Abentura eta erronken topalekua

Abentura eta erronken topalekua

Bueltan da Ordiziako Abentura Astea. Bigarren aldia du aurtengoa, eta martxoaren 17tik 20ra bitartean izango da, herriko Emaneurre taldeak antolatuta. Arduradunen esanetan, ekinbidea «abenturazale eta erronkazaleen topaleku» bilakatu nahi dute, baita gaur egun «gero eta urriagoak» diren euskarazko edukiak eta aisia eskaini ere. Horretarako, askotariko proiekzioak eta hitzaldiak antolatu dituzte egun horietarako, D’elikatuz gunean. Ekintza guztiak doan izango dira.

Martxoaren 17an, Jo ta Ke izendatu duten solasaldi bat egingo dute, 19:00etan, eta Hondarribiko Gonzalez-Errazkin familiak hamazazpi urtez munduari bira eman zionekoa izango dute hizpide. Han izango dira Urko Gonzalez eta Zigor Gonzalez familia horretako kideak.

(ID_14764814) (/EZEZAGUNA) hondarribia
Hondarribiko Gonzalez-Errazkin familiako kideak, hamazazpi urtez munduari bira eman zioteko argazki batean. HITZA

Martxoaren 18rako, Oinez hegan saioa antolatu dute. Ordizian bizi den Imanol Urrestarazu parapentelariaren jardunaz arituko dira solasaldi horretan. Euskal Herriko mendiak, herriak eta ibarrak zeharkatu ditu parapentean, Pirinioetatik hasi eta Goierriko bazterretaraino. Urrestarazu bera han izango da bizi izandakoak kontatzen.

Martxoaren 19an, ikus-entzunezko bat proiektatuko dute: Ziklo alpinismoa Bolivian. Filmean, Iñigo Unanue eta Kattalin de Pedro ageri dira, urtebetean mundua bizikletan zeharkatzen. Boliviako eta Txileko hiru parke nazionaletan izan ziren, eta hainbat gailur ere igo zituzten. Hain zuzen ere, filmak horixe erakusten du, besteak beste. Martxoaren 20an beste lan bat proiektatuko dute: Kayak gainean glaziarrak esploratzen. Mikel Sarasola da dokumental horretako protagonista. Bi urtez Groenlandian eta Svalbarden (Norvegia) esploratzen aritu ostean, lehen aldiz lortu zuen ur bizietako kayak bat glaziar baten gainera eramatea. Horixe du abiapuntu dokumentalak.

Emaneurre taldea

Emaneurrek kultura eta kirol herrikoi eta parte hartzailea bultzatzen du Ordizian. Urte osoan askotariko ekintzak antolatzen dituzte herrian, eta martxan dute aurtengo egitaraua. Otsailean bertso afaria egin zuten, eta martxoko ekintza nagusia Abentura Astea izango da. Maiatzaren 10erako Euskal Herriko garagardo artisauen azoka antolatu dute, eta, ekainetik uztailera bitartean,  Esku pilotako txapelketa herrikoiaren XVIII. aldia. Azkenik, irailaren 6an Emaneurre Euskarari eguna ospatuko dute.

«Abentura Astean mendiak protagonismo handia izango duen arren, bestelakoak ikusteko aukera ere izango da, hala nola itsasoa, airea, glaziarrak eta beste hainbat ingurune»

ARKAITZ IZTUETA Ordiziako Emaneurre taldeko kidea

Abentura Astea iaz antolatu zuten lehenengoz, eta, berriz egiteko asmorik ez bazuten ere, programa «oparo» bat osatzeko nahikoa material bildu dute azkenean. Emaneurre taldeko kide Arkaitz Iztueta Arinek dio Abentura Astea jende berria ezagutzeko eta proiektuak sortzeko topagune bat dela, eta, gaineratu du Ordizian azaroan antolatzen duten Mendi Astearen «osagarri» gisa sortu dutela. «Mendiak protagonismo handia izango duen arren Abentura Astean, bestelakoak ikusteko aukera ere izango da, hala nola itsasoa, airea, glaziarrak eta beste hainbat ingurune». Gainera, ahalegintzen dira egitarauko partaideetako bat behintzat herrikoa izan dadin: aurten, Imanol Urrestarazuk parte hartuko du. 

‘Oinez hegan’

Imanol Urrestarazu (Lazkao, 1966) 1991 inguruan hasi zen parapentean ibiltzen. Lagunekin Pirinioetara joan zen aldietako batean ikusi zuen aurrenekoz tramankulu hegalari hura, eta probatzeko «harra» piztu zitzaion. Erabiltzen ikasteko, hiru eguneko ikastaroa egin zuen Hondarribiko eskola batean, Jon Zubiarrainekin batera. Bien artean euren lehenengo parapentea erosi, eta berehala hasi ziren hegan egiten. Gaur egun, Urrestarazuk hike & fly delako modalitatea praktikatzen du; alegia, mendira oinez igotzen da, eta, ahal dela, hegan jaitsi.

Hain justu, Urrestarazuk «mendiko jardunaren osagarri modukotzat» dauka parapentean ibiltzea. «Mendia maite baduzu, oinez ibiltzera joaten zara, eta gero, ahal bada, jauzi egiten duzu. Ezin bada, jarduera bat egin daiteke, mendi buelta eder bat eginda-edo, eta, hartara, ez zara esku hutsik bueltatzen». Abentura Astean, Oinez hegan hitzaldia emango du. Eremu geografiko moduan Euskal Herria hartuta, azalduko du hemengo mendietan zer aukera dauden kirol hori egiteko. Saioan, parapente bat eta hegan egiteko erabiltzen dituen materialak erakutsiko ditu, irudi musikatu batzuez lagunduta.