Mendi lasterketak denen eskura egon daitezen

Mendi lasterketak denen eskura egon daitezen

Urriaren 5ean jokatuko da Gipuzkoan sona handia hartu duen lasterketa bat: Zumaiako Flysch Trail. Aurreko bi aldietan bezala, Zumaiako Udalak bere gain hartuko du probaren antolakuntza, nahiz eta ehunka boluntariok ere lan egingo duten lasterketaren aurreko egunetan eta egunean bertan —650 boluntario izan ziren iaz—. Udalak, lasterketa antolatzeko ardura hartu zuenean, zenbait oinarri zehaztu zituen, hala nola kirolariei garrantzia ematea, ingurumena zaintzea eta lasterketaren bidez herriko merkatarien lana bultzatzea. Hala, kirola «denen eskura» jarri nahi dute, eta lanketa berezia egin dute emakumezkoen parte hartzea sustatzeko ahaleginetan. Lasterketaren aurreko hilabeteetan, esaterako, emakumezkoentzako entrenamenduak antolatzen dituzte, hilean bi. 

Maite Egaña Zumaiako Indamendi mendi elkarteko kideak prestatzaile lanak egiten ditu saio horietan, eta kontatu du orain lau urte hasi zirela emakumezkoen parte hartzea sustatzeko entrenamenduekin. «Indamendi mendizaleon elkartean ere hasiak ginen emakumeon korrika taldea abian jartzen, eta horretan genbiltzanok hartu genuen geure gain Flysch Traileko emakumezkoen entrenamendu saioak gidatzeko ardura». 

Egañak esan du andreen parte hartzeari dagokionez «salto handi bat» izan dela lasterketan, baina aitortu du ez dakiela gorakada hori elkarteak egindako ahaleginagatik izan den, edota beste arrazoiren batengatik ari ote den jendea mendi lasterketetan parte hartzen. Orain dela hiru urte, parte hartzaileen %24 ziren emakumezkoak Zumaiako Flysch Traileko bi distantziak aintzat hartuta —hamalau kilometroko ibilbidea du batak, eta 23koa besteak—. Hurrengo aldian, 2023an, parte hartzaileen %30etik gora izan ziren andreak. 

Zenbat eta luzeago, orduan eta gutxiago

Probako ibilbide laburrean, ia erdiak emakumezkoak dira. Iaz, %46 izan ziren. Halere, Egañak dio distantzia luzekoan dutela erronkarik handiena. «Zenbat eta ibilbide luzeagoa, orduan eta apalagoa izaten da emakumezkoen parte hartzea. Normala da hori gertatzea, baina orain helburua da kopurua igotzea». Hain zuzen, xede hori dute antolatu dituzten prestaketa saioek, baina iruditzen zaio saio horietatik kanpo ere susta daitekeela parte hartzea: «Emakumeok elkar animatzeko lana dugu».

Flysch Trail lasterketaren barruan, duela hiru urte antolatu zuten lehenbizikoz hamalau kilometroko ibilbidea, kirola herritar gehiagoren eskura egon zedin. Egañak uste du erabaki hori lagungarria izan dela parte hartzaile gehiago erakartzeko. «Lehen, distantzia laburreko karrera juniorrek bakarrik egin zezaketen, baina aukera zabaltzea erabaki zuten, lasterketa publiko zabalago batengana iristeko. Ez bakarrik emakumeentzat, mendian korrika egitera ohituta ez daudenentzat ere bai», azaldu du prestatzaileak. Egañaren ustez, lasterketa motzak aukera ematen du zumaiarrek herriko lasterketan «leku bat edukitzeko parte hartzaile moduan».

«Zumaiako Flysch Trail lasterketan, zenbat eta ibilbide luzeagoa, orduan eta apalagoa izaten da emakumezkoen parte hartzea. Normala da hori gertatzea, baina orain erronka da kopurua igotzea»

MAITE EGAÑA Zumaiako Indamendi mendi elkarteko kidea

Oraindik ez dago jakiterik zein izango diren aurtengo datuak, maiatzaren 17an irekiko baitituzte bi lasterketetarako izen emateak, 10:00etan. Nolanahi ere, Egañak jada nabari ditu Flysch Trail proban parte hartzeko «interesa eta gogoa» inguruan.

Entrenamenduak, ekainean

Aurreneko prestaketa saioa ekainaren 15ean izango da, eta guztira sei saio egingo dituzte; hilean bi, abuztuan izan ezik. Emakumezkoentzat prestatutako entrenamendu saioak izango dira, nahiz eta antolatzaileek argitu duten edonork parte har dezakeela. Ohi bezala, hainbat dortsal zozkatuko dituzte entrenamenduetan parte hartzen duten emakumeen artean, baina aurten berrikuntza bat izango da: zozketaren irabazleek izena eman eta ordaindu egin beharko dute lasterketan parte hartzeko. Zozketa azken-aurreko entrenamenduaren ondoren egingo dute, bosgarrenean, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da gutxienez hiru saiotan parte hartu izana.

Zumaiatik kanpoko korrikalariak ere aritu izan dira aurreko aldietako entrenamendu saioetan. Egañak dio inguruko herrietatik joan izan direla prestaketetara, bai eta Nafarroatik ere. Are, prestatzaileak dio inguruko hainbat herritako lasterketa batzuetan eredu izan dutela Zumaian egiten duten lanketa; Zarauzko Saltaka taldeak eta Azpeitikoak, adibidez.