«Donostiako kaiko pasealekuan, 7. eta 8. portaleetan, familia batzuk egoera prekarioan bizi gara, eta hogei urte daramatzagu irtenbide baten zain». Hala mintzatu ziren etxe horietako bizilagunak gaur zortzi udaletxean egin zuten agerraldian. «Baldintza bidegabeetan» bizi direla salatu zuten. «Egungo udal gobernuak badu gure egoeraren berri, eta gure kasuaren espedientearekin duen utzikeria salatu nahi dugu». Bizilagunek berehalako irtenbide bat eskatu diote udalari.
«Nekane Arzallusek esan zigun iazko azaroan hartuko zuela espedienteari bide emateko konpromisoa, baina martxoan gaude, oraindik ez dugu berririk, eta gure mezuei ez diete jaramonik egiten»
DONOSTIAKO KAIKO 7. ETA 8. PORTALEETAKO BIZILAGUNAK
Agerraldian Ricardo Burutaran Donostiako EH Bilduko zinegotzia izan zuten lagun. Hark azaldu zuen EH Bildu 2011n heldu zela alkatetzara eta 2015ean onartu zuela kaiko hiru etxe horiek eraitsi eta eraikin bakar bat eraikitzeko plana. Are, lanak abiatzeko beharrezkoak ziren izapideak ere egin zituzten. Nolanahi ere, bizilagunek diote 2018an aldatu egin zela plan hori. «2018rako EAJ zegoen udal gobernuan, eta, justu lanak hasi baino lehenago, lege bat onartu zuen Parte Zaharrean eta kaian edozein hirigintza interbentzio baldintzatzeko». Lege horren arabera, proiektu berriek «egitura originalari» eutsi behar zioten, eta, horrenbestez, udal gobernuak argudiatu zuen ezin zela eraikin bakarra eraiki lehenago hiru etxe zeuden tokian.
Ordutik, «geldirik» dago plana, eta kaiko bizilagunek esan dute urte hauetan guztietan «hainbat bilkura» egin dituztela Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziarekin. «Gure zalantzak eta galderak saihestu egin dituzte orain arteko bilera guztietan, baita udal gisa dituzten erantzukizunak baztertu ere. Nekane Arzallusek esan zigun iazko azaroan hartuko zuela espedienteari bide emateko konpromisoa, baina martxoan gaude, oraindik ez dugu berririk, eta gure mezuei ez diete jaramonik egiten».

Burutaranek uste du kaiko bizilagunen etxeetako egoera berehala konpondu behar dela: «Agerikoa da kaiko 7. eta 8. portaleetako bizilagunen baldintzak larriagotu egin direla 2015az geroztik. Guztiz bideraezina da familiak eraikin horietan duin bizitzea. Egoera bidegabeetan bizi dira, han bizi ahal izateko baldintzarik oinarrizkoenak ere ez baitira betetzen». Hori dela eta, EH Bilduko zinegotziak hizpidera ekarri zuen egoera hori joan den astelehenean, Lurralde Garapen eta Plangintza Batzordearen bileran. Han izan zen Arzallus Hirigintza zinegotzia, eta Burutaranek esan zion «onartezina» dela familia horiek baldintza bidegabeetan bizitzera kondenatu izana. «Ez da bidezkoa komunera euritako batekin joan behar izatea eta komuneko papera erabili ezin izatea».
Arzallusek azaldu zuen plana onartzeko atzerapena «dokumentuen konplexutasunaren» eta «arazo erantsien» ondorio dela. «Txosten bakarra falta da. Laster iristen bada, plan berezia apirilean edo maiatzean onar liteke». Orduan, Burutaranek esan zuen kaiko bizilagunek behin-behineko konponbide bat beharko dutela harik eta eraikin berria eraikitzen duten arte.
«Donostiako kaiko 7. eta 8. portaleetako bizilagunak egoera bidegabeetan bizi dira, han bizitzeko baldintza oinarrizkoenak ere ez baitira betetzen»
RICARDO BURUTARAN Donostiako EH Bilduko zinegotzia
Asteleheneko batzordeko bileran izan ziren kaiko bizilagunak ere, eta, han esandakoak aditu ondotik, deitoratu zuten Hirigintza zinegotziak zalantzak argitu ez izana. «Galdera hau egin zion EH Bilduko zinegotziak Nekane Arzallusi: ‘Zer-nolako behin-behineko neurriak ezarri asmo dituzue kaiko etxe horietan bizi diren lagunen egoera dela eta?’. Behin eta berriz egin zion galdera hori, baina Nekane Arzallusek ez du erantzuteko gaitasunik erakutsi». Bizilagunei «onartezina» iruditzen zaie «Donostiako Udalaren konpromiso falta». Horrenbestez, adierazi zuten «bidezko konponbide bat» eskatzen jarraituko dutela.
Onarpena, apirilerako
Eneko Goia hiriko alkateak asteartean azaldu zuen zertan den auzia, eta esan zuen, kaiko 7 eta 8 zenbakidun etxeak eraitsi eta berriak eraikitzeko planaren hasierako onarpena apirilerako lortzea espero dutela. «Gai konplexua» dela dio, baina argitu zuen udal gobernua irtenbide bat lortzeko lanean ari dela. «Ez dut ukatuko: egoerak kezkatzen nau. Plan berezi bat aurreikusi dugu, baina horrek ez du esan nahi beste erakundeek alegazioak aurkeztuko ez dituztenik».