Fibromialgia ikusarazteko asteburua

Fibromialgia ikusarazteko asteburua

Azken urtebetean zenbait kirol probatan parte hartu du Beñat Garcia Escribano asteasuarrak, bere buruari erronka botatzeko, eta, bide batez, fibromialgiari, hurbiletik bizi duen gaixotasunari, ikusgaitasuna emateko. Fibromialgia abordatzen izendatu du proba sorta hori, eta asteburuan itxiko du egitaraua. Horretarako, Gipuzkoari itzulia emango dio, korrika. Gaur abiatuko da, 20:00etan, Donostiako Boulevardetik, eta igandean amaituko du, 12:00ak aldera, Asteasuko plazan. 5.800 metroko desnibela duen 200 kilometroko ibilbidea egingo du berrogei orduan. 

Garciak dio amaiera «gozo» bat eman nahi diola proiektuari. «Oso-oso gogotsu nago. Urtebeteko lanak entrenamendu ordu asko dauzka, baita zailtasun ugari ere: pertsonalak eta proiektuarekin lotutakoak». 

Joan den urteko urtarriletik dozena bat kirol probatan parte hartu du Garciak, eta denetan egin du fibromialgia ezagutarazteko ahalegina. «Duatloiekin hasi nintzen; gero triatloietara pasatu, eta inflexio puntu izan nuen Gasteizko Half-a, ironman erdia». Lehiaketa guztietara eraman du mahaia, eta fibromialgiaren gaineko informazioa banatu du. Probak morez jantzita egin izan ditu, eta proiekturako propio sortu duen irudia daraman zapia jantzi du buruan. «Gaixotasunari aurre egiten ari den pirata baten gisan sentitzen naiz horrela. Izan ere, nire esperientziarekin inori laguntzen badiot, pertsona bakar bati bada ere, helburua bete dut». 

Sare sozialak ere baliatu ditu fibromialgiaren inguruko informazioa zabaltzeko; nagusiki, Instagram eta Youtube —@pirata.garcia erabiltzailearekin bietan—. Egin dituen entrenamenduen eta kirol proben berri emateaz gainera, fibromialgia duten gaixoak elkarrizketatu ditu. «Niri gaixotasunak erakutsi dit bizitzaren gauza onak baloratzen eta, momentu txarrak datozenean, une horiek errespetatzen, ez frustratzen eta makalaldia handiagoa ez egiten».

«Niri gaixotasunak erakutsi dit bizitzaren gauza onak baloratzen eta, momentu txarrak datozenean, une horiek errespetatzen, ez frustratzen eta makalaldia handiagoa ez egiten»

BEÑAT GARCIA ‘Fibromialgia abordatzen’ proiektuaren sortzailea

Garciak «baikortasuna» transmititu nahi du ekinbidearekin. «Inguru egokia baldin baduzu, zoriontsu izan zaitezke fibromialgia edukita ere», dio. «Izango dira momentu gogorrak, baino gaixo ez gaudenok ere izaten ditugu horrelako garai latzak. Nik honako mezu hau helarazi nahi diet duela gutxi diagnostikoa jaso dutenei: badago aurrera egiterik». Jakinarazi du gaitzak ez diela gaixo guztiei modu berean eragiten. «Hauek izaten dira sintomarik ohikoenak: neke sentsazioa eta artikulazioetako mina, edota gauzak ulertu eta adierazteko ezina. Halere, nork bere erara bizi du». 

Gaixotasun horrek ez du sendabiderik oraingoz, eta, hain zuzen ere, Fibromialgia abordatzen proiektuaren asmoa da ikerketarako dirua biltzea. Gofundme.com plataforman ari dira dohaintzak jasotzen. «5.000 euro lortzeko helburua jarri dugu, eta lasterketako gastuak beste ekarpen batzuekin estali nahi genituzke, bildutako guztia ikerketara bideratzeko», esan du Garciak. Saltokietan ari dira laguntza eske, eta babesa ematen duten merkatari eta ostalariei ikur bat jartzen diete atarian, proiektuarekin bat egiten dutela adierazteko. Sortu duten merchandising-a, hau da, kamisetak, banderolak eta zapiak salgai izango dira gaur abiatuko den lasterketan.

Bakarrik eta taldean

Garciak Gipuzkoari bira emateko erronka bota dio bere buruari, baina bidea ez du bakarrik egingo, 30 laguneko taldea izango baitu ondoan. Furgoneta batek jarraituko die parte hartzaileei, eta 8-15 kilometroan behin anoa gune bat prestatuko dute. 50 kilometroan behin, berriz, segurtasun puntua deitu diotena izango da, eta puntu bakoitzean, parte hartzaileek arropak aldatu ahalko dituzte, bai eta hogei minutuko atsedena hartu ere. «Printzipioz, ez dugu lotarako tarterik aurreikusi. Dena den, bost bat orduko marjinarekin kalkulatu dugu ordutegia; beraz, beharra ikusten badugu, geldialdi luzeagoak egingo ditugu».

«Gipuzkoari itzulia emateko ez dugu lotarako tarterik aurreikusi. Bost bat orduko marjinarekin kalkulatu dugu ordutegia; beraz, beharra ikusten badugu, geldialdi luzeagoak egingo ditugu»

BEÑAT GARCIA ‘Fibromialgia abordatzen’ proiektuaren sortzailea

Fibromialgia ikusarazteko korrika egin nahi duen oro gonbidatu du lasterketan parte hartzera. «Niri indar handia ematen dit ikusteak arrazoi honek jendea mugitzen duela. Bultzada bat da niretzat». Sare sozialen bitartez jakinaraziko du ibilbideko zer tokitan dagoen, eta azaldu du Tolosaldean egingo dituela azken kilometroak: 05:00ak eta 07:30ak bitartean pasatuko da Ikaztegietatik, 09:00ak 09:30ak artean Tolosatik, eta 10:30ak eta 11:00ak bitartean Villabonatik. Garciak dio irudi bat gailendu zaiola beste ezeren gainetik: Asteasuko plazara iritsi eta Fibromialgia abordatzen proiektuaren bandera astintzen duenekoa.