«Nire bizitzaren eta ametsen aztarnak jarri ditut ikusgai»

«Nire bizitzaren eta ametsen aztarnak jarri ditut ikusgai»

Eva Serna artistak (Donostia, 1970) erakusketa bat ireki berri du Azpeitiko Sanagustin kulturgunean: Aztarnak. Fantasiaren eta ametsen munduan murgildutako artelanak jaso ditu bilduman, bizi ezin dena irudikatzeko asmoz. Sernak dio lan guztiek hari berari jarraitzen diotela, eta askotariko materialak erabili ditu horretarako, hala nola olioa, klera, akrilikoa, akuarela, papera eta telak. Erakusketa martxoaren 31ra bitartean egongo da zabalik.

Zeren aztarnak dira erakusketan ikusgai daudenak?

Nire bizitzaren, eta, batez ere, nire ametsen aztarnak jarri ditut ikusgai, metaforen bitartez sortu baititut margolanak. Egunerokotasunean galdu ditugun kontuez ari naiz lan horietan. Oso azkar bizi gara egun, eta mundu materialak biltzen gaitu: guztia da berehalakoa, une oro bete behar dugu helbururen bat, dirua lortu nahian gabiltza… Baina atzean gauza asko utzi ditugu; tartean, izaera. Maiz ez digute uzten benetako izaera agertzen; emakumeoi, batez ere. Bizitzan ikusgai zein ezkutuan dauden aztarnak dira erakusketaren oinarria. 

«Fantasia ageri da lan guztietan, bizitzen uzten ez digutena irudikatzeko asmoz»

Artelanek ba al dute loturarik euren artean?

Baietz esango nuke. Koadro gehienetan emakumeak edo haurrak ikus daitezke, baita ametsak ere. Fantasia ageri da lanetan, bizitzen uzten ez digutena irudikatzeko asmoz. Artelan guztiek dute fantasiarekin lotura, eta neure buruarekin ere bai. Izan ere, autorretratu bat egin dut, eta erakusketan dago ikusgai. Horrez gain, beste koadro batean eguzki handi bat margotu dut, eta beste batean erregina dirudien neska bat agertzen da.

Josi ere egiten duzu.

Bai, baita eskulanak egin ere. Getariako Balentziaga museoan eskolak jasotzen aritu naiz. Asko gustatzen zaizkit Balentziagaren lanak. Hark diseinatu zuen ezkongai baten soinekoa, esaterako, oso kutuna dut: oso modernoa da, eta diseinatzailearen azken etapari dagozkion ezaugarri oso nabarmenak ditu. Balentziagaren aita arrantzalea zen, eta aita-semeekin fantasiazko lan bat egin dut erakusketarako. Ezkon-soineko hark arrantzale txapelaren forma gogorarazi zidan, eta egin dudan laminan ikus daitezke arrantzaleak, itsasontzia, soinekoa… Erakusketan ikus daitekeenaren adibide bat da hori, adierazi nahi dudalako bakoitzak bere fantasiak dituela. Ametsak sormen lanetan ateratzen dira gero. 

Esan duzu autorretratu bat egin duzula erakusketarako. Nola kokatu duzu zure burua fantasiaren munduan?

Lehenago ere egin nuen beste autorretratu bat. Minbizia izan nuen, eta ordukoa da koadro hori. Garai horretan askoz ere ilunagoa irudikatu nuen nire irudia, eta jendeari beldurra ematen zion. Orain, hobeto nago osasunez eta lasaiago ikusten dut neure burua. Irudi garbiago bat atera zait oraingoan, eta gustura geratu naiz egindakoarekin. Neure burua orduan baino lasaiago ikus dudanez, nire egoera berriaren isla da hori ere.

Sanagustinen dauden lanak erakusketarako propio egin al dituzu?

Ez bereziki. Niretzat margotzea irtenbidea da, lasaitu egiten nau, eta, beraz, lagundu egiten dit bizitzan. Erakusketa zabaltzea proposatu zidatenean, eginak nituen lanak aukeratzen hasi nintzen. Gidoi bat ere prestatu nuen, buruan erakusketaren ideia jakin bat nerabilkien-eta. Azkenean, ez dut hasieran pentsatua nuen ezer egin, eta erakusketa guztiz desberdina atera da.

Zer material erabili duzu lanak egiteko garaian?

Olioa, klera, akrilikoa, akuarela, papera eta telak. Material asko erabili ditut, eta guztien nahasketa dago lanetan. Oro har, material asko erabiltzen ditut koadroak egiteko, eta lanerako erabiltzen dudan tailerra bera ere materialez beteta daukat. Asko gustatzen zaizkit denak; ez nuke jakingo bat aukeratzen. Lanean hasten naizenean, gordea izaten dut material guztia, eta, aurreratu ahala, mahai gainean izaten ditut denak. Olioak, esaterako, indarra ematen die lanei, eta asko erabiltzen dut. Baina beste guztiak ere beharrezkoak ditut, testura ematen baitute. Horregatik, ideia batekin hasten naiz margotzen, baina emaitza bestelakoa izaten da gero. 

«Bolada batzuetan gehiago margotu izan dut, eta besteetan, gutxiago, baina beti aritu naiz margotzen»

Aldartearen arabera aukeratzen al dituzu materialak?

Bai. Halakoetan, nire eta ingurukoen egoerak zerikusi handia izaten du.  

Noiz hasi zinen margotzen?

Urte asko daramatzat. Bolada batzuetan gehiago margotu izan dut, eta besteetan, gutxiago, baina beti aritu naiz margotzen. Gaztetan hasi nintzen eta, ordutik, margoa aldamenean izan dut beti. Artea ez dut inoiz ofizio izan, baina beti egon da nirekin.