Iker Zubeldia Katarain (Beasain, 1981) bertsolaritzaren alorrean egindako ibilbideak egin du ezagun. Nolanahi ere, beste hamaika saltsatan ere badabil gaur egun. Umetan hasi zen bertsotan, eta, ordutik aurrera, Euskal Herriko hainbat plaza eta oholtzatan kantatu du. 2002an Osinalde saria irabazi zuen, eta 2007an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean izan zen. Gaur egun, jaialdietan eta bertso bazkari eta afarietan aritzen da gehiago. Zegamako alkatea da 2023az geroztik, eta Euskal Herri euskaldun batean bizitzea du amets.
Nondik datorkizu bertsotarako grina?
Gure etxean beti egon da bertsotarako afizioa. Gainera, gure aitaren aita pontekoa Artxanberri bertsolari zaldibiarra zen. Beraz, esango nuke afizio hori betidanik izan dugula.
Nola gogoratzen duzu bertsotan hasi zinen garaia?
10-11 urterekin hasi nintzen. Garai hartan, inguruko jende askok eman genuen izena bertso eskolan. Beasaingo Pergolatan autobusa hartu, eta Ordiziako Barrena jauregira joaten ginen, bertso eskolak ordaintzen zuen autobus batean. Oroitzen dut hirurogeitik gora lagun joan ginela lehen klasera. Bigarren klasean zifra berrogeira jaitsi bazen ere, uste dut bazegoela bertsotarako gogoa eta grina.
Zer motatako bertso saioak egitea duzu gustukoen?
Azkeneko urteetan otorduen bueltan ibili naiz gehien, bertso afarietan eta. Jaialdietan ere ibili izan naiz, baina esango nuke otorduetan sentitzen naizela erosoen. Beste intentsitate bateko saioak izaten dira, askoz ere bertso gehiago kantatu behar direlako. Jaialdi batean 25 bat bertso abestu behar badira, otordu batean laurogei edo. Gainera, publikoarekin kontaktu zuzenagoa izaten dugu bertso bazkari eta afarietan.
«Sumatzen dut badagoela jende bat esaten duena egungo bertsoak ez dituela ulertzen, eta hori ulergaitza dela iruditzen zait»
Errazagoa al da janaren eta edanaren bueltan inspiratzea?
Egia esan, otorduak ez dira bertsotan aritzeko onenak izaten. Horrelako saioetan, sortzen den giroa izaten da onena, baina gu lanera joaten gara, eta geure burua kontrolatu behar izaten dugu. Askotan ematen ez badu ere, egiten duguna oso exijentea da.
Esan daiteke bertsolaritza tradizionalaren eta bertsolaritza berri baten trantsizioan gaudela?
Gaur egungo bertsolaritza plurala da. Berria eta tradizionala bereiztea gehiegizkoa dela iruditzen zait, tradizionalean kantatu duten bertsolariak berdin-berdin dabiltzalako bertsolaritza berrian, baita alderantziz ere. Nik uste dut bertsolaritza munduarekin batera aldatu behar dela. Aldaketa azkarregi gertatzen bada, pixka bat kostatu egiten da garai berrira ohitzea.
Bada esaten duenik gaur egungo bertsolaritza ez duela ulertzen.
Nik ikusten dudana da entzule jakin bat, nolabait, gogaitu egiten dela oraingo bertsolaritzak hartu duen norabidearekin. Sumatzen dut badagoela jende bat esaten duena egungo bertsoak ez dituela ulertzen, eta hori ulergaitza dela iruditzen zait. 50 urteko bertsozale batek ez baditu gaurko bertsoak ulertzen eta, hori dela eta, bertsolaritza kontsumitzeari uzten badio, lanketa handia dago egiteko. Gaur egun, zaintzaz eta jende helduaren ongizateaz asko hitz egiten den garai honetan, ez bagara gai jende heldua kulturalki elikatzeko, esango nuke gizartearen gabezia baten aurrean gaudela.
Bertsolaritzak balio izan du gai sozialen eta politikoen gaineko gogoetak eta aldarriak egiteko. Gaur egun ere balio al du horretarako?
Aldarriak orain eta beti egingo dira. Azken batean, nork bere aldarria du, beti aldarrikatzen baitugu zerbait, nahi gabe ere. Bertsolari batzuk oso sutsuak izan dira horretan, eta bertsoa erabili dute aldarriak egiteko. Garai batean, Euskal Herriko politika bero zegoen hartan, batzuek gehiago erabiltzen zuten bertsoa aldarrietarako. Gaur egun, beste arazo batzuk diren arren, bertsoa horretarako ere erabiltzen da. Tira, erabili ez da egiten, ibili egiten da. Erabiltzea arriskutsuagoa litzateke.
Zergatik diozu erabiltzea arriskutsuagoa litzatekeela?
Azkenean, desberdinak gara denok, eta nork bere aldarriak ditu. Bertsoa ibiltzea bertsolarien arteko hartu-eman ariketa bat egitea da. Arriskutsua izango litzatekeena da bertsolari batek bertsoa erabiltzea nolabaiteko onura pertsonalak jasotzea espero izanda soilik.

Zuri zer ematen dizu bertsolaritzak?
Nik jende asko ezagutu dut bertsolaritzari esker, baina, batez ere, jendea ezagutzen ikasi dut. Gainera, Euskal Herria ondo ezagutzeko aukera ere eman dit; batik bat, Euskal Herri euskal hiztuna. Esango nuke oso ofizio gutxik ematen dutela gure herria ezagutzeko aukera hori.
Zegamako alkatea zara 2023az geroztik. Nola sortu zitzaizun aukera hori?
Inoiz ez nuen usteko alkate izango nintzenik. Lagun batzuekin elkartu nintzen behin, eta orduantxe proposatu zidaten. Pentsatu nuen, behintzat, ahalegina egin behar nuela. Nire ustez, herri txikietan aberasgarria eta beharrezkoa da aldaketak egotea. Nire alkatetza bukatzen denean, beste aldaketa batzuk egongo dira, eta gero, beste hainbat.
Zertan aldatu da zure bizitza alkate zarenetik?
Ia deskantsurik gabeko lana dela esango nuke. Beti daukat egiteko zerbait, eta buruan beti dut kezkaren bat. Ofizio honek zerbait gaizki egiten ari zarelako sentsazioa ematen du, nolabaiteko antsietate puntu bat. Gainera, jardun honetan berria zarenean, obsesio puntu bat sartzen zaizu dena ondo egin nahi horretan. Bestalde, herri txiki batean, bazter guztietan zara alkate: poteoan, herriko festetan, mendian… Halere, oso gustura egiten ari naizen lana da.
Zegamako biztanleek zer-nolako erlazioa daukate euskararekin, bertsolaritzarekin eta bestelako kultur arloekin?
Zegama ez da inoiz izan herri bereziki bertsozalea, baina bertsozaleak direnak oso sutsuak dira. Azken urteetan gazte asko sartzen ari dira bertsoaren munduan. Txapelketetara eta inguruko jaialdietara jende gaztea joaten da gehienbat, baita herriko betiko beterano bertsozaleak ere, noski.
Zegaman nola dago euskararen egoera?
Nik bi seme-alaba dauzkat: 15 urteko alaba eta 12ko semea. Erabat arduratuta nago adin horretako jendearen euskararen erabilerarekin. Gainera, alde handia ikusten dut alabaren adina dutenen eta semearen adina dutenen artean. Azken urteetan behera egin du euskararen erabilerak, eta iruditzen zait edozer gauzarekin konformatzen garela. Teleberri-n eguraldia ematen duenak gabon esatearekin bakarrik konformatzen gara, nahiz eta gainerako guztia erdaraz esan.
Hika hitz egiten al da oraindik herrian?
Herriko umeek hika hitz egiten dute, baina horrekin ezin gara konformatu. Azken batean, globalizazio honek eta dena jakin behar honek eragin zuzena du gurea bezalako eremu txikietan. Nik ez dakit zein den formula, baina, politikari naizen aldetik, hizkuntza da nire kezka nagusia.
Uste duzu globalizazioak euskalkiei ere eragin diela?
Bai, eta oso tristea da gureraino iritsi den altxor bat belaunaldi bakar batean galtzen ikustea. Baita nortasuna galtzea ere. Guk azpeitiar bat euskaraz entzuten badugu, badakigu azpeitiarra dela, edo gure gurasoak euskaraz adituta, bagenekien zegamarrak zirela. Hizkuntzaren bereizketa hori galdu egin da, eta gure lana da berreskuratzea. Zegaman, esaterako, badauzkagu ideia batzuk buruan.
Zer ideia, adibidez?
Egoera ikusita, lanketa bat egiteko asmoa dugu. Material bat sortu nahi dugu eskolara eraman ahal izateko, eta ebaluazioaren zati bat, behintzat, euskalkien ezagueraren ingurukoa izateko. Gure asmoa euskalkiak berpiztea da. Gero herriko umeek erabiliko duten ala ez, ez dago gure esku, baina, behintzat, ikas eta jakin dezatela zer dagoen galtzear. Orain ez dira konturatzen zein den egoera, baina beharrezkoa da bultzada bat ematea.
«Zegaman material bat sortu nahi dugu eskolara eraman ahal izateko, eta ebaluazioaren zati bat, behintzat, euskalkien ezagueraren ingurukoa izateko»
Zeintzuk dira Zegama bezalako herri batek dituen erronka nagusiak?
Zegamak azpiegitura handiak ditu herri txikia izateko, eta horri eustea da gure helburuetako bat. Beste erronka batzuk ere baditugu: etorkinen fenomenoa kudeatzea eta herri jasangarri eta jator bat egitea, adibidez. Halere, gure hizkuntzari eustea da Zegaman eta Euskal Herri osoan daukagun erronka handiena. Denok ohartzen gara gure seme-alabek justu samar hitz egiten dutela euskaraz, eta hori oso kezkagarria da. Zegama bezalako herri batean nabarmena bada, ez dut pentsatu ere egin nahi herri handiagoetan duten egoera zein izango den.
Eta bertsolaritzak nola lagundu dezake euskararen erabileran?
Bertsolaritza ikasten duen pertsona batek bere euskara maila hobetzen du; nabarmen, gainera. Umeen kasuan, adibidez, bertso eskolan izena ematen dutenek beste buelta bat ematen diote hizkuntzari, hitzekin eta hizkuntzarekin jolas egiten ikasten dutelako.
Bertsolariok nola lagundu diezaiokezue euskarari?
Bertsolariok kantatze hutsarekin bakarrik euskararen alde egiten dugu. Euskara da gure erreminta, eta bertso saio bat egiten dugun aldiro, gure hizkuntzari ahalik eta erabilera onena ematen ahalegintzen gara.
motzean
Amets bat? Euskal Herri euskal hiztun batean bizitzea.
Txoko kutun bat? Mendiko edozein txoko.
Plazer bat? Gazta jatea.
Bertsotan aritzeko, zer ariketa da zure gustukoena? Ez daukat bereziki gustukorik; denak gustatzen zaizkit.