Izkribuek kontatzen duten egia

Izkribuek kontatzen duten egia

Valladolideko Kantzilertzak eta Gorteko alkateek bi emakumeren kontrako epaiaren berri eman zuten 1503ko uztailaren 21ean. Bi lagun akusatu zituzten: Maritxu Oiartzungoa eta Katalina Belauntzakoa —hala ziren ezagunak—. Elkarrekin «haragizko harremanak» eduki izana leporatzen zieten. Donostian hasi zen epaiketa, orduko alkate Miguel Otxoa Olazabalen aginduz. Epaiaren arabera, herritar batek bi emakumeak ikusi zituen «gizon batek emakume batekin soilik» egin zitzakeen «haragizko ekintzak» egiten, eta segituan pasatu zion abisua alkateari. «…Gizon eta emakume gisa erabiltzen zuten elkar: bata bestearen gainean biluzik jarrita, elkar ukituz, musukatuz, sabel biluzien gainean zamalkatuz…»; horixe dio, besteak beste, gizonaren deklarazioak. Donostiako alkateak Katalina Belauntzakoa atxilotzeko agindu zuen. Hain zuzen ere, auzi hori du abiapuntu Donostiako Aieteko kultur etxean ikusgai dagoen Dardarak artxiboan. Maritxu eta Katalinaren kasua kalera erakusketak. Martxo bukaera bitartean egongo da zabalik.

Joana Aurrekoetxea, Karmele Mitxelena eta Irene Irureta dira erakusketaren sortzaileak, eta haiek ondutako Dardarak album ilustratua (Txalaparta, 2024) izan dute esposizioa osatzeko oinarri.

Erakusketak kontatzen du gogor torturatu zutela Katalina Belauntzakoa bere burua erruduntzat jo zezan, baina Katalinak zioen errugabea zela, «emakume ondradua eta izen onekoa». Donostiako orduko alkate Otxoak ez zuen inolako frogarik hura erruduntzat jotzeko, baina jabetza guztiak kendu zizkion, eta erbesteratu egin zuen. Alkatearen arabera, leporatzen zioten delitua «oso larria» zen, eta uste zuen hiri osoan zirela ezagun bi emakumeen arteko harremanak eta arrazoi hori nahikoa zela Katalina gogor zigortzeko. Andrea erbestera kondenatu zuten, auziaren gastuak ordainarazi zizkioten, bai eta ondasunak kendu ere. Katalinak ez zuen bete agindutakoa, eta mehatxu egin zioten: inoiz Donostia zapalduz gero, soka batetik buruz behera zintzilikatuko zutela plazan, hil arte.

(ID_14765574) (/EZEZAGUNA) erakusketa_mari-katargb
Katalina Belauntzakoa eta Maritxu Oiartzungoa, Joana Aurrekoetxeak, Karmele Mitxelenak eta Irene Iruretak egindako ‘Dardarak’ album ilustratuko marrazki batean.

Katalina Belauntzakoak epaiaren kontrako apelazioa aurkeztu zuen Valladolideko Kantzilertza Auzitegian, errugabetzat jo zezaten. Gaztelako Auzitegi Gorenak erabaki zuen errugabea zela, ez zegoelako frogarik eta salaketak lekuko bakarra zuelako. Horrenbestez, Valladolideko epaitegiak absolbitu egin zuen Katalina, eta Donostiako alkatea derrigortu emakumearen izen ona «oso-osorik» lehengoratzera. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan aurkitu dute Katalina Belauntzakoaren heriotza agiria, eta hartan jartzen du Tolosan hil zela, 1546ko ekainaren 4an.

Jesus Angel Solorzano historialariak ikertu du Katalinaren epaitegietako auzia, eta, dokumentuetatik abiatuta, hainbat ondorio atera ditu. Solorzanok dio Katalinak «negozio propioak» zituela, eta «emakume independentea» zela. Izan ere, Donostiako alkateak ondasun guztiak kendu zizkion arren, Valladoliden epaiketaren aurkako alegazioa aurkeztera ausartu zen Katalina. Solorzanori iruditzen zaio emakumeak bazuela horrelako epaiketa bati aurre egiteko adina baliabide, uste baitu haren gizonezko senitarteko guztiak hil edo desagertu egin zirela eta bere egin zituela etxeko negozio guztiak.

Iragana eta oraina, bat eginda

Aurrekoetxeak, Mitxelenak eta Iruretak Dardarak album ilustratuan diote «500 urtez isildutako istorio bat» azaleratzen ahalegindu direla. Nolanahi ere, hirurek azaldu dute orduko gertakari hura gaur egungo Donostiako problematika sozial batekin lotu nahi izan dutela; etxegabetzeekin, hain justu. Hiru egileek kontatzen duten istorioaren arabera, Katalina Belauntzakoak eta Maritxu Oiartzungoak adineko bikote bat osatzen dute, eta «etxegabetzearen amesgaiztoak» zeharkatuko die bizitza.

«Urte luzez historiografia tradizionalaren itzalean bazter utzitako bizitzei plaza publiko bat eskaintzea dugu helburu, eta Maritxu eta Katalinarentzat memoria, aitortza eta erreparazio sinbolikoa aldarrikatzea»

DONOSTIA KULTURA

Donostia Kulturak adierazi du Aieteko kultur etxean den erakusketa Maritxu eta Katalinaren egiazko istorioaren eta «XV. eta XVI. mendeetako Europa mendebaldeko sexu eta genero disidentzien erakusleiho» dela. «Urte luzez historiografia tradizionalaren itzalean bazter utzitako subjektu eta bizitza hauei plaza publiko bat eskaintzea dugu helburu, eta Maritxu eta Katalinarentzat memoria, aitortza eta erreparazio sinbolikoa aldarrikatzea».

Erakusketa martxoaren 30era arte egongo da ikusgai, eta egunero egongo da irekita, astelehenetan eta jaiegunetan izan ezik. Asteartetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era izango da zabalik; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara; eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara.