«Lehen sektorean etorkizun kaskarra dugu, eta hori ongi dakigu»

«Lehen sektorean etorkizun kaskarra dugu, eta hori ongi dakigu»

Norberto Emazabelek (Hondarribia, 1967) 45 urte baino gehiago egin ditu itsasoan. Hasieran, txotxua —morroi— moduan, ondoren arrantzale gisa, eta gero patroi lanetan. Itsasoa bazter batera utzi behar izan du orain, nahiz eta ez daukan urrun, bulegotik ikusten baitu. Hondarribiko Done Pedro kofradiako lehendakaria da duela 23 urtetik, eta Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko lehendakari izendatu dute orain gutxi. Emazabelek esan du arrantza «lan gogorra» dela, baina berriro jaioko balitz, lanbide bera aukeratuko lukeela.

Nola sartu zinen arrantza munduan?

Gure familian arrantzaleak izandakoak dira denak: bi aitonak, osabak, lehengusuak, aita… Denek itsasoan eman dute bizitza osoa, garai hartan ez baitzegoen besterik. 11 edo 12 urterekin joan nintzen lehen aldiz itsasora, aitonarekin. Bi hilabete eman nituen txipiroiak arrantzatzen. Gero, 13 urterekin legatzak arrantzatzera joan nintzen, eta bi marea egin nituen atun bila ere. 1982ko irailean, Pasaian patroi izateko titulua ateratzen hasi nintzen, baina, hurrengo urteko martxoan, etxekoena zen ontzian toki bat zegoenez, bertan sartu nintzen, ikasketak alde batera utziz. Azkenean, 1990ean lortu nuen titulua. 

Ordutik hona aldatu al da Hondarribiko portuaren egoera?

Bai, noski. Orain 365 arrantzale gaude herrian, baina 1990eko hamarkadan mila ere izan ginen. Esan bezala, lehen ez zegoen besterik. Kuadrillan 28 lagun ginen, eta 25ek bukatu genuen itsasoan lanean. Ni patroi lanetan hasi nintzenean, 35 barku handi zeuden Hondarribian, eta hemezortzi txiki. Orain, berriz, hamahiru handi eta zazpi txiki daude. Lehen, adibidez, legatzetara joaten ziren itsasontzi txiki asko zeuden, laurogei bat. Hiru edo lau lagunen artean hartutako barkuak ziren, eta amuarekin hartzen zituzten legatzak. Gaur egun ez dago horrelakorik; arrantza hori galdu egin dugu. 

Herriko ekonomiaren zati handi bat arrantza zen lehen. Orain ere bai?

Bai, oraindik bai. Inoiz ez da orain bezainbeste arrain harrapatu. Hegaluze asko arrantzatzen ditugu orain. Izan ere, teknologiari esker, asko hobetu dira ontziak, eta kupoak ere handitu dira. Gainera, orain leku gehiago dugu arraina gordetzeko.

Zer ontzitan ibilitakoa zara zu?

Madre Guadalupe itsasontzian hasi nintzen, eta gero beste hainbatetatik pasatu naiz. 1987an, familiakoek beste barku bat erosi zuten Orion: Reina Maria. Familia handituz joan zen, eta gazteek beste barku bat erosi genuen, 1999an; Guadalupeko izarra izena jarri genion. Garai horretan patroi lanetan hasi nintzen, Madre Guadalupe-n, eta lau urte pasatuta, ontzi berri bat egin genuen: Tuku-tuku.

Zergatik Tuku-tuku?

Gure aitonaren barkuak soinu hori egiten zuen, «tukutukutukutuku». Horregatik, gure familiak beti izan du ezizen hori. Gu beti izan gara tukutukutarrak.

Aldaketa handia dago arrantzale izatetik patroi izatera?

Kargu garrantzitsu bat da patroiarena, eta horrek erantzukizun handia eskatzen du, konpromiso handiagoa. Halere, nik beti pentsatu dut behetik hasi behar dela, gainaldetik, eta, lehorrean esaten den moduan, eskalatuz joan behar dela, goraino iritsi arte.

Familia arrantzalea izan duzu beti. Orain ere bai?

Bai. Orain, gure barkuan zortzi bazkide gara, eta zortziak, familiako kideak: lehengusuak eta lehengusu txikiak.

Itsasoaz gain, kofradiako bulegoak aspalditik ezagutzen dituzu.

Duela 23 urte izendatu ninduten Hondarribiko Kofradiako buru. Lehen, itsasoko lana kofradiakoarekin uztartzen nuen, eta orain, kofradiakoa da nire lan bakarra, federaziokoarekin batera. Arrantzaleen interesen alde aritzen gara. Orain, antxoaren kuotak direla-eta, urtean sei bidaia egin ditugu Madrilera, Espainiako Gobernuko Arrantzako idazkaritzara. 

«Jendeak diru askoko lanpostuetan egon nahi du, baina lan egin gabe ez da dirurik irabazten. Itsasoan ez ezik, lehorrean ere bizitza lazten ari da, eta politikariek eskua sartu beharko lukete»

25 urtean behera egin du ontzien kopuruak. Nola egongo da 25 urte barru?

Ez dakigu hemendik bost urtera ere zer gertatuko den. Jendeak ez du itsasora etorri nahi, baina uste dut lehorrean ere gauza bera gertatzen dela. Alegia, orain jendeak funtzionarioa izan nahi duela: goizeko zortzietan sartu, eguerdiko ordubietan atera, telefono dei batzuk egin, asteburuan jai eduki… Hori da jendeak egin nahi duena. Lehen sektorean etorkizun kaskarra dugu, eta hori ongi dakigu. Nekazariak ere gu bezala daude, baita ostalaritzan ere. Jendeak diru asko irabazten den lanpostuetan egon nahi du, baina lan egin gabe ez da dirua irabazten. Itsasoko bizitza ez ezik, lehorrekoa ere lazten ari da, eta hor politikariek eskua sartu beharko lukete.

Gazteak aritzen dira itsasoan?

Federazioan bi barku erosiko ditugu orain, belaunaldi erreleboa sustatzeko. Badira arrantzale gazteak, eta zortez, herrian jarraitzen dute, ez dira kanpora joaten. Nik uste, ikusita zer-nolako flota dugun, Hondarribiko arrantzak zortzi edo hamar urteko etorkizuna baduela, baina oso zaila da asmatzea zer gertatuko den hortik aurrera.

(ID_14768378) (/EZEZAGUNA) hondarribianorbertoemazabel
Norberto Emazabalek urte dezente egin ditu arrantzale gisa. Ez da denbora asko erretiratu zela, eta atsekabez bizi du erretiroa. Irudian, Emazabel, 2011n, Hondarribian. HITZA
Badira Indiako ozeanora edo Afrikara joaten diren arrantzale gazteak ere. Zer iruditzen zaizu jendea haraino joatea hemen gelditu beharrean?

Hemen, Hondarribian, ez da asko gertatzen hori. Beste leku batzuetan —Bermeon, adibidez—, ohitura handiagoa dute hori egiteko. Kanpoan atuna arrantzatzen ibiltzen diren itsasontzi gehienak Bermeokoak dira. Horrek ondorio argi bat izan du: Bermeoko baxurako flota desagertzea. Horretan zebiltzan arrantzale asko, titulua atera eta kanpora joan ziren, jende asko behar zutelako kanpoan. Gauza bera gertatu zen Lekeition. Bizimodu gogorra da haiena, lau hilabete kanpoan eta beste lau etxean egiten baitituzte. Normalki, hara joaten den jendea ez da itzultzen.

Hondarribiko itsasontzientzat, ona ala txarra da ondoko herrietako barkuak desagertzea?

Txarra. Orain arraina ondoan dugu, eta, beraz, ez da nabaritzen alboko herrietako ontzien falta. Baina, arraina bilatu behar dugunean, askoz okerragoa da itsasontzi gutxiago izatea. Lehen, adibidez, hegaluze kanpaina hasten zenean, 50 bat barku joaten ziren Bermeotik, eta beste berrehun Galiziatik. Lehen askoz ere errazago aurkitzen zen arraina. Atlantikoa oso zabala da, eta geroz eta barku gehiago egon, orduan eta errazago aurkitzen da. Portu batek indarra hartzea gauza ona da ondoko portu eta herrientzat, baina aldameneko portuak okerrera egiten badute, ondokoek bide bera hartzen dute.

Itsasontziak ez egon arren, arrainak hor jarraituko du.

Noski, eta guregana iritsiko da, itsasotik. Urte batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, orain gertatzen den moduan. Nola iritsiko den? Hori ez dakit. Agian, kooperatiba bat sortu beharko dute lauzpabost ontziren artean, eta kooperatiba horren bitartez ekarri arraina. Halere, oso zaila da etorkizuna aurreikustea.

Arrantzale askok, urteekin, alde batera uzten dute arrantza. Zergatik?

Gure kuadrillan, adibidez, 25 lagun hasi ginen itsasoan. Baina familia bat sortzerakoan, gauzak aldatu egiten dira. Haietako askoren emazteek lehorrean egiten zuten lan, eta lehorrera joaten ziren gizonak ere. Hondarribian arrantzarekin zerikusia zuten lehorreko hainbat enpresa sortu ziren, eta han sartu ziren arrantzale asko.

«Arrantzale batentzat horixe da txarrena: familia sortzerakoan, ezin duzu eta haiekin egon. Oso gogorra da»

Zaila al da arrantzale eta guraso izatea?

Oso zaila. Gurean, alabak eduki genituenean, emazteak amaren eta aitaren papera egin behar izan zuen, ni itsasoan nengoelako. Arrantzale batentzat horixe da txarrena: familiarekin ezin egotea. Oso gogorra da. 

Orain hasi zarete antxoaren eta berdelaren denboraldiarekin. Zer-nolako hasiera izan du?

Lehenengo egunak beti izaten dira onak. Baina negoziazioetan gabiltza arrainaren banaketari dagokionez. 2022an hasi ginen banaketa nola egin eztabaidatzen, eta Galiziako arrantzaleekin izan ditugu istilurik handienak. Guk uste dugu arraina federaziotik banatu behar dela, baina Galiziakoek hori ez dute hori ongi ikusten. Administrazioari antolaketa eredu bat eskatzen ari gara, aspalditik. Federazio bakoitzak aukeratu beharko luke zer nahi duen harrapatu, eta denei muga bera jarri. Lehenengo egunean, 38.000 arrain kaxa genituen euskal kostaldean, eta antxoa kiloa 0,80 euroan saldu zen. Hori ezin dugu onartu.

Aurrera begira, ba al duzue proiektu berririk?

Bai. Getariako kostaldean atunak hazteko kaiolak sortu ditugu, eta udan 50 atun sartuko ditugu han, ikusteko zer-nolako bilakaera izango duten udan zehar. Urrian aterako ditugu, eta ikusiko dugu zenbat hazi diren, zer-nolako grasa sortzen duten eta zer aldaketa izango dituzten. Oraingoz, atunarekin egingo dugu proba. Atunek aguantatzen badute, hegaluzeak ere aguantatuko lukete, segur aski. 

MOTZEAN

Zer sentitzen duzu itsasotik erretiratuta? Pena. Orain beti nabil sakelakoa eskuan, bati eta besteari itsasoari buruzko mezuak bidaltzen eta galdetzen.

Eta zure barkua ikusten duzunean? Gauza bera. Pena handia sentitzen dut. Itsasora atera ziren lehenengo egunean portura joan nintzen, ikustera, eta gogorra izan zen.

Nola hobetuko da arrantzaren etorkizuna? Gazteekin. Gazteak behar ditugu.