Azken 50 urteetan, herritar asko pasatu da Errenteriako Xenpelar tailerretatik. 1973. urtean hasi ziren han lanean, arte plastikoak irakasten. Harrezkeroztik, milaka istorio sortu dira pintzel eta mihise artean, herriko hainbat eraikin eta kaletan. Hain zuzen ere, istorio horiek berreskuratzeko asmoz, proiektu bat abiatu zuten iaz Xenpelar tailerretan, 50. urteurrena ospatzeko: 23 lagun bildu, eta argazkiak atera zizkieten duela 120 urteko kamera batekin, David Hornback argazkilariaren 3 minutu proiektua oinarri hartuta. Kamera horrek hiru minutu behar ditu argazkia ateratzeko, eta protagonistek tarte horretan makinaren aurrean egindako hausnarketak ere grabatu zituzten. Orain, argazkiak eta audioak dakartzan erakusketa bat zabaldu berri dute Xenpelar Etxean eta Foru plazan —3 minutu, bizitza bat. Xenpelar tailerrak 50 urte eta gehiago—. Apirilaren 26ra bitartean egongo da ikusgai.
Errenteriako Udalak Hornbacken lana aurkeztu zien Xenpelar tailerreko kideei, eta Hornback bera han izan zen iazko maiatzean. Los Angelesen (AEB) jaio zen Hornback, eta mundu osoan aritu da argazkilari. 1989. urtean, San Jose Mercury News hedabideko langile zela, Pulitzer saria jaso zuen. Bilbon bizi da orain, eta hainbat ekinbidetara zabaldu du kamera zaharrarekin sortutako 3 minutu proiektua.

«23 lagun aukeratu genituen, tailerrarekin nolabaiteko harremana izan dutenak, eta euren bizipenez galdetu genien», esan du Arantxa Vega Xenpelar tailerretako koordinatzaileak. Irakasleak eta ikasleak zeuden hautatuen artean. «Hau da Hornbacken proiektuaren funtsa: kamerak argazkia ateratzeko behar duen denbora gogoeta egiteko baliatzen dute protagonistek, buruan dituzten oroitzapenak pizteko eta ondoren egiten den grabaketa prestatzeko».
Argazkiak, hausnartzeko
Vegak dio gaur egungo sakelakoetako kamerek kalitate handiko argazkiak atera ditzaketela, eta azkar, gainera. «Baina Hornbackek jolas bat egiten du». Izan ere, orain 120 urteko kamera batek ez ditu argazki «perfektuak» ateratzen, baina hausnarketarako balio dute. «Batzuek esaten dute kamera horrek lauso ateratzen dituela argazkiak, baina oso zaila da pertsona bat hiru minutuz geldi-geldi egotea. Gainera, helburua ez da argazkia perfektua izatea, hiru minutu horiek gogoetarako erabiltzea baizik».
Erakusketaren lagin bat Foru plazan jarri dute ikusgai. Vegari iruditzen zaio argazkiak kalean jartzea berezia dela. «Normalki, areto batera joango ez litzatekeen jendea pasatzen da, eta QR kodeak irakurtzen dituzte sakelakoekin. Gainera, Xenpelar tailerrak Foru plazan hasi ziren; beraz, leku egokia da». Kaleko erretratuez gain, beste hainbat argazki jarri dituzte Xenpelar Etxean, erakusketaren beste zatia osatzeko.