Irakurle taldeak sortzen ari dira Gipuzkoan; horren adibide dira Hernaniko A(letu), Donostiako Momentuz eta Zarauzko Uhera taldeak. Mutrikun ere sortu dute —Balira—, eta Beasaingo gaztetxean ere liburuen bueltan elkartzen ari dira hainbat gazte. Orain bi urte eratu zen Gasteizko Azpimarra irakurle taldea izan dute eredu Gipuzkoan sortu berri direnek. Guztiek dute berezitasun bat: gazteen eskutik datoz, eta, gainera, gune autogestionatuetan elkartu ohi dira. Dena den, denek adierazi dute irakurle talde izatetik harago joateko asmoa.
Hernani: A(letu)
Iaz elkartu ziren lehenengoz Hernaniko irakurleak, eta, A(letu) taldea sortuta, abenduan egin zuten lehen saio irekia, Kontrakantxa gaztetxean. Esan dute literaturaren esparrua aproposa dela gazteen aisialdi ereduan esku hartzeko, izan ere, baieztatu dute «eduki despolitizatuak, errazak eta sare sozialen bitartez zabaltzen diren ideia hutsalak» orokortu direla, eta literaturaren bitartez «askotariko obra eta ideiatan sakondu» daitekeela. Hala ere, Axier Mendizabal taldeko kideak (Hernani, 1995) adierazi du irakurtzea ez dela positiboa bere horretan, eta nola irakurri asmatu behar dela: «Helburua da buelta bat ematea gaur egun munduak literaturaren bitartez esaten duenari, eta, hori kontuan edukita, hausnartzea, gure ustez, zer esan beharko litzatekeen».
Abenduaz geroztik, askotariko nobelak izan dituzte esku artean, azken bi mendeetako literaturaren ibilbidea jaso nahi izan baitute, Mendizabalek dioenez. Profil ugaritakoak elkartu dira, eta egon da lehen aldiz literaturara gerturatu denik ere. Mendizabalek berretsi du taldearen bitartez «irakurketa gaitasuna» landu dutela, eta baita «kritikotasuna» garatu ere. «Gai gara kritikotasunez ondorio politikoak ateratzeko, liburu bakoitzaren mezu interesatua erauzteko. Ulertu nahi dugu idazlea zer ari den esaten, eta zergatik esan nahi duen hori. Ondorio baliagarriak ari gara ateratzen, idazle bakoitzak literaturaren bitartez munduaren erretratu jakin bat egiten baitu, eta ondorioztatzera irits gaitezke pertsona hori zer ari den esaten, garaiak zer dioen».
Dena den, literatura eremu zabala da, eta «mundu horri zukua» ateratzeko prest aurkeztu dute euren burua. Sona izan dute sare sozialetan, eta Mendizabalek adierazi du arreta piztu duela gazteek irakurle talde kritikoak sortu izanak. Hain zuzen, A(letu)ko kidearen ustetan, badago ikuspegi bat zera dioena, gazteak «kulturatik urrun» daudela, eta ez dator bat horrekin: «Gazteok irakurtzen dugu, interesa daukagu kulturan, literaturan, eta, gainera, gauza berriak egiteko borondatea daukagu».
Aurrera begira, egitarau zabalagoa osatzeko asmoa dute hainbat diziplina lantzeko: «A(letu) irakurle talde definitu genuen, baina literatura talde izan daiteke».
Donostia: Momentuz
Donostiako irakurleak espontaneoki elkartu ziren lehen aldian, iaz, Txantxarreka gaztetxean. Probatzen hasi, eta momentuz momentu joan dira taldea osatuz: Momentuz. Irati Oskoz taldeko kideak (Astigarraga, 2005) adierazi du aise hautatzen duela nork bere gustuen arabera zer irakurri, baina nekeza dela taldean lantzeko irakurgai aproposak zehaztea. Horretarako, auzi sozialei erreparatzen dieten idazleengana jo nahi izan dutela esan du Oskozek, eta, gainera, zenbait diziplina landu nahi izan dituztela, «bai nobela, bai poesia, bai antzerkia». «Orokorrean askotariko proposamenak egon dira, baina lehentasuna eman diegu kezka soziala edo konpromiso politikoa daukaten idazleei». Horrez gain, berretsi dute «arduraz» hartzen dutela euskararen presentzia, eta «konpromisoa» dutela euskal literatura lantzeko; oro har, «orekari eutsi» nahi diotela dio Oskozek.
Liburuak hautatuta, Momentuz taldearen saio guztietan ariketa bera egiten dute: obra dagokion garaian kokatzea. Irakurgaietatik harago joateko asmoz egiten dute, eta, obra aspaldikoa bada, egungo edukiak bilatzen dituzte alderaketak egin ahal izateko. Oskozek esan du horrela jende gehiagorengana heltzeko aukera dutela: «Ez gara, orokorrean, irakurzale amorratuak. Badago jendea, beharbada, ez duena inoiz poesia irakurri eta taldean egin duena lehen aldiz. Gurera gerturatzeko modu bat da».
Taldea egonkortu dute, eta jende gehiago lortzea dute orain erronka. Oskozek dio helburua dela Donostian «literaturarekin zerikusia duen leku eskuragarri bat» edukitzea. Horretarako, liburutegietan elkartzen diren taldeekin bereizi nahi izan dute, euren taldearen «interesen arabera antolatu» ahal izateko, eta «ikuspegi kritikoa» lantzeko.
Momentuz, irakurleak direla diote, baina ez dute beste gauza batzuk probatzeko ideia alboratzen. Horren adierazle izan daiteke kartelak eskuz marrazten dituztela, idatziz egongo balira bezala. «Talde irekia da diziplinei dagokienez, eta baita aurrera begira egin ditzakegun ekintzei dagokienez ere».

Zarautz: Uhera
Zarauzko lagun talde batek sortu zuen Uhera, eta orain, liburuen bueltan elkartuko den komunitate bat osatzeko ahaleginetan ari dira. Izan ere, Uhera taldekide Jone Lizarraldek (Zarautz, 2001) esan du euren asmoa zera dela, irakurleen arteko sarea sortzea: «Irakurtzea ekintza indibidual gisa ulertzen da, baina hori kolektibizatzeko asmoa daukagu». Dena den, azaldu du helburu asko dituztela eta zaila dela bakar bat zehaztea. Zarauzko Hiruputzu gaztetxean biltzen dira, eta Lukas Aranok dio (Zarautz, 2002) irakurle taldearen xedea ere badela gaztetxearekin harremana ez duen jendea gaztetxera arrimatzea; kasurako, Uherak harremana du Zarauzko Danda gazte asanbladarekin.
Hileko azken igandean elkartzen dira, edari eta janari artean, eta orain arte agertu direnei buruz Beñat Arrutik dio (Zarautz, 1999) egon dela aurretik irakurtzeko ohiturarik ez eta gerora zaletasuna lortu duenik. Lizarraldek jakinarazi du irakurlea izatea ez dela taldera batzeko baldintza: «Irakurzaletasunak eraman zaitzake kritikotasunera, eta kritiko izateak, irakurzale izatera. Biak uztartu nahi ditugu».
Iazko abenduan Uxue Alberdiren Hetero narrazio liburua landu zuten, idazlearekin berarekin batera, eta Aranok esan du, urduri egon baziren ere, oso saio polita izan zela: «Ez zen apenas dinamizaziorik behar izan; berez atera zen solasaldia. Uxuek asko zeukan esateko, eta guk beste asko gehitzeko». Arrutik azaldu du ohiko saioetan dinamizatzeko ardura txandakatu egiten dutela, baina normalean ez dela saioa gehiegi gidatu behar izaten: «Norberak liburuak zer eman dion kontatzen du, eta hortik josten dugu saioa. Horixe da aberasgarriena: bakoitzaren ikuspegitik harago joan ahal izatea».
Zarauztarrek diote taldearen izenarekin ere poesia egin nahi izan zutela. Zarauzko hitz berezien artean bilatu, eta topatu zuten itsasontziak itsasoan uzten duen ur mugimendua dela uhera. Hala, hitzematen dute eurek ere «mugimenduan» jarraituko dutela, eta iragarri udan ekimen berezi bat egiteko asmoa daukatela, baita beste irakurle taldeekin elkartzeko asmoa ere.