‘Bareak saltsan’, merkataritzaren aldeko podcasta

‘Bareak saltsan’, merkataritzaren aldeko podcasta

Beasaingo Bareak merkatari elkarteak Bareak saltsan izeneko umorezko podcasta sortu du orain gutxi. Helburua da merkatari lana herrira zabaltzea, tokiko komertzioari balioa ematea eta herriko merkatarien egunerokoa ezagutaraztea. Goierriko Merkataritza Bulegoko kide Eneritz Iturriotzek dio entzuleek merkatarien egunerokoa ezagutzeko aukera izango dutela podcastaren bidez, eta, hala, oraindik ezagutzen ez dituzten merkatari eta saltokien berri izango dutela. Horretaz gainera, badute beste jomuga bat: merkatariak «lasai» eta «tonu umoretsu» batean jarduteko moduko espazio informatibo bat sortzea.

Bareak elkarteak hainbat ekintza antolatzen ditu urtero herriko merkataritza sustatzeko asmoz, hala nola sentsibilitate kanpainak, zozketak eta azokak. Iturriotzen esanetan, egiten dituzten kanpainetako batzuk elkarteko merkatariak ezagutarazteko baliatzen dituzte. «Azken finean, hori da herriko merkataritzak eskaintzen dituen berezitasunetako bat: merkatariek bezeroekin sortzen dituzten harremanak eta bizipenak», dio. Oraingoan, elkartearen xedea izan da merkatariei eta haien egunerokoari balioa emateko proiektu bat egitea, bai eta gazteenganaino iritsiko den formatu bat erabiltzea ere. «Badakigu gaur egun podcast ugari daudela, eta entzuteko zerbait erakargarria izan behar duela», esan du Iturriotzek. «Podcastaren lehenengo saioan, saltsa pixka bat sortu nahi izan dugu egunerokoan ikusten ez diren kontu batzuk azaleratuz, umore puntu batekin, betiere». 

Saioaren dinamika

Xabin Fernandez legorretar antzezle eta kazetariak egingo ditu gidari lanak, eta Beasaingo hainbat merkatari bilduko ditu mahaiaren bueltan. Hala, merkataritzarekin lotutako askotariko gaiak jorratuko dituzte. Lehen atalean, hiru lagun gonbidatu zituen: Truk arropa markako Maite Goikoetxea, Kaxolako Iker Markinez eta Olano harategiko Joxe Manuel Olano. Egunerokoan gertatzen zaizkien anekdotak izan zituzten hizpide.

«Azken finean, hori da herriko merkataritzak eskaintzen dituen berezitasunetako bat: merkatariek bezeroekin sortzen dituzten harremanak eta bizipenak»

ENERITZ ITURRIOTZ Goierriko Merkataritza Bulegoko kidea

Jada ari dira bigarren saioa prestatzen, eta, Iturriotzek jakinarazi duenez, harremanei buruz hitz egingo dute, «merkatarien eta bezeroen eta merkatariek euren artean dituzten harremanez». Hilero saio bat egingo dute, ordu erdi bat ingurukoa, eta hilabeteko bigarren astean emitituko da, asteartez, gaueko hamarretan, Goierri Irrati Telebistan. Emisioaren ondotik, Bareak merkatari elkarteko kanaletan ere jarriko dute programa. 

Gainera, atala eman aurretik, pilula txiki batzuk zabalduko dituzte @BAREAK_SALTSAN sare sozialeko kontuan, jendea saioa entzutera erakartzeko. Iturriotzek uste du, hedabide digitalak eta podcastak jende gazteak kontsumitzen baditu ere, adin tarte guztietako jendearentzat «aproposa» dela.

Bareak elkartea

Bareak merkatari elkartea 2004tik ari da Beasaingo merkataritza bultzatu eta sendotzeko ahaleginetan. Hain zuzen ere, elkartearen lan ildo nagusiak sektorearen defentsa eta ordezkaritza eskaintzea dira. Gainera, sektoreko enpresen profesionalizazioaren eta lehiakortasunaren hobekuntzaren alde ere egiten du lan, bai eta merkataritza dinamizatzeko eta sustatzeko estrategiak garatzen ere. Bestalde, sektorearentzat interesgarriak diren albiste, araudi, laguntza eta era guztietako informazioa ere helarazten dute inguruan. Hala, udalerri «lehiakorra eta komertzialki erakargarria» lortzea da elkartearen helburua.