Afari bero bat behar duenarentzat

Afari bero bat behar duenarentzat

Turistaz lepo egon ohi den toki batean elkartu dira berriz ere Kaleko Afari Solidarioak herri egitasmoaren parte diren kideak, Donostiako Plaza Berrian hain zuzen. Arroza tokatu da gaur, eta boluntarioek «on egin» esanez banatzen dute plater bakoitza. Lehenago, afaria jaso nahi dutenei zenbaki txartel bana eman diete, txanda errespetatuta ilara ordenatu bat osa dezaten. Bertaratu direnen artean, emakume bakarra dago. Astelehena da, eta 70 afari banatu dituzte Parte Zaharrean, 53 Amara auzoan, eta 68 Egian. Hortaz, 191 plater bero Donostian.

Hiriko kaleetan «arrazismoa» igartzen dela kontatu du afaria jasotzera etorri den mutil gazte batek: «Ez gaituzte ondo tratatzen, mespretxuz begiratzen digute, eta, gainera, lapurtu egiten dugula diote». Guztira bost gazte marokoar elkartu dira hizketaldian; haietako bi mekanikari izateko ikastaroa egiten ari dira, baina beste hirurek oraindik ez dute baimenik ikastaroan izena emateko. Elkarrekin bizi dira Donostiako zubi baten azpian, eta egunero datoz Plaza Berrira afaltzera.

2020ko azaroan Donostiako Udalak Infernua auzoko bi eraikin hustu ondoren, etxerik gabe gelditu ziren gazte migrante batzuk aterpe bila joan ziren Plaza Berrira. Agus Rodriguez (Donostia, 1972) eta hainbat auzotar laguntza eskaintzera joan ziren gau eta egun arkupeetan pasatzen zuten horiengana. «Janari beroa» eskertuko luketela erantzun zieten, eta auzotarrak antolatzen hasi ziren. Parte Zaharrean ez ezik, Egia auzoan ere afariak prestatuko zituen talde bat sortu zen, eta, hilabete batzuen buruan, Amaran ere bai. Horrela jaio zen Kaleko Afari Solidarioak (KAS) egitasmoa. Rodriguezek kontatu duenez, gaur egun, 250 boluntario inguru daude, eta Whatsapp talde baten bitartez antolatzen dira. «Konpromiso handiena sukaldariok izaten dugu, eta, beraz, egun finko bat zehazten da bakoitzarentzat. Normalean, binaka kozinatzen da, hamabostean behin». Kozinatu, ogia hartu, mahaia eta platerak auzo elkartetik jaso, eta boluntarioek afari bero bat banatzen dute egunik egun.

Sukaldearen beroa

Koldo auzotarraren etxean elkartu dira lau kide, eta berriketan ari dira arroza egin bitartean. «Ondo» kalkulatzen omen du Koldok arroz kantitatea, baina hark aitortu du «lapikoak goraino» betetzea dela sekretua. «Esperientziari esker» kantitate handiak kozinatzen ikasi dutela diote denek, eta erosketak egitean «merkealdiei erreparatzea» dela gakoa. Izan ere, gastu ekonomikoei aurre egiteko, euren poltsikotik jartzen dute dirua. Hala ere, Rodriguezek jakinarazi du dohaintzak ere jasotzen dituztela, «bai ekonomikoak, baita elikagaiei dagozkienak ere».

(ID_14540186) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-12-26, Donostia. Donostiako Udalak Egiako kaleko afari solidarioak debekatu zituenetik Gipuzkoa...
KASeko boluntarioak afaria prestatzen, Donostian, Marruma elkartean, abenduan. JON URBE / FOKU

KASeko kideek diotenez, orain lau urte afariak banatzen hasi zirenean, gutxiago ziren otordu eske joaten zitzaizkienak. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako Kale Gorrian dinamikan, zenbatu zuten 2022an Donostian 220 lagun zeudela kalean, eta iazko urrian, ia bi halako: 413. Zenbaketaren emaitza erabat zehatza ez den arren, gorako joera da nabarmen. Sukaldari solidarioek antzeman dute jende kopurua handitu dela, eta, beraz, lapiko gehiago behar izaten dituzte orain: «Iaz Parte Zaharrean 50 pertsona ingururentzat egiten genuen afaria, eta aurten ehun lagunentzat kalkulatzen dugu. Noiz edo noiz 50 pertsona baino gehiagorentzat kozinatzea gehiegizkoa zela ikusita, taldean muga jartzea erabaki izan dugu. Baina geroz eta jende gehiago dator afari bila, eta, azkenean, geroz eta gehiago kozinatzen dugu», esan du Rodriguezek.

«Gure konpromisoa elikaduran oinarritzen da, baina beharra handiagoa da»

AGUS RODRIGUEZ Kaleko Afari Solidarioak-eko kidea

Otorduak banatzeaz gain, beharrezko dituzten medikamentuekin laguntzen saiatzen direla baieztatu dute boluntarioek, baita Hiritarron Harrera Sarearekin harremanetan daudela ere, arropa, lo zakuak eta mantak banatzeko. «Gu kalean gaude egunero, eta, beraz, erreferente bilakatu gara informazioa eskuratzeko. Gainera, guregana etortzen direnek ez dute txanda eskatu behar, ezta Poliziaren kontrolik pasatu behar ere». Dena den, aitortu dute maila indibidualean hartzen diren ardurak haratago doazela maiz. «Gure konpromisoa elikaduran oinarritzen da, baina beharra handiagoa da», ohartarazi du Rodriguezek.

Laguntzaile baten deia jaso du Koldok: «20:15ean, etxeko atarian. Lagun bat azalduta, nahikoa». Ordua iristean, azken lau urteetan egin bezala, beharra duen ororentzat afaria banatzera abiatuko dira.

Hiriaren erantzuna

Urrian elkarretaratze bat egin zuen herritar multzo batek —tartean PPko zinegotziak zeuden—, Egiako banaketa puntuan, Ama Teresa Kalkutakoa plazan; afariak banatzen ziren ordu eta leku berean, zehazki. Elkartutakoek «segurtasuna» eskatu zuten, eta afari solidarioak lapurretekin lotu. KASeko kideek afari banaketa ordubete aurreratu bazuten ere, liskarrak izan ziren manifestarien eta afarien alde agertutako talde baten artean. Ertzaintzak sei lagun identifikatu zituen. Hurrengo egunean, Donostiako Udalak debekatu egin zituen Egiako afari solidarioak, «segurtasun arazorik» izan ez zedin. Orain, Egiako boluntarioek Gipuzkoa Plazan banatzen dute afaria. Rodriguezek esan du liskarrek alde positiboa izan dutela: «Elkartasun uholde bat ekarri zuen gertatutakoak, mobilizazio jendetsuak izan ziren, eta boluntario gehiago batu ziren gurera».

Udalarekin bildu izan dira KASeko boluntarioak, baina Rodriguezek dio ez diotela eredu berari jarraitzen. Udalak 65 bonu banatzen ditu egunero kalean daudenek tabernetan menu bat har dezaten; horrez gain, astean behin 80 janari poltsa banatzen ditu, Hestia zerbitzuaren bitartez. Kexu da Rodriguez ekinbide horrekin: «Izan ere, gainontzekoak, zer? Gure esku gelditzen dira». Dena den, boluntarioak ziurtatu du kalean egotea ez dela ezinbesteko baldintza afari solidarioak jasotzeko, «behar duen orori» ematen baitiote jaten.

(ID_14811839) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-03-27, Donostia. Donostiako Kaleko Afari Solidarioek eta Hiritarron Harrera Sareak agerraldi...

 

KASen eta Hiritarron Harrera Sarearen elkarretaratz bat, martxoan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Gainera, KASeko kideak salatu du udalak ez duela baliabide gehiago jartzeko asmorik: «Udalak esaten du dagokion guztia egiten duela, baina ez da ari oinarrizko eskubideak betetzen». Udal gobernuak ez du Gipuzkoako Hitza-ren galderarik erantzun nahi izan. Bestalde, mugatua da udalak aterpetxeei dagokienez eskaintzen duen zerbitzua: gaueko aterpeak 29 lagun jasotzen ditu—egoera berezietan, 40—, eta urte osoan dago zabalik, abuztuan izan ezik. Neguko aterpe esaten zaiona—La Sirena aterpetxea— Euskalmetek bost gradutik beherako tenperaturak iragartzen dituenean baino ez dute zabaltzen, ehun lagun sartzen dira, eta azarotik martxora bitarteko zerbitzua da. «Aurten zazpi edo zortzi aldiz ireki dute neguko aterpetxea. Baina zenbat gau egon dira euritsuak eta haizetsuak? Egunero ireki beharko lukete, eguraldia edozein izanda ere», dio Rodriguezek.

Hala, Kaleko Afari Solidarioak-eko kideak udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiekin elkartu dira, adierazpen instituzional bat adostu dezaten eskatzeko. Horren bitartez, «arrazismoak hartu duen norabidea» gelditzea da asmoa.