Lumak astintzeko garaia

Lumak astintzeko garaia

Gipuzkoako Foru Aldundiak gazte literatura eta gazteen sormena ardatz dituen Lumafest jaialdia antolatu du laugarren urtez. Euskal Herriko eta nazioarteko zenbait idazlek hitzaldiak emango dituzte apirilaren 3tik 5era bitartean Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean —Santa Teresa komentuan—. Antolatzaileek azaldu dute jaialdian «publiko gaztearentzat punta-puntakoak diren idazleek» hartuko dutela parte; besteak beste, Lur Gallastegik, Joana Marcusek, Allison Saftek eta Allice Kellenek. «Gazte irakurle eta idazleen topaleku izatearen alde egiten du jaialdiak, baita gazteen artean gogoeta eta pentsamendu kritikoa sustatzearen alde ere».

«Konfiantza dugu gazteen botere eraldatzailean, hausnarketa kritikoan eta irudimenean»

ISAAC PALENCIA Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapen eta Gazteria zuzendaria

Isaac Palencia Kultura Sustapen eta Gazteria foru zuzendariak esan du «irakurketa eta idazketa bultzatzeko espazioak» sustatzen jarraitu nahi dutela. «Konfiantza dugu gazteen botere eraldatzailean, hausnarketa kritikoan eta irudimenean».

Aurten, bi saio egingo dituzte egunero: 18:00etan aurrena eta 19:15ean bigarrena. Apirilaren 3an, mahai inguru bat antolatu dute lehen saiorako, eta Lur Gallastegi ETB1eko Go!azen telesaileko liburuen egileak lan berria aurkeztuko du: Zurriola beach hostel. Nerea Ibarzabal idazle eta bertsolariarekin arituko da solasaldian, eta Ylenia Benitok egingo ditu moderatzaile lanak. Ondotik, Formol Laborategia kolektiboak —Intza Alkainek, Edurne Azkaratek eta Mikel Ibargurenek osatzen duten taldea— «irakurketa dramatiko» bat egingo du, eta hitzaldi bat, 2021ean estreinatu zuen Album antzerki obra oinarri hartuta. Uxue Rey BERRIAko kazetariak dinamizatuko du saioa.

(ID_14694237) 'HERIOTZAK EDUARDO DU IZENA'
Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren Formol Laborategia kolektiboko kideak, otsailean 19an, Usurbilen. GORKA RUBIO / FOKU

Apirilaren 4an, Allison Saft eta Joana Marcus idazleek hitzaldi bana emango dute; 18:00etan eta 19:30ean, hurrenez hurren. Saft hainbat lanen egilea da; A Far Wilder Magic, A Fragile Enchantment eta A Dark and Drowning Tide dira haren libururik ezagunenak. Marcusek 13 urte besterik ez zuela argitaratu zuen lehen eleberria, eta iazko urrian atera zuen azkena: Etéreo. Slawka Grabowska arituko da moderatzaile lanetan. Antolatzaileek jakinarazi dute Marcusen saiora joateko aurrez izena eman beharko dela, eta dagoeneko zabalik da izena emateko aukera, jaialdiaren webgunean.

Jaialdiaren azken egunean, apirilaren 5ean, Bruno Puelles antzerki irakasleak eta Lidia Cipres idazleak hitzaldi bat emango dute lehen saioan, eta filmetako girotzeak eta pertsonaiak sortzeko teknikak izango dituzte hizpide. Ondotik, Alice Kellen idazleak solasaldi bat egingo du, eta berak egindako lanez arituko da. Slawka Grabowskak gidatuko ditu bi saioak.

Paula Estevez artistak egin du Lumafesten aurtengo kartela, eta antolatzaileek jakinarazi dute datozen aldietan ere kartel horixe erabiliko dutela. «Kartelak estilo ausart eta feminista du». Haien esanetan, hainbat mezu transmititzen ditu: «Irakurketak ateak irekitzen dituela erakusten du kartelak, baita gure subjektibotasuna gainditzen duten beste esperientzietarako bidea eman ere».

Mikrokontakizunen lehiaketa

Irakurketa sustatzeaz gain, sorkuntza bultzatzeko asmoa du Lumafest jaialdiak. Lehiaketa bat antolatu du, eta zabalik dago testuak bidaltzeko epea, martxoaren 19ra bitarte. Sariketa 14 eta 21 urte artekoentzat da, eta gehienez 240 karaktereko testuak bidali beharko dituzte, Desira(tu) hitza ardatz hartuta.

Lehiaketako parte hartzaileek zenbait bide izango dituzte lanak aurkezteko: Instagram edo X bidez —#lumafestibalamikros traola erabiliz eta @lumafestibala aipatuz— edo info@lumafestibala.com helbidera mezu bat bidaliz.