Kukua

Kukua

Uste dut akordatzen naizela lehenengo aldiz noiz entzun nuen kukuaren kantua. Martxoko, apirileko eguraldia egiten zuen, halakorik existitzen bada; bai, martxoa edo apirila izango zen. Aste Santuko oporrak hartu genituen eskolan; gurasoek lanean jarraitzen zuten. Aitona-amonen etxean generamatzan bizpahiru egun. Umeak ginen oraindik; goizero-arratsaldero, hosto berri eta zaharrak bihurtzen genituen jolas, etxepeko parkean. Eguerdi hartan, ohi baino goizxeago bildu ginen bazkaritarako. Eta den-dena bukatuta, amonaren telazko poltsa txikietan norberak bere merienda hartu genuen, hortzak garbitu genituen, bisera jantzi, baloia, patinak, pinturak zaku batean sartu, zapatilak lotu, eta kotxean sartu ginen hiru ahizpok, aitonaren eta amonaren eserleku esleituen atzealdean. Beundera tardatu genituen hamabost minutuetan, buruz ikasitako kantuak abestuko genituen segur aski, bata bestearen atzetik; horrekin ez naiz akordatzen.

Kotxeen aparkalekutik hurbilen kokatutako egurrezko mahaia okupatuta zegoen. Hurrengoan jarri ginen. Mahaia bete genuen meriendaz, pinturaz, paperez, txamarraz. Besoarekin apartatzeko keinua egin genien traste haiei guztiei, eta kartetan ibili ginen, seiko urrean, ahizpa txikiena aspertu eta iturrira abiatu zen arte. Kartarik jaso ez, eta saltaka aldendu ginen hirurok «gure txokotik». Zelaidi hartako lur eremurik lauena zein zen aukeratu, baloia oinetara jaurti, eta harekin txorakeriak egiten hasi nintzen ni. Hori zen nire jolas faboritoa. Inguruko lur eremu gorabeheratsu zabalean, alde egiten zidan baloiak etengabe. Korrika jarraitzen nion, jasotzen nuen eskuetara, eta lur eremu aukeratura egiten nuen berriro. Gainerakoak ez dakit zertan ariko ziren, bakoitza bere jolas faboritoan seguruenik: aitona periodikoa irakurtzen, amona irratia entzuten, ahizpa bat patinen gainean dantzan eta beste ahizpa marrazkiak egiten. Haizeak xuabe-xuabe egiten zigun putz. Aizkorriko malkarrak udaberri kolorez jantzita ikusten ziren han aurrean. Gazte talde bat, bikote helduago bat eta behor batzuk genituen inguruan. Lasai egoteko toki ona zen, hala iruditu izan zait beti.

Martxoko, apirileko eguraldia heltzen denean, ahal dudanean, mendialdera abiatu ohi naiz, urrutiko arboletara. Egia baldin bada arratsalde hartan kontatu zigutena, urrutiko zelaidi zein gertu-gertuko lur eremuotan badagoelako kukuaren kantua entzuteko premiarik

Baloia sorbaldapean gerriaren kontra jarrita aldapan gora nindoan enegarren aldian, gertu-gertu ez zegoen arbolaren batetik, «kuku-kuku» entzun zen. Atentzioa eman zidan. Ahizpek ere burua jiratu zuten, belarriak ireki. Pausoa bizkortu nuen, eta urrutiko zeru zatietara begira ikusi nituen aitona eta amona, irribarrez. Zera hori zer zen galdetu nien hurreratzen nintzen bitartean, nora begira ote zeuden. Eta kontatu ziguten badela txori bat, bere izena ahoskatzen duena ezkutuko arboletatik, iragartzen dituena udaberriko loraldiak, aro ederragoak, etxe abereen sendatzeak, ingurukoen biharko zorte onak. Kontatu ziguten haiek gure adina zutenean, urtero-urtero kukuaren kantua lehenengoz entzuten zutenean, berri ona ospatu egiten zutela, ardo botila zaharren bat irekitzen zutela afaritan, gustura lotaratzen zirela den-denak etxean, udaberria bertan zela-eta. Berri ona omen zen kukua kantuan entzutea, hori ikasi genuen arratsalde hartan. Horregatik, zerbait ona zetorrela sinetsita, gustura egin genuen etxerako buelta.

Zera berri batek gorputza hartzen duenean nola, zerbait inportantea pasatu izan balitz bezala akordatzen naiz arratsalde hartaz.

Geroztik, martxoko, apirileko eguraldia heltzen denean, ahal dudanean, mendialdera abiatu ohi naiz, urrutiko arboletara. Egia baldin bada arratsalde hartan kontatu zigutena, urrutiko zelaidi zein gertu-gertuko lur eremuotan badagoelako kukuaren kantua entzuteko premiarik.