«Militatzen jarraituko dut osasun fisiko eta mentalak laguntzen didan bitartean»

«Militatzen jarraituko dut osasun fisiko eta mentalak laguntzen didan bitartean»

Pilar Garaialde Salsamendik (Alegia, Gipuzkoa, 1957) gertutik ezagutu ditu militantziaren aurkako errepresioa eta indarkeria. 1980an atxilotu zuten, bai eta torturatu eta Komando Autonomoetako kide gisa kondenatu ere. Handik bi urtera, 1982an, Triple A erakundeak haren aita hil zuen. 1987tik 1991ra Herri Batasuneko zinegotzi izan zen, eta urtebete eman zuen Uruguain euskal errefuxiatuen sostengu politikoan. Mugimendu feministan ere egin du ibilbidea, eta, gaur egun, Egiari Zor fundazioko bozeramailea da, besteak beste.

43 urte pasatu dira zuen aita hil zutenetik. Gaur egun nola sentitzen zara?

Egia ezartzeko borrokan jarraitzeko gogo eta asmo osoarekin. Egiarekin batera aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak lortzeko borrokan jarraitzeko indarrarekin. Estatu bortxaren biktimok jasaten dugun diskriminazioa gainditzeko borrokan jarraitzeko konpromiso irmoarekin.

Urteen eraginez aldatu al dira sentimendu horiek?

Bai, noski. Hasieran disoziazio moduko bat egin nuen. Hain zen gogorra gertatutakoa, hain sinestezina, hain mingarria… Hainbestekoa zen haserrea, halakoa zen mina eta amorrua… Ezin dut deskribatu hitzekin. Gertatutakoa ez zen nire barnean kabitzen. Zer izango zen hurrengoa? Ez al ginen nahikoa jazarpen sufritzen ari? Ni baldintzapean aske nengoen; izan ere, hiru hilabete lehenago, [Espainiako] Auzitegi Nazionalak zigortu ninduen urtebetez azpiko kartzela zigorrera, eta, ordainetan, hiru urte pasatu behar nituen baldintzapean aske. Beldurra ere sentitzen nuen. Orduan, jakina aldatu direla sentimenduak. Indar, konpromiso eta borrokarako gogo bizi bihurtu dira.

«Egiari Zor fundazioan kide ezin hobeak daude, bizitza osoko konpromiso politikoan dihardutenak, lan amaigabean»

Zerk bultzatu zintuen militatzeko pausoa ematera?

Besteak beste, 1968an Alegian izan ziren atxiloketek, Burgosko Prozesuan epaituetako bat Jokin Gorostidi nire aitaren lehengusua izateak, Txikiren eta Otaegiren exekuzioek, euskararen egoerak, Franco hil ondorengo mugimendu sozial eta politikoak, eta amnistiaren aldeko aldarrikapenek. Horrek guztiak bultzatu ninduen militatzeko pausoa ematera: lehen-lehenik, Amnistiaren Aldeko Mugimendura eta euskarara, gero Komando Autonomoekin harremana egitera, eta ondoren, Antinuklearrak, Herri Batasuna, Gestorak, LAB sindikatua, mugimendu feminista…

Behin baino gehiagotan jasan duzue estatuaren indarkeria.

1980an, atxilotu nindutenean, torturatu egin ninduten, beste hainbat eta hainbat bezala. Torturak salatu nituen prentsaurreko batean, Gipuzkoako gobernadore zibilak mehatxatu ninduen… Terrorismoaren aurkako legearekin atxilotu ninduten gehiagotan ere, eta epaitegitik pasatu gabe askatu. Torturak ez ditut inoiz frogatzerik izan, Euskal Herrian hainbestetan gertatu den bezala. 

Egiari Zor fundazioko bozeramaile zara gaur egun. Zer-nolako lana da ardura hori kudeatzea?

Egiari Zor fundazioan kide ezin hobeak daude, bizitza osoko konpromiso politikoan dihardutenak, lan amaigabean. Sekulako lana egiten dute biktimek jasan duten kategorizazioa gainditu eta giza eskubideen urraketak jasan dituzten guztiei aitortza maila bera ziurtatzeko. Ezkutuan dauden egiak itzaletik argira atera daitezen egiten dute lan, baita gure biktimarioen inpunitatea publikoki salatzen ere. Beste lan asko ere egiten dituzte, hala nola bizikidetza eratzeko justizia eredu alternatibo bat eraikitzen eta biktima guztien aitortza eta erreparazioa erraztuko duten mekanismo berritzaileak lortzen, ondorioak betikotu ez daitezen eta konponbideek oztopo gehiago izan ez ditzaten.

Lan horien barruan, zein da zure ardura?

Jendeak ni ikusten nau komunikabideetan, baina bene-benetako lana atzean dauden kideen konpromisoari, entregari eta militantziari esker egiten da, batik bat.

Gogora institutuko kontseiluko parte izateko proposatu zintuzten, baina azkenean ez zen gauzatu. Esan izan duzu proposamenak aurrera egin ez izana ez zela izan ezaugarri jakin batzuk ez betetzeagatik.

Ez zen gai pertsonala izan, ez. Ordezkatzen dudana kanpoan uzteko izan zen; alegia, estatuaren biktimen ordezkaririk ez egotea izan zen ni ez onartzeko arrazoia. Ez dut pertsonalki hartu, baina diskriminazio eta tratu txar horrek min egiten du. Izan ere, badakite birbiktimaziora eramaten gaituztela, eta horren jakitun egiten gaituzte.

(ID_14719581) (/EZEZAGUNA) garaialde-irudikutuna
Triple Ak bahitu eta hil egin zuen Pilar Garaialderen aita Pablo Garaialde, 1982an. Pilarrek «egia ezartzeko borrokan jarraitzeko gogo eta asmo osoarekin» segitzen du egun. Irudian, Garaialde eta haren senideak, 2012ko ekainaren 23an, Alegian, aitari egin zioten omenaldian. HITZA

Gogora institutuko kontseiluan ETAren bi biktima daude, eta egon behar dute, nola ez. Baina, benetan bizikidetzaren eta gutxieneko justizia baten alde egin nahi bada, aitortza minimo bat egongo bada, eta ez errepikatzeko bermeak ezarri nahi badira, estatuaren biktimen ordezkaritza batek ere egon beharko luke. Halere, EAJk eta PSEk aurretik zuten ni baztertzeko paktua egina, estatuaren biktimen ordezkaritza baztertzeko.

Zer da memoria zuretzat?

Memoriak garrantzi handia du bizitzako edozein arlotan. Euskal Herriko gatazka politikoaren eremura etorrita, hamarkadatako konfrontazio armatuaren ondorioz, giza eskubideen urraketa eragin duten hainbat indarkeria egon dira. Desberdina da biktima eta biktimario batzuei ematen zaien tratua eta beste batzuei ematen zaiena. Indarkeria jakin baten biktimek jaso dute dagokien aitortza ofiziala, eta legeak ematen dizkien eskubideak erabili ahal izan dituzte. Estatuak eragindako bortxaren biktima gehienok, ordea, egia ezartzeko borrokan jarraitzen dugu oraindik, heriotza eta giza eskubideen urraketa bakoitza ofizialki aitortu eta erreparatu dadin.

Poliziaren indarkeria, salbuespenezko espetxe politika, eskuin muturra, gerra zikina, tortura, FOP edo FSErekin izandako ustezko liskarren ondorioz hildakoak… Gertakizun horiek guztiak ere memoria dira. Eta kasu gehiegitan bertsio ofizialak eraiki badituzte, Poliziaren jokabidea justifikatzeko eta benetako krimenak ezkutatzeko eraiki dituzte. 12/2016 eta 15/2019 legeen bidez eratorri diren aitortza ofizialek garbi azaltzen dute diodana.

Zer azaltzen dute, zehazki?

Bertsio ofizialak gezurrak zirela. Oso ezagunak egin diren kasu ugari daude. Esaten dudan honek guztiak eragin zuzena du memoria lantzerakoan, eta egia horrek guztiak osatzen du memoria. Nazio Batuen kontalari Fabian Salviolik esan bezala, guk ere, estatuaren biolentziaren biktimok, memoriarako eskubidea dugu. Ona litzateke urtero oroituko den Estatuaren Biktimen Eguna ezartzea, eta aukera paregabea litzateke La Cumbre jauregia estatuaren biktimen memoria gune bilakatzea. Benetan bizikidetza parametro demokratikoetan eraiki nahi bada, behintzat.

Zure ustez, ba al dago ezberdintasunik emakumeen eta gizonen trataeran?

Jakina badagoela aldea emakumeen eta gizonen artean. Tortura kasuetan garbi ikusten da emakumeekiko eta gizonekiko ezaugarrietan: emakumeoi umiliazioa, gutxiespena, sexu bortxa bereizia eragin dizkigute. Azken finean, patriarkatuaren aurpegirik beltzenetakoa du torturak; hala tortura fisikoak nola psikologikoak. Politika oso maskulinizatuta dago. Memoria lantzerakoan, emakumeok ahaztuak izan gara, eta hori oso larria da, ondorengo belaunaldiek izango dituzten erreferenteak, gehien-gehienak, gizonezkoenak izango baitira.

Urteekin aldatu al da egoera?

Egia da azken urteetan kontzientziazio bat egon dela eta ari direla zenbait lanketa egiten emakumeekiko injustizia historiko hori amaitzeko. Zoritxarrez, askotan hutsune galantak sumatzen dira datu bilaketan, eta zailtasun ugari. Emakumeok munduko biztanleriaren erdia gara, eta askotan kolektibo bat bagina bezala tratatzen gaituzte. Diskriminazio laborala jasaten dugu: lan estereotipatuak, eta zailtasun handiak zoru itsaskorra edo kristalezko sabaiak gainditzeko. Soldata arrakala ere hor dago. Gutxiengo soldata jasotzen dutenen artean, gehienak emakumeak dira, eta horrek pentsioetan eragin zuzena du. Lan feminizatuak gutxiago baloratzen dira. Zaintza gure gain dago, esaten direnak esaten direla ere. 

«Memoria lantzerakoan, emakumeok ahaztuak izan gara, eta hori oso larria da, ondorengo belaunaldiek izango dituzten erreferenteak, gehien-gehienak, gizonezkoenak izango baitira»

Parekidetasuna berdintasuna balitz bezala saldu nahi izan digute. Eta horrela ere, parekidetasunean gure presentzia %40 izatea nahikoa iruditzen zaio patriarkatuari, eta esango nuke gehiegizkoa ere iruditzen zaiola, guri ez dagokigun zerbait emango baligute bezala. Aurten, dagoeneko, bi emakume erail dituzte. Espainiako Estatuan normalizatuta dago urtean 60-70 bat emakume erailtzea. Genero indarkeriaren eta indarkeria sexistaren gainean sakonago eta serioago hausnartu behar dugu: zerk huts egiten duen, nola landu heziketa, prebentzio politikak… Elkarretaratzetik harago, asko dute egiteko botere politikoak eta gizarteak.

Urteak ez dira alferrik pasatzen, eta militante zara oraindik ere.

Militatzen jarraituko dut osasun fisiko eta mentalak laguntzen didan bitartean. Ez dut beste bizitzeko modurik irudikatzen eskubideen aldeko borrokan ez bada. Hainbeste dago egiteko…

MOTZEAN

Erreferente politiko bat? Ezin dut izen bakar bat esan. Orokorrean, emakume feminista erradikal abolizionistak.

Atseden hartzeko leku bat? Udan, hondartza, eta, bestela, mendia.

Euskal Herriko toki kutun bat? Hauek dira galdera zailenak. Bakarra esatekotan, Getaria.

Eta atzerriko leku kutun bat? Montevideo [Uruguai].

Ereserki bat? Zutik emakumeak.

Zaletasun bat? Irakurtzea, mundu guztietara eramaten baitzaitu.