1923ko Hondarribia, Maximo Sagarzazuren begietatik

1923ko Hondarribia, Maximo Sagarzazuren begietatik

Txikitan ezagutu zuen Hondarribia irudikatzen zuen Maximo Sagarzazuk (Hondarribia, 1912-1999) eskuz egiten zituen mapetan. Haurtzaroko oroitzapenak berrogei urtez bildu zituen gogoan, eta irudi bilakatu zituen gero, koadernoetan mapak eginez. Orain, Sagarzazuren mapetako Hondarribia ehun urte zaharragoa da, baina herritarrek ordukoa ezagutzeko aukera dute. Izan ere, Sagarzazuk egindako mapekin osatutako erakusketa bat zabaldu du udalak Arma Plaza fundazioan: Hondarribia bihotzez marraztuta. «Baserriak, iturriak, errotak, artaldeak, errekak, Jaizkibelgo arrokak… Denetatik agertzen da mapetan», esan du Sagarzazuren biloba Lupe Atunak. Martxoaren 6an inauguratu zuten erakusketa, eta hilaren 30era bitartean egongo da zabalik.

Altunak dio Sagarzazu Hondarribiko Uda-Berri baserriko egongelako mahaian aritzen zela mapak marrazten. «Bat bider bi edo bat bider hiru metroko orriak hartzen zituen, eta buruan zeukana islatzen zuen, inolako erregelarik gabe. Bazkaltzeko erabiltzen zuen mahai handi batean egoten zen beti, eta guk askotan ikusten genuen lan horietan». Hain zuzen, mahai hori ere ikusgai jarri dute erakusketan. Hemezortzi mapa egin zituen Sagarzazuk, eta horietatik sei jaso dituzte Arma Plazako bilduman. Beste baten kopia ere egin dute, «jendeak hartu eta ukitu ahal izateko».

Maximo Sagarzazu. HITZA
Maximo Sagarzazu, koaderno batean mapak marrazten, artxiboko irudi batean. HITZA

Mapak ez ezik, koadernoak ere badira erakusketan. Izan ere, egilearen bilobak dio «gauza asko» idazten zituela koadernoetan. «Adibidez, baserri bat hartu, eta hartaz gogoratzen zuen guztia idazten zuen: baserriaren izena, bertan bizi zirenena, han izandako anekdotak… Gainera, kontakizunei ipuin forma ematen saiatzen zen». Sagarzazu baserritarra zen ogibidez, eta denbora gutxi eman zuen eskolan. Hori dela eta, euskaraz idazteko zailtasunak izan zituela kontatu du Altunak. «Hasieran gaztelaniazko letrak erabiltzen zituen, hala nola v eta ch. Baina ikasten joan zen, bera bakarrik, eta azkenean hori ere hobetu zuen». Hemezortzi koaderno bete zituen: batzuk prosaz eta besteak bertsoz.

«12 urte inguru zituenean ezagutu zuen Hondarribia marrazten zuen Maximo Sagarzazuk. Bizitzaz beteriko mapak dira, bizitzaz beteriko herria baitzen ordukoa»

LUPE ALTUNA Maximo Sagarzazuren biloba

Altunaren hitzetan, «memoria ikaragarria» zuen Maximo Sagarzazuk, eta, horretaz baliatuta, 55 bat urte zituela hasi zen mapak marrazten eta koadernoetan idazten. «12 urte inguru zituenean ezagutu zuen Hondarribia marrazten zuen. Bizitzaz beteriko mapak dira, bizitzaz beteriko herria baitzen ordukoa». Urteek aurrera egin ahala, Sagarzazuk bere herriaren bilakaera bizi izan zuen, 1999. urtean zendu zen arte. «Nahi zuen Hondarribia aldatzea, modernizatzea, baina ikusten zituen aldaketak ez ziren bere gustukoak. Arrantzak eta baserriak garrantzia galdu zuten herrian, eta, industriarik ez zegoenez, jende askok herritik kanpo bilatu behar izan zuen lana». Ondorioz, Sagarzazuk ez zuen 1923ko Hondarribia bere horretan gelditzerik nahi, baina ezagutu zuen herria nolakoa zen erakutsi nahi izan zien ondorengoei.

Egilearen bilobak azaldu du Sagarzazuk modu askotara zatitzen zituela mapak. «Batzuetan auzoetako mapak egiten zituen, eta, besteetan, Hondarribiaren ekialdekoak edo mendebaldekoak». Mapetan etxeak eta baserriak kokatzen zituenean, han bizi zirenen izen-abizenak jartzen zituen, bai eta zer ofizio zuten ere. «Jende asko pasatu da erakusketatik, eta euren aitona-amonek aipatutako izen asko aurkitu dituzte, baita euren familiaren etxeak eta han bizi zirenen izenak ere». Sagarzazuren familia «oso pozik» agertu da herritarren harrerarekin, «jende asko» izan baita erakusketan.

Artxiboan gordeak

Sagarzazuk sakon landu zuen Hondarribiko toponimia, eta baliagarria izan zen herritar askorentzat. Altunak kontatu duenez, Euskaltzaindiak Hondarribiko toponimiaz liburu bat egin zuenean, Sagarzazuren laguntza izan zuen. «Bizirik zegoenean, jendea haren etxera etortzen zen elkarrizketak egitera. Pare bat elkarrizketa egin zizkioten hedabideetan, baina egin zituen mapak sekula ez ditugu orain bezala erakutsi».

2020an, Iñaki Sanz-Azkue Aranzadi zientzia elkarteko kideak laguntza eskatu zion Sagarzazuren familiari, Jaizkibelgo errotarriak bilatzeko ikerketa bat egiten ari zirelako. Sagarzazuk egindako mapek Jaizkibelgo errotarrien kokalekuak adierazten zituen, eta horiexek eskuetan hartuta aurkitu zituzten errotarriak. Aurkikuntzen harira, Sanz-Azkuek artikulu bat idatzi zuen Sagarzazuren lanaren nondik norakoak azaltzen. «Artikuluari esker, Euskadiko Artxibo Historikotik mapak gordetzeko eskaintza egin ziguten, eta hala egin genuen», esan du Altunak. «Artxibokoek digitalizatu dituzte, eta webgunean dauzkate ikusgai. Familian beti izan dugu aitonaren mapak erakusketa bihurtzeko nahia, eta orain, Hondarribiko Udalak eskaini digun aukera honi esker lortu dugu». 

Aurrerantzean ere aitonaren memoria gorde nahi dutela esan du Altunak. «Mapa horietan asko dago ikasteko eta ikertzeko. Asko gustatuko litzaiguke horrekin zerbait egitea eta kontua hemen ez geratzea». Izan ere, Sagarzazuk ondo ezagutzen zuen orain mende bateko Hondarribia, eta orain, haren mapetatik abiatuta, familiak ikerketa «sakonago» bat egin nahi du.