Bizitza

Bizitza

Urteak betetzen ditudan bakoitzean hausnartze-bolada bat etortzen zait, bizimoduaren birpasa bat, bizi dudan momentua sakonago aztertzekoa. Gura barik izaten da, gainera. Hilaren hasieran izan dut gogoeta, urteak egin berri ditut eta. Aurten bururatu zait ea nolakoa nintzatekeen beste familia eta inguru baten hazi izan banintz, gene berberekin, gorputz honekin beste nor edo nork hazi izan banindu. Nahiko nuke jakin, horratio!

Desberdina nintzatekeela argi daukat. Umearen zentzuna, etxean entzuna. Nerabezaroan gurasoek irakatsitakoaren kontrakoa egiten ahalegintzen bagara ere. Horren kontzientzia hartzen dugu gurasoek edota aitita-amamek errepikatzen zizkiguten esaldiak ―askotan gorrotatzen genituenak― gure ahotik entzuten ditugunean. Lagun batek esan zion seme-alaba txikiek izozkia erosteko baimena eskatu ziotenean: «Baina izotzik ez»; polorik ezetz, alegia. Guri geuri debekatzen ziguten bera, hitz berberekin. Orduan konturatu nintzen gure guraso bihurtuta geundela. 

Gurasoena errepikatuko dugu, ziur, kontu askotan. Baina badago sasoi bat, non gure gurasoen guraso bihurtzen garen, eta esaldi horietako asko errepikatzen dizkiegun haiei: «Ama, ez jata gustatzen bape eztul hori». Helduaroaren albo ondorioak dira horiek, zahartzaroak eragindako ajeek sortzen dituztenak. 

Zahartzaroa ez delako polita, batez ere gaixotasun fisiko eta mentalak badaude, eta uste baino gehiago dira gaitz horiek. Itziar Ituñok zahardadearen defentsa egin zuen, polita dena esanda, baina… Baina larregi daude biziaro horretan, zoritxarrez.

Zer egingo dugu zaharrekin? Zer egingo duzue gurekin luzaroan bizi bagara? Gaur eguneko formulek ez dute balio. Aldundiak ematen du diru laguntza dependenteek zaintzaileak kontrata ditzaten. Merkeagoa da diru hori ematea eguneko zentro edota zaharren egoitza gehiago egitea baino

Azken asteburuan Alberto Martinez Osasun sailburuak adierazi du 2040an EAEko biztanleak sei urte gehiago biziko direla/garela; hau da, bizi itxaropena luzatuko dela. Adierazpen horiei gehitu zien gaur eguneko gure bizi ohiturek %50eko garrantzia dutela, genetikak eta abarrak batuta adinakoa. Bizitzeko erak, zalantza barik, eragina du gure osasunean, baina zelan saihestu narriadura kognitiboa, esate baterako? Eta ez dihardut soilik alzheimerraz; beste hainbat patologia daude zahar osasuntsuek sufritzen dituztenak. Nola ekidin gorputzaren hondatzea? Hezurretako artrosiak? Lanak eragindako kalte muskuloeskeletikoak? Estresak lagatako kalteak? Pobreziak sortutakoak? Nola? Bizitza luzatzen bazaigu, ondorio horiek ere handituko dira.

Eta zer egingo dugu zaharrekin? Zer egingo duzue gurekin luzaroan bizi bagara? Gaur eguneko formulek ez dute balio. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen du diru laguntza dependenteek zaintzaileak kontrata ditzaten. Ia beti emakume migratzaileak, askotan esplotatuak. Beraz, pertsona dependente horren familiak bere gain gartu behar du eginkizun hori, eta PYME (enpresa txiki eta ertain) bihurtu. Izan ere, diputazioarendako merkeagoa da diru hori ematea eguneko zentro edota zaharren egoitza gehiago egitea baino. 

Bitartean, gure semea/alaba bihurtu zaigun ama/aita ez da guk ezagututakoa, polorik ez jateko esaten ziguna, Lorcaren poemak errezitatzen zituena, buru-kalkuluan bikaina zena, polito marrazten zuena…; ez dago, beste bat da. 

Urtebetetzeko hausnarketa gehi zahartzaroaren alderdirik gaitzena gurutzatzen diren lekuan gaude asko, gertuko aberrian. Kantuari jaramon egin eta ez dezagun larregi pentsatu, bizitza hau bakarra delako.