Herria, epe luzeko lantoki gisa

Herria, epe luzeko lantoki gisa

Zumaiako, Getariako eta Azpeitiko udalek otsailaren 19an iragarri zuten udaltzainak kontratatzeko lan eskaintza bateratua egingo dutela, eta abian da prozesua. Zehazki, bost langile kontratatuko dituzte, Zumaiarako hiru, eta Getariarako eta Azpeitirako bana. Lehengo astean, kudeaketa gomendioa formalizatzeari behin-behineko onarpena eman zioten Zumaiako Udaleko ohiko udalbatzarrean. Izan ere, herri horretako udalak kudeatuko du lan eskaintza.

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearen hitzetan, badira urte batzuk udaltzainak kontratatzeko lan eskaintza egitea pentsatzen hasi zirela. «Pandemia garaian hasi ginen ideia honi tiraka, ikusten genuelako gure herrietara etortzen ziren udaltzain asko, iritsi bezain pronto, joan egiten zirela». Eskualdeko beste udal batzuekin harremanetan jarri ziren, eta Getariako eta Azpeitiko udalek interesa erakutsi zuten. «Udal horiek adierazi ziguten gure egoera eta behar berberak zituztela. Ondarroak, Markina-Xemeinek eta Lekeitiok antzeko prozesu bat dute martxan, eta hura erabili dugu lanean hasteko eredu gisa», esan du Zumaiako alkateak.

Haritz Alberdi Getariako alkatearen hitzetan, arazoa «estrukturala» da, eta «berandu baino lehen» eman behar zaio konponbidea. Ostolazak dio «oso prozesu naturala» dela hiru udalen arteko lankidetza. «Ohikoa da horrelako akordioetara iristea, baliabide gutxiago dituzten herri txikietan, batez ere».

«Herri bakoitzak du bere idiosinkrasia, eta udaltzainek hori ezagutu egin behar dute, herritarrekin kontaktuan egon behar dutelako denbora guztian»

HARITZ ALBERDI Getariako alkatea

Ostolazaren hitzetan, baina, prozesua abiatzea nahi baino gehiago luzatu zen. Izan ere, Zumaiako Udaleko idazkariak lanpostua utzi zuen, eta leku hori bete bitartean, ez zioten gaiari heldu. «Idazkari berria etorri zenean, hiru udaltzainek beren lanpostua utzi zuten, eta, azkenean, gaiari eutsi genion berriz». Orain, behin kudeaketa gomendioa formalizatu eta gero, deialdia martxoan irekitzea aurreikusten dute, eta bertan zehaztuko dituzte hautagaiek bete beharreko baldintza guztiak. 

Gertutasuna, ezinbestean

Ostolazak eta Alberdik azaldu dutenez, lanpostu deialdi horren bitartez «konfiantza eta gertutasuna» oinarri dituzten profilen bila dabiltza, bai eta edozein egoeratan euskaraz «arazorik gabe» komunikatzeko gai izango diren langileen bila ere. Gertutasun hori bilatzeko bidean, Alberdik azpimarratu du «oso garrantzitsutzat» daukatela langileek herrien gaineko ezagutza edukitzea. «Herri bakoitzak du bere idiosinkrasia, eta udaltzainek hori ezagutu egin behar dute, herritarrekin kontaktuan egon behar dutelako denbora guztian».

Horregatik, bi alkateek diote helburua dela Azpeitian, Getarian eta Zumaian lan egin nahi duten udaltzainak hautatzea. «Gure herrietara iristen diren udaltzain asko Bilbo ingurukoak izan ohi dira, eta euren asmoa ez da izaten gure herrietan lan egitea bizitza osoan», dio Ostolazak. «Oro har, nahiago izaten dute hiri handiagoetara joan, eta beste batzuk Ertzaintzan sartzen dira». Alberdi bat dator Ostolazarekin, eta azpimarratu du eskualdeko hiru herri horietan lan egin nahi dutenak hartuko dituztela aintzat: «Ondo dago beste leku batzuetan lan egin nahi izatea, baina guk bermatu behar dugu gure herrietan lan egin nahi duten udaltzainak edukitzea».

Bi alkateek gaineratu dute deialdi bateratuaren helburuetako bat herrietako udaltzaingoen taldeak egonkortzea ere badela. Azpeitian, esaterako, lehen mailako agenteen lau postu beteko dituzte, barne promozio baten bitartez. «Ondorioz, hasiko dugun prozesura lau udaltzain lanpostu gehitzea espero dugu», zehaztu zuen Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak otsailaren 19an egindako prentsaurrekoan. Hark esan zuenez, lanpostuak betetzeaz gain, lan poltsa eratuko dute prozesu horri esker, «hiru herrietan aurrerantzean sor daitezkeen beharrei erantzuteko».

Euskara ardatz

Herriaren ezagutza bermatzeaz gain, euskarari ere berebiziko garrantzia emango diote lan eskaintzaren deialdi publikoan. Orain artean bezala, hautagaiek hizkuntzaren B2 maila dutela egiaztatuko beharko dute, eta Ostolazak jakinarazi du azterketak egingo dizkietela hori bermatzeko. «Orain ere B2 maila eskatzen dugu, baina, hala ere, ikusi dugu askotan hori ez dela nahikoa egunerokotasunean zerbitzu on bat bermatzeko». Alberdik gaineratu duenez, herritarrekin ez ezik gainerako langileekin ere euskaraz hitz egitea lehenetsiko dute. «Gure erakundeetako langileen artean euskaraz hitz egin izan da beti, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dugu».  

«Orain ere B2 maila eskatzen dugu, baina, hala ere, ikusi dugu askotan hori ez dela nahikoa egunerokotasunean zerbitzu on bat bermatzeko»

IÑAKI OSTOLAZA Zumaiako alkatea

Zumaiako alkateak dio hautagaiei azterketako zatiren bat euskaraz egitea eskatuko dietela. «Ezin dugu bermatu %100ean, baina nekeza litzateke euskaraz azterketa bat egiteko gai izan eta, gero, egunerokotasunean hizkuntza horretan moldatzeko gauza ez izatea». Alberdi bat dator harekin. «Azken finean, gure herrietan euskaraz mintzo gara, eta jakin badakigu euskararen gaineko ezagutza duena gai izango dela zerbitzua gaztelaniaz ere emateko».  

Nolanahi ere, Ostolazak esan du langile horiek euren postuetan aritzeko pixka batean itxaron beharko dutela: «Deialdia ireki, helegiteen epeak igaro, azterketak egin, hautatuek formazioak egin… urtebete inguru igaroko da udaltzain horiek lanean hasterako. Deialdia Arkautik egingo balu ere, epeak antzekoak izango lirateke».