Ordiziako Oroith abesbatzak berrogei urte beteko ditu aurten, eta, mende laurdeneko ibilbidea ospatzeko, askotariko ekinaldiak antolatu dituzte, hala nola Pragarako bidaia, beste abesbatza batzuekin batera prestatutako emanaldiak… Badute ospatzeko beste efemeride bat; izan ere, 25 urte dira Katrin Iturralde abesbatzako zuzendari lanetan hasi zela. 1994tik 2000ra artean, Oroith Txiki haurren abesbatza zuzendu zuen Iturraldek, eta handik aurrera ekin zion helduen abesbatza zuzentzeari. Iturraldek dio «ilusioz» bizi izan dituela Oroithen igarotako 25 urteak. «Oso gaztea nintzela hasi nintzen Oroith Txiki zuzentzen, eta niretzat aukera paregabea izan zen aurretik ikasi nuena praktikan jartzeko».
Iturraldek Abesbatza Zuzendaritza eta Kotserbatorioko ikasketak egin zituen, eta, Oroitheko zuzendari izateaz gainera, Andoaingo musika eskolan ere lan egiten du gaur egun. Txikia zela, Oroith abesbatzan aritu zen, eta esan du orduan hasi zitzaiola musikarekiko «pasioa» pizten. «Ni 8 urterekin hasi nintzen Oroith abesbatzan abesten, eta ordutik nabil han. Musika nire egunerokoan behar dudan zerbait da, eta asebete egiten nau». Gaineratu du abesbatzan abesten hasi eta zuzendari bilakatzea «oso aldaketa handia» izan zela. «Zuzendariak beste erantzukizun bat du, bere egitekoa abesbatzako kideak zuzentzea baita. Eskuekin keinuak eginez soinua ateratzea lortu behar dut. Piano jotzaile baten instrumentua pianoa den bezala, nire instrumentua korua da».
Azken 25 urteen bilakaerari dagokionez, Iturraldek dio partaide kopurua «oso aldakorra» izan dela: «Hasi nintzenean, haurren abesbatzan bolada ona bizi izan nuen, ume pila bat egon baitzen urte askoan. Gero, pixkanaka kopurua txikituz joan da». Helduen abesbatzari dagokionez, azken urteak «gorabeheratsuak» izan direla dio. «Helduekin hasi nintzenean, oroitzen dut talde txikia genuela. Hala ere, boladak izaten dira. Askotan, jende gaztea hasten denean, ohikoa izaten da umeak izan eta abesbatza aldi baterako uztea, baina urteak pasatu ahala, berriro itzultzen dira asko». Orain hamalau bat haur dabiltza Oroith Txiki abesbatzan, eta helduen taldean 24 lagun inguru ari dira, Gipuzkoako hainbat herritakoak. Adinari dagokionez, helduen koruan unibertsitateko ikasleetatik hasi eta 60 urtera bitartekoak dabiltza. Iturraldek dio Oroith Abesbatza askotariko jendeak osatzen duela eta denentzat «eguneroko arazoetatik deskonektatzeko irtenbidea» dela. Ostiralean egiten dituzte entseguak, 21:15ean, eta gehiengoarentzat «asteburua hasteko» modu bat izaten da.
«Zuzendariaren egitekoa da abesbatzako kideak zuzentzea. Eskuekin keinuak eginez soinua ateratzea lortu behar dut. Piano jotzaile baten instrumentua pianoa den bezala, nire instrumentua korua da»
KATRIN ITURRALDE Ordiziako Oroith abesbatzako zuzendaria
Oroith abesbatzak nazioarteko lehiaketetan parte hartu izan du urte askoan, baita sariren bat edo beste irabazi ere. Zuzendariak dio abesbatzako kide kopuruaren eta lehiaketaren mailaren arabera parte hartu izan dutela. «Urte batzuetan oso maila handiko taldea osatzeko aukera izan dugu, esperientziadun jendeak osatutakoa. Beste batzuetan —batez ere, jende berria izan dugunean—, maila ez da hain handia izan». Horrez gain, Iturraldek azpimarratu du lan «handia» eskatzen duela lehiaketetan parte hartzeak eta, beraz, abesbatzako kideek prest egon behar dutela halako proiektu batean murgiltzeko. «Lehiaketa batera joatea izugarrizko konpromisoa izaten da, entsegu eta lan pila bat egin behar izaten baitugu», esan du. «Saria lortzea izaten da gure helburua, eta horretarako prestaketa handia egin behar izaten da».
Ordiziako abesbatza gaur egun lehiaketetan ez badabil ere, Pragara joango da uztailean, Cervantes institutuak gonbidatuta. Orain bi urte, erakunde horrek berak Erromara gonbidatu zituen, eta aurten, abesbatzaren 40. urteurrena ospatzeko, Pragan emango dute kontzertua. Iturraldek dio taldeak «ilusioz» eta «pozez» hartu duela han aritzeko aukera, eta gaineratu du horrelako bidaiek taldea «indartu» egiten dutela. «Bidaia horien helburua ez da soilik abestea. Gure arteko harremanak sendotzen ditu, eta herrialdea ezagutzeko aukera ematen du».
Ekitaldiz betetako urtea
Oroith abesbatzak martxoaren 23an eman zuen 40. urteurrena ospatzeko lehenengo kontzertua, Legorretan, eta bihar egingo du kontzertu nagusia, Ordiziako parrokian, 20:30ean. Abesbatzako 50 koralista ohi izango dira, eta Tolosako Hodeiertz abesbatza eta Amets Bide dantza taldea izango dituzte oholtzan lagun.

Abesbatzaren azken berrogei urteetan ateratako argazkiak ere proiektatuko dituzte, eta, segidan, afaria eta festa egingo dituzte. Maiatzaren 10ean, Castro Urdialesen (Espainia) izango dira, eta maiatzaren 17an, Idiazabalgo Gazta Kofradiaren kapituluan parte hartuko dute.
Ekainaren 7an, Ordiziako Plaza Nagusiak ehun urte beteko ditu, eta han izango dira abesbatzako kideak, ikasturte amaierako kontzertua ematen. Pragara joango dira gero, uztailaren 12tik 16ra bitartean. Irailaren 14an ekingo diote hurrengo ikasturteari, Ordiziako Euskal Jaietan Lau haizetara musikala eginda. Urteurren ospakizuna amaitzeko, Ordiziako Barroko Aire ekitaldian parte hartuko dute, azaroan.