Herrira etorritakoan, uste genuen ez genuela eskubiderik, baina, aholkularitza eskatzean, baietz esan ziguten, baditugula eskubideak. Kontua da tarte handia dagoela esatetik egitera». Geroztik, Morenok SOS Arrazakeriak antolatzen dituen kafe taldeetan parte hartzen du.

Tatiana Bellorin SOS Arrazakeriako teknikariak (Nikaragua, 1988) azaldu du kafe taldeen helburua dela emakumeek «sareak sortzeko elkargune bat» edukitzea: «Emakumeentzako erreferentziazko elkargune eroso bat izatea da asmoa, beste emakumeen bizipenen berri izateko eta haien eskubideei buruz informatzeko». Horrez gain, Morenok trebatze eskoletan ere parte hartzen du. «Ez gara soilik kafea hartzen egoten. Arduradunek askotariko hitzaldiak antolatu izan dituzte, hala nola autoestimuari eta sexualitateari buruzkoak».

SOS Arrazakeriako kideek aholkularitza bulegoa dute Errenterian, eta teknikariak esan du azken urteotan kezka bat nagusitu dela: jubilazioa. Izan ere, Morenok dio «mugak» dituztela erretiratu ahal izateko: «Nik 58 urte ditut. Erretiratzen nautenean ez ditut kotizatuta edukiko eskatzen dizkidaten hamabost urteak, eta, beraz, nire pentsioarekin ezingo dut gela baten alokairua ere ordaindu». Kontatu du bestelako muga batzuk ere badituztela, hala nola nagusiak lan kontratua egin nahi ez izatea, edota langileak egindako ordu guztiak aitortu nahi ez izatea. «Gizarteak ahaztu egin du emakume migranteen jubilazioa», esan du Bellorinek.

Hori ikusita, SOS Arrazakeriako teknikariak uste du garrantzitsua dela «sentsibilizazio lana» egitea, eta jopuntuan jarri ditu familia kontratatzaileak eta instituzioak: «Familiek jakin behar dute etxeko langileek zer eskubide dituzten, eta instituzioek esku hartu behar dute horretan. Kontrol eta inspekzioen faltak dakar lanaren prekaritatea».

Morenok eta Bellorinek ziurtatu dute etxeko langileen «lan baldintza duinen alde borrokan» jarraituko dutela. Horretarako biltzen dira kafe taldeetan: Donostian, Tolosan, Zarautzen, Irunen eta Errenterian. Informatzea eta ikertzea ezinbestekoa dela berretsi du teknikariak, haren esanetan «zor historiko bat» baitago etxeko langileekin.

Pepita Izagirre, Andoaingo La Algodonerako langile ohia.

«La Algodoneran izaten genituen oihal onenak»

(ID_14737530) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-03-03, Andoain. Fanny Alonso eta La Algodonerako langile ohi bat
Pepita Izagirre, astelehenean, Andoainen. GORKA RUBIO / FOKU

Pepita Izagirre (Andoain, 1927) 10 urte zituela hasi zen Andoaingo La Algodonera fabrikan lanean. Egun, 98 urte betetzear dituela, gogoan ditu orduko kontuak. Etxe ondoko kafetegian eseri da, hainbestetan egin bezala, eta orduko lanaldiari buruz aritu da: «Jaunartzea egindakoan lanean hasten ginen. 10 urterekin hasi nintzen ni, egunean sei orduz. Baina, 14 urte betetzean, zortzi ordutara luzatzen zen laneguna». Langileak umeak izanik, altuera batera igo behar izaten zuten makinetara iristeko.

Fabrikan lanean hasi eta berehala, haurtzaindegira eraman zuten Izagirre. Izan ere, bazuen berezitasun bat Andoaingo La Algodonera enpresak: 1920an haurtzaindegia sortu zuten han; hain zuzen ere, emakumeak zirelako enpresako langile gehienak. Hori dela eta, Izagirre 12 urte ingururekin hasi zen umeak zaintzen, bi mojarekin eta beste lankide batekin. «Hamalau sehaska izaten genituen. Umeak hilabete eta erdirekin ekartzen zituzten. Mutilak 7 urte bete arte egoten ziren haurtzaindegian, eta neskak, aldiz, 14 urte bete arte. Gero lanean hasten ziren», kontatu du. «Azken finean, umeak zaintzen zituen ume bat nintzen».

Haurtzaindegian egoten ziren mojek ume helduagoak zaintzen zituzten, eta fabrikako emakume gazteei josten erakusten zieten, lanaldia bukatzean. Orduan ez ziren falta emakumeak elkartzeko tokiak. «Oso ondo moldatzen ginen gure artean, irteerak ere egiten genituen igandeetan», azaldu du Izagirrek.

Gogoan du «soldata hobea» lortzeko greba bat edo beste egin izana, baina dio ez zituztela «baldintza egokiak» borrokarekin jarraitzeko. Fabrikan gehienak emakumeak baziren ere, gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala nabarmena zen. Izan ere, enpresak hiru modutan sailkatzen zituen langileak: umeak, emakumeak eta gizonak.

(ID_17406521102445) (/EZEZAGUNA)
La Algodonerako langileak, 1955ean, Bizkaira egindako irteera batean.
SOR MARIA OIARZABAL / ANDOAINGO UDAL ARTXIBOA

Fanny Alonso (Andoain, 1969) moda diseinatzaileak Pepita Izagirreren eta ehungintzako beste hainbat emakumeren bizi istorioak jaso ditu azken urteotan, eta kontatu du orain bost urte Izagirrek mahaiaren bueltan esandakoa iltzatu zitzaiola. «La Algodoneran izaten genituen oihal onenak»: horixe esan zion Izagirrek Alonsori egun hartan. Geroztik, ikerketa lanetan hasi, talde bat sortu eta ehungintzako emakumeei ahotsa ematen dien proiektu bat ondu du Alonsok: Kotoiko emakumeak. Erakusketak antolatzen aritu da Gipuzkoako hainbat herritan. «Kotoiko emakumeak proiektuaren helburua da emakume horiei ikusgaitasuna ematea eta aitortza egitea», esan du. Haritik tiraka, Kotoi izeneko arropa marka bat ere sortu du, Maialen Porroyrekin, eta esker ona adierazi die orduko La Algodonerako langileei. «Azken finean, haien lanari esker gaude gu gauden lekuan».

Miren Clemente, Hernaniko Zikuñagako paper lantegiko langile ohia

«Guk argi genuen: denak ala inor ez»

(ID_14036932) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-07-02, Hernani. Miren Clemente,pentsiodunen mugimenduko kidea
Miren Clemente, iaz, Hernanin. ANDONI CANELLADA / FOKU

Miren Clementek (Tolosa, 1943) ume-umetatik izan du «injustizien aurka» egiteko borondatea. 14 urte zituela hasi zen lanean Zikuñagako (Hernani) paper lantegian, eta berehala sartu zen frankismoak baimendutako sindikatu bakarrean: Sindikatu Bertikalean. Clementek ahotsa zuen sindikatuan, baina ez zuen bozkatzeko aukerarik. Garai hartako eskaeren artean, adibidez, zera zegoen: laneko mantalen neurria langileen gorputzera molda zezatela, oso handiak baitziren ematen zizkietenak. Gerora, enpresako epaimahaiaren parte egin, eta sektorearen araberako hitzarmen kolektiboak adosten saiatu ziren. Dena den, Clementeren arabera, sindikalismoak «langileak defendatu» behar ditu, eta adierazi du ez zela hori gertatzen Sindikatu Bertikalarekin.

1967an greba egin zuten paper lantegiko emakumeek. 450 pertsona inguruk egiten zuen lan fabrikan; 30 emakumek egin zuten greba, «paperaren manipulazioaren saileko emakumeek», hain zuzen. Gatazka horrela hasi zen: egin beharreko jardueraren gutxienekoa gainditzean, langileek konpentsazio ekonomikoa jasotzen zuten, soldataz gaindikoa. Baina, aurretiazko abisurik gabe, gutxiago kobratzen hasi ziren —ordura arte baino %40 edo %50 gutxiago—, gutxieneko jardueraren balioa igotzearen ondorioz.

Lehenik, idatziz aurkeztu zituzten kexak, baina, enpresaren erantzunaren faltan, planto egin zuten. Produkzio osoa gelditzea lortu zuten, eta Clementek dio horrela jakin zuela, langile «gutxi» izanda ere, «zenbaterainoko indarra» eduki zezaketen. «Honako hau izan zen enpresaren estrategia: emakume guztiak kaleratu beharrean, egunero bi langile kaleratzea», esan du. «Bitarte horretan, kaleratuen etxera joaten ziren amore eman zezatela eskatzeko. Baina guk argi genuen: denak ala inor ez. Azkenean, denak izan ginen, bai: denak kaleratuak».

(ID_17410750856435) (/EZEZAGUNA)
Zikuñagako paper fabrikako emakumeak, lantegian. HERNANIKO UDAL ARTXIBOA

Horren ondoren, paperaren manipulazioaren saileko emakumeek bilerak egiten jarraitu zuten: «Elizaren eskumeneko lokaletan edo tabernetan elkartzen ginen, batuta jarraitzeko helburuz». Gainera, azpimarratu du «ezinbestekoa» izan zela Hernaniko bizilagunen elkartasuna: «Erresistentzia kutxa bat egin zen, eta jendeak ez zuenetik ere ematen zuen». Greba egin zuen emakume bakar bat ere ez zen bueltatu Zikuñagako paper lantegira. 

Gerora, garbitzaile lanetan hasi zen Clemente, eta egin zuen greba bat edo beste. Jubilatua dago egun, baina lanean jarraitzen du arlo politikoan. Pentsio duinen alde ari da buru-belarri, gizarteak «aintzat» har ditzan. Adierazi du «genero arrakala nabarmena» dagoela, emakumeek egin izan dituztelako «ordaindu gabeko zaintza lanak», eta, hortaz, ez dutelako «kotizaziopeko pentsioa jasotzeko eskubiderik». Gutxieneko pentsioa eta lanbide arteko gutxieneko soldata parekatzeko ahaleginetan ari dira. Izan ere, Clementek uste du taldean gauza asko lor daitezkeela.