San Juan baleontzia Ternuan (Kanada) hondoratu zen, 1565. urtean, Pasaian eraiki eta urte gutxira. 28 metroko itsasontzi hura Pasaian dago berriro, baina oraingoan erreplika bat da. Albaola Itsas Faktoriak bere gain hartu zuen San Juan baleontzia berriz ere eraikitzeko proiektua, XVI. mendean egin zen itsasontziaren material eta estrukturak errespetatuz. Gutxinaka osatzen ari dira, eta Xabier Agote Pasaiako Albaolako zuzendariak adierazi du urte bukaeran ur gainean jartzeko asmoa dutela, ordurako zubia eta kroskoa amaituta izango dituztelakoan. Baina, azken asteetan, xukaponpa izan da protagonista —itsasontzian sartzen den ura kanporatzeko erabiltzen den makina, alegia—, hori ere eraikitzen ari baitira.
Gaur egun, itsasontziek ponpa elektrikoak erabiltzen dituzte, baina ez dute halakorik erabiliko San Juan ontziaren erreplikan. «Baditugu garaiko irudi batzuk, eta haietan agertzen dira nolakoak ziren xukaponpak. Halakoei erreparatuz ari gara lanean», esan du Agotek. «Mundu mailan itsasontzi originalarekin ezaugarri guztietan bat egiten duen erreplika bakarra da Albaolan egiten ari garena». Makinaren oinarria zazpi metroko egurrezko hodi bat da, eta hamabi zentimetroko diametroa duen zulo bat dauka; hori ari dira egiten. «Itsasontziko zubitik behera jaisten den hodia da, bertikalki doana. San Juan itsasontziaren arrastoak aurkitu zituztenean, xukaponparen beheko zatia lehorreratzea lortu zuten, beheko ponpa eta pistoiarekin batera. Hori erreplikatzen ari gara».
«’San Juan’ itsasontzia berreskuratu zutenean, xukaponparen beheko zatia lehorreratzea lortu zuten, beheko ponpa eta pistoiarekin batera. Orain, hori erreplikatzen ari gara»
XABIER AGOTE Pasaiako Albaolako zuzendaria
Prozesu «esperimental» bat da, Agoteren hitzetan. «Arkeologoek zati hori aurkitu zuten, baina orain nola egiten den asmatu behar dugu. Ez da erraza zazpi metroko enbor bat zulatzea». Pagoa aukeratu dute xukaponpa egiteko, Frantziako Pirinioetatik ekarritakoa. «Hasieran, Oiartzunen zeuden pago batzuk aukeratu genituen, ederrak direlako guk egin nahi dugun lanerako, baina oso zaila zen zuhaitz mota horiek basotik ateratzea; beraz, ezin izan genuen hori egin».
Lan «asko» aurretik
Baleontzia jendaurrean ari dira eraikitzen, Pasaiako faktoria bisitatzen dutenen aurrean. «Horrela egiten dugu lan, jendearen aurrean. Gainera, gure lantaldea boluntarioz osatuta dago; nahi duena etor daiteke laguntzera. Orain, itsasontziaren kroskoa amaitzear gaudela, boluntario gisa etortzera animatzen dut jendea». Egurra ez ezik, itsasontzia eraikitzeko erabilitako burdinazko materialak faktoriako sutegian egiten dituzte, hala nola bernoak, iltzeak eta barautsak. «Uretara mugitzen dugunean ikusiko dugu nola flotatzen duen. Hala ere, lan asko dago egiteko oraindik: masta, bergak, belak…».
Baleontzi originala hondoratu zen lekura erreplikarekin iristea da proiektuaren helburua. Horretarako, itsasontziaz gain, beste gauza batzuk prestatu beharko dituzte. «Txalupak eramango ditugu, aingurak ere guk egingo ditugu, soka asko behar dugu, eta marinelen janzkerak ere erreplikatu behar ditugu. Azken hori egiteko Madrilgo jantzien museoarekin jarri gara harremanetan, garai hartako arropak nolakoak ziren ikertzeko».