«Buruan daukat espedizioak-eta alde batera uztea; ezingo naiz beti horretan aritu»

Mendietxe museoan hartu du kazetaria Alex Txikon mendizaleak (Lemoa, Bizkaia, 1981), Azpeitian. Galdera eta galdera artean, hainbatetan jo dio telefonoak; batez ere, museoa handitzeko obretatik iritsi zaizkio deiak. Galdera eta galdera artean, Correoseko banatzailea ere sartu da museora, eta mendizaleak ezin izan du itxaron: elkarrizketa gelditu, eta hark eman dion paketea ireki du. «Australiatik iritsi da; piolet bat da, eta horrelako hiru baino ez daude munduan», esan du, pozarren. XVIII. mendearen bukaerakoa da, Ingalaterran egina, eta, pioleta askatu gabe, elkarrizketan sartu da berriz ere. «Museoan daukagun bigarren piolet onena da». 

Txikitan pentsatzen al zenuen goi mendizale izango zinenik?

Ez. Bizitzak eraman nau horretara. Batzuek esaten dute txikitatik argi zutela zer izan nahi zuten, baina horrelako gauzekin mesfidatia naiz ni. Txikitan, egiten duzunarekin gustura bizi zara; gaur esku pilotan, bihar futbolean, etzi bizikletan eta etzidamu hondartzan jolasean. Dena den, 1994an, 12 urte nituela, K2 mendia agertzen zen ikus-entzunezko bat ikusi nuen, eta zera pentsatu nuen: «Egunen batean mendi horren azpian egon nahi dut, baina ez goian». 

Nondik datorkizu mendizaletasuna?

Batez ere, Lemoako Ganzabal mendi taldeari zor diot hori, eta hango boluntarioei; meritu latza dute. Herri askotan bezala, lan izugarria egiten du talde horrek. Euskal Mendi Federazioko presidente izan zen Antxon Bandresi ere asko zor diogu, gure mendizaletasunaren historiaren parte diren beste hainbat laguni bezalaxe. 

Gogoan duzunaren arabera, noiz igo zinen lehen aldiz mendira? Nora igo zinen?

3 urte nituela Gorbeiara igo nintzen, anaia batekin eta arreba batekin. Areatzara joan ginen autobusez edo kotxez, eta handik igo ginen. Orduko oroitzapenak badauzkat. 

Garaiera handiko lehen mendia zein izan zen?

Alpeetara-eta joana nintzen, baina lehen espedizioa Xabier Ormazabalekin, Jon Marotorekin eta Iñaki Alvarezekin batera egin nuen, 2001ean: Pamir mendikatera [Asia] joan ginen, eta Komunismo [7.495 metro] igo genuen. 

Zer oroitzapen dituzu?

Oso onak. Ormazabal eta Maroto hil ziren… Udan egin genuen espedizioa, eta ederra izan zen. Anekdota bat badut gogoan: taxi gidari batek nongoak ginen galdetu zigun, euskaldunak ginela esan genion, eta Dolores Ibarruri La Pasionaria aipatu zigun. Segidan, Las Ketchup taldearen Asereje kanta jarri zuen, gertutasuna erakusteko edo… 

«Egunez egun hobekuntza ikusteak ematen dit niri zoriontasuna; ikasketa prozesua oso polita izaten da»

Harrezkero, etxean baino denbora gehiago igaroko zenuen mendian, agian.

Bai. Izan dira etxetik kanpo zazpi hilabete baino gehiago pasatu ditudan urteak. Eta, orain ere, batzuetan etxetik atera eta ez dut jakiten noiz bueltatuko naizen. Inprobisazioa, hori da gure jolasa. Dena den, proiektuak gauzatzeko aldez aurretik lan asko egin behar da. Dena inprobisazioaren esku utziz gero, mendizaletasunak ez luke izango etorkizunik. 

Mendiak babesa eman al dizu?

Babesa eman baino gehiago, eroso sentitzen naiz mendian. Jartzen dituzu albistegiak, eta izugarriak entzuten dira: adin txikiko batzuek hezitzaile bat hil dutela, zenbat hilketa eta bortxaketa izaten diren, Gazan zer gertatzen ari den… Zertan ari gara? Bihotza erdibitu egiten zait. Sorgorrak bilakatu gara, baina nik sufritu egiten dut. Euskal Herrian eskubideak bakarrik ditugula dirudi; ez dugu hartzen konpromisorik ezertarako. Zorionez, bada bestelako jendea ere, baina kontatutakoak dira horiek. Ni ahalegintzen naiz besteei ere ematen. Denok emango bagenu pixka bat, bestelakoa litzateke kontua. Gero eta gutxiago gustatzen zait ikusten dudana. Askotan pentsatzen dut ezer ez dudala jakin nahi eta Afrikara-edo alde egin behar dudala.

Han ere izango da eragingo dizun zerbait…

Ziur baietz. Oso eskasa da ikusten dudana. Ikusten duzu zer maila politiko dagoen, eta… Txiste hutsa da guztia. Mendian ere gauza zatar asko daude, baina gehiena positiboa da. Gizarteari begiratuta ezin dut gauza bera esan; ez naiz batere baikorra alde horretatik. Uste baino pertsona maltzur gehiago dago, eta historiak ere hori horrela dela erakusten du. Balio duten bakarrak poltsikoan eragiten duten gauzak dira. 

Mendia deskonektatzeko baliatzen al duzu, beraz?

Ez. Mendian eskalatzen ari naizenean, adibidez, une oro hurrengo mugimenduan aritzen naiz pentsatzen: nola orekatu gorputza, nola eman hurrengo pausoa… Baina korrika edo beste kirolen bat egiten ari banaiz, beste mila kontutan pentsatzen dut. Mendian, bizi dudan horretan soilik izaten dut burua.

Alex Txikon, Lhotse mendia atzean duela, iaz. ALEX TXIKON.
Alex Txikonek dio 2013an hasi zela mendian serio ibiltzen. Argazkian, Himalaian ageri da, Lhotse zortzimilako mendia atzean duela. Txikon askotan joan da Himalaiara. Hamalau zortzimilakoetatik 11 ditu eginak; horietatik bi, bi aldiz. HITZA

 

Bizitzan zehar, zer moduz konpondu zara mendiarekin?

 

Ondo, baina lagunak galdu ditudanean eta… Une horietan, mendiarekin deskonektatu egin izan dut. Orain Mendietxen nabil lanean, eta esfortzu berezia egin behar izaten dut eskalatzera joateko. Gustatzen zait mendira joatea, baina ondo ibiltzea ere bai, eta Mendietxeren proiektua gauzatzen, borrarekin, rotaflexarekin eta palarekin, ez dago entrenatzerik. Gauza bat edo bestea egiten duzu. 

Mendia frustragarria ere ba al da batzuetan?

Ez da frustragarria mendi bat ez igotzea; halakoetan azaleratzen dena oso interesgarria da. Hanka sartutakoan ikasten da, edo dena ondo egiten ez denean. Egunez egun hobekuntza ikusteak ematen dit niri zoriontasuna; ikasketa prozesua oso polita izaten da. Ondorioz, tontor bat gutxienekoa da. Orain, adibidez, Mendietxerekin nabil buru-belarri, baina gauza pila bat nahi ditut egin. Dena den, 43 urte ditut, eta denbora eta osasuna urrea dira. 

Zenbat urte dira mendizaletasunari serio heldu zeniola?

2013an hasi nintzen. Aukerak izan nituen lehenago hasteko, 2005ean edo, baina ez nuen nahi izan. Garaia iristea nahi nuen, ni aurreratu gabe. 

Zergatik eman zenuen pausoa?

Maila banuela sentitzen nuelako, eta pausoa ematea behar nuelako. Gerora akordatu izan naiz 2005etik 2013ra nolabait galdu nituen urte haiekin. Izan ere, denbora ez da berriro bueltan etortzen. Hori da okerrena.

Mendizalea bai, herri kirolaria ere bai…

Urte askoan aritu naiz herri kiroletan, oso gustura. Aurten hasiko naiz berriro entrenatzen. Kontua da nahi dudala herri kiroletan aritu, mendira joan… Eta horrela ez dago txapelketetan aritzerik; mundu serioa da herri kirolena, eta serio hartzea eskatzen du. Dena den, goi mendia utzitakoan herri kiroletara bueltatzeko asmoa daukat. 

Noiz?

Buruan daukat espedizioak-eta alde batera uztea. Beti gauza bera egiten ere ezingo dugu jardun. 

Eperik ba al duzu buruan?

Mendia ez dut inoiz utziko, baina goi mendiak, bai.

Luze gabe?

Bai. Urte asko daramatzat gauza bera egiten, eta nik ez dut neure burua ikusten 80 urterekin mendian. Garai bakoitzak du ezaugarri bat, eta, gaur-gaurkoz, gozatzeko ez daukat 6.000 metrora joan beharrik. Mendirako sena daukat, eta modu berean gozatzen dut Euskal Herrian eskalatzen.

Goi mendiak lagatzerako, igo nahi al zenuke mendi jakinen batera?

Denbora librea edukitzea, hori da nahi dudan gauza bakarra. Gustatuko litzaidake Antartikan hibernatzea, penintsula antartikoan negu oso bat igarotzea. Igoko nuke berriz ere Nanga Parbat, baita K2 ere. Baina horrela hasten banaiz, ez dut inoiz bukatuko. Zortea dut; izan ere, besteak ikusiz ere gozatu egiten dut.

«Mendian suarekin jolasten gara, eta, horretan ari garenean, bizitza uzteko kapaz gara»

Familia ere badaukazu. Nola uztartzen duzu dena?

Ume txikiekin erraza da, dena ulertzen dute eta. Dena den, urteak aurrera joan ahala, zailtzen hasten da kontua. Begira, laguna dut 1996an hil zen Manu Badiolaren semea, Amets. Hark 7 urte zituen aita hil zitzaionean, eta zer pentsatua eman izan dit horrek; harekin azkeneko aldiz egon nintzenean, hark esandakoek eragin egin zidaten, ume batentzat gurasoen rola zeinen garrantzitsua den azaldu zidalako. Pixkanaka-pixkanaka mendia uzteko erabakia hartzeko arrazoietako bat izan da hori ere: gero eta hobeto nago fisikoki, eta, ondorioz, gero eta gauza zailagoak edo konplexuagoak egin nahi ditut, baina ez dut jolas horretan sartu nahi, suarekin jolastea delako, eta suarekin jolastuta kiskali egin gaitezkeelako. Mendian suarekin jolasten gara, eta, horretan ari garenean, bizitza uzteko kapaz gara, nahiz eta jakin bidean zer utzi dugun.

Azken urteetan Azpeitian bizi zara. Zer moduz?

Gauza askoz konturatu naiz Azpeitian bizi naizenetik. Ez dakit izaeragatik edo mesfidantzagatik den, baina Bizkaian irekiagoak gara; Azpeitian itxia da jendea, kuadrillaka funtzionatzen da erabat. Ez naiz herrira moldatu, eta uste dut ez naizela inoiz moldatuko. Dena den, baditu gauza ederrak ere; euskal hiztuna baldin bazara, erabat euskaraz bizitzeko aukera daukazu. Bestalde, uste dut Mendietxe museoa kokatzeko leku aproposa dela Azpeitia. 

Etxe ondoan zabaldu duzu Mendietxe. Zure lehen etxea al da?

Bai. Etxera joatean, museoko giltzarekin hasten naiz atea zabaltzen… Mendietxe beste pauso bat da gure ibilbidean; lagun askoren lanari esker egin dugu, eta ni boluntario bat naiz, beste bat. Eragile pila batek lagundu digute bidean, eta eskertuta gaude oso. Euskal Herriko eta Espainiako mendi museo bakarra da Azpeitikoa, eta eskualdearentzat proiektu garrantzitsua delakoan gaude. Azaroaren 4tik aurrera 3.000 bisitari izan dira museoan. Horrek herrian eta inguruan duen inpaktua ere kontuan hartu behar da. Dena dela, instituzioetatik ez dugu euro bakar bat ere jaso gaurdaino; ea gauzak bideratzen ditugun. 

motzean

Mendi bat? Gorbeia.

Espedizio bat? Antartikara.

Espedizio kide bat? Txapal xerpa.

Mendira joateko beharrezkoa da… Piolet bat.

Mendizale bat? Denak; bakoitzaren ekarpenarekin gelditzen naiz.

Mendietxeko erlikia bat? Asko daude.

Zer eman dizu mendiak? Konpromisoa, enpatia, errespetua, askatasuna… Dena zor diot mendiari.

Eta zer kendu? Lagunak, denbora eta juergak.

Oinak bai, baina burua ere bai? Zentzuzko gauzak egin izan ditut.